Saats Karasatorrek irabazi dau VIII. Izeta Sariketea
2018-11-26 09:19 BertsolaritzeaSei bertsolarik hartu dabe parte Elizondoko finalean.
Barikuan jokatu zan VIII. Mariano Izeta Bertso Sariketako finala, Elizondoko Arizkunenean. 80 entzule inguru batu ziran. Bertsolariek hainbat ariketa egin behar izan zituen: Zortziko handiak eta txikiak, koplak, puntua emonda eta bakarka. Azkenean, Saats Karasatorrek irabazi eban. Mariano Izeta zanaren alaba Ines Izetak jantzi eutsan txapela.
Epaimahaiaren arabera, sailkapena holan geratu zan: Saats Karasatorre (246 puntu), Josu Sanjurjo (242,5), Mikel Lasarte (242), Sarai Robles (231,5), Irati Majuelo (214,5) eta Amaia Elizagoien (211). Bertsorik onenaren saria Mikel Lasarteri emon eutsien.
Epaimahaian Joseba Beltza, Estitxu Arozena eta Julen Zelaieta izan ziran. Gai-jartzaile Maialen Belarra ibili zan.
Mariano Izetaren (1915-2001) omenez antolatzen da lehiaketa hau, kultura herrikoiaren eta bertsolaritzearen alde egin eban lana gogoratzeko. Nafarroako Bertsozale Alkartea, Baztango Udala eta Baztango Bertso Eskolea dira antolatzaileak.
Aurtengo edizinoan, kanporaketa bi jokatu dira, Irurtzunen eta Lizarran. Saio bakotxetik hiru bertsolari sailkatu dira Elizondoko finalerako. Berez, Xabat Illarregi zan sailkatuetako bat, baina ezin izan zan Elizondon egon, eta Irati Majuelok hartu eban haren lekua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!