Lanean segitzeko deia, euskaltzain urgazle eta ohorezko barriei
2018-11-27 08:05 Euskerea berbagaiDiplomea eta Akademiaren ikurra jaso ditue 2015 eta 2018 artean izentautakoek.
2015 eta 2018. urteen artean euskaltzain urgazle edo euskaltzain ohorezko izentau dituen personak batu dira Donostian, eta Euskaltzaindiak diplomea eta Akademiaren ikurra emon deutse. 16 ohorezko eta 24 urgazle egon dira deituta, eta gehienak hurreratu dira Luis Villasante ikergunean egindako ekitaldira.
Andres Urrutia euskaltzainburuak gidatu dau saioa. Lehenik eta behin, ohorezko euskaltzain barriei egin deutse berba: Askotarikoak dira zuen eginak, berbetan nahiz ekintzetan, euskalgintzearen esparruan. Horreek eskertu nahi ditu Euskaltzaindiak ekitaldi honetan eta, bide batez, zuen presentzia baliatu zor jatzuen ohorezko izate hori nabarmentzeko eta azpimarratzeko gizartearen aurrean.
Ondoren, urgazle barriei lanean segitzeko deia egin deutse Urrutiak: Uste dogu Euskaltzaindiak bere ateak edegi behar deutsezala euskerearen arloan egunotan bizien dabizan sektoreei. Hor zabize zuek be, andrazko zein gizonezko, literaturan, kazetaritzan, zientzian, administrazinoan, irakaskuntzan, ikerketan eta bestelakoetan. Hortxe eta Akademian be nahi zaitue Euskaltzaindiak, euskera eguneratu baten eskakizun eta preminei erantzun egokia emonaz.
Honeek dira diplomea jaso daben euskaltzain urgazleak: Jon Aizpurua, Irene Arrarats, Rikardo Arregi, Ainhoa Arregi, Asier Bidart, Agurtzane Elordui, Roberto González de Viñaspre, Karmele Jaio, Maite Lakar, Gotzon Lobera, Céline Mounole, Xabier Peritz Euzkitze, Patxi Petrirena, Patxi Salaberri, Allande Socarros, Luis Mari Zaldua, Josu Pikabea, Andres Alberdi, Amaia Apalauza, Xabier Erize, Iñaki Martinez de Luna, Rosa Ramos, Castillo Suárez eta Blanca Urgell.
Euskaltzain ohorezkoak, ostera, honeek dira: Jose Antonio Aduriz, Martzel Andrinua, Txaro Arteaga, Maria Jose Azurmendi, Miren Jone Azurza, Henri Duhau-Lafourkade, Izaskun Gastesi, Abel Muniategi, Jose Mari Rementeria, Julen Urkiza, Arantxa Urretabizkaia, Pello Zabala, Auxtin Zamora, Txomin Solabarrieta, Sabin Salaberri eta Manex Pagola.
Azken hori, Manex Pagola, bagilean hil zan, Euskaltzaindiaren izendapena jaso eta gitxira. Hori dala eta, aurrerago egingo dan ekitaldi berezi baten emongo deutsie diplomea haren senideei.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!