Iratxe Fresneda: 'Artelana da 'Lurralde hotzak'
2018-11-26 08:10 BarriketanZinemagilea.
Lars Von Trier zuzendariaren lanetako emakumezkoen estereotipoetan aditua, ikus-entzunezkoetan doktorea da eta irakaslea UPV/EHUn.
Iratxe Fresnedaren (Bilbo, 1974) ez-fikzinozko lehen film luzea da Lurralde hotzak eta horixe aurkeztu dau egunotan izandako Gijoneko 56. Nazinoarteko Zinemaldian, Llendes atalean, fikzinoaren eta ez fikzinoaren arteko muga argirik ez daben istorioentzako atalean.
Zinemagintzan, Irrintziaren Oihartzunak (2016) lehenengo filmaren ondoren, zinemagintzearen erregistroaren trilogian dabil lanean: Irrintziaren Oihartzunak (2016) Lurralde Hotzak (2018) eta Tetuán, Tittawin, Begiak (2020).
Maider Oleaga, Iratxe Fresneda eta Maider Fernández Iriarte dira Gijonen filmak estreinau dituen zinemagileak. Danetara, 180 film eta mundu mailako 30 estreinaldi.
1.- Oraintsu Gijonen egon zara eta Lurralde hotzak filma aurkeztu eta estreinau dozu. Zelako harrerea egin deutsue ikusleek?
Upealakoa. Oso pozik geratu dira espezialistak zein partikularrak. Kritiko eta kazetarien berbak dira: artelana, maisulana... Publiko ugari hurreratu da eta sano pozik nago. Pare bat masterclass emon dodaz Oviedon filmaren sortze prozesuaz eta hor igarten da jentearen interesa, izan be, makinatxu bat galdera egin deustiez.
2.- Emakume baten bakarkako bidaia da aurkeztu dozuna, roadmoviea, bidaia personala. Zer gehiago da Lurralde hotzak?
Barru-barrutik hasten dan bidaia personala eta irudiaren gaineko hausnarketea be bada, gaur egun inguratzen gaituan absolutismoaren ingurukoa. Gure inguruko irudi asko benetako gehiegikeriak dira eta guk geuk be ez deutsegu horreei biziten ixten. Horrezaz aparte, irudi ikustezinak, altxorrak, artxibo irudiak, zinemagile ezezagunen erreferentziak, horreek danak dira filmearen osogarri.
3.- Ia-ia bakarka egindako filma da eta zuk zeuk be erabili dozu kamerea. Zelako esperientzia izan da?
Gogorra baina ederra. Lan gehiegi egon da egiteko baina norberak gauza asko eginda, gustora geratu ezkero, ederra da hori. Erantzuna be handiagoa izaten da.
Esperimentazinorako astia be izan dot, neuk eroan dot kamerea, sarritan bakarrik, laguntzino barik eta ez da bromea kamerea eta soinua, dana batera lantzea eta txukun ixtea. Gidoiak idazten be egin dot nire ekarpentxua, itzultzen, ahotsak sartzen. Prozesu teknikoa be ez ahaztu, gurea talde-lana dalako: Raul Lopez, Txelu Medina, Jaione Etxebarria eta profesional gehiago be bai.
4.- Trilogia baten bigarren partea da orain zabaltzen zabizena (Lurralde Hotzak) baina 2016ko Irrintziaren Oihartzunak be ez dogu ahaztuko; eta ezustekorik ezean, Tetuán, Tittawin, Begiak (2020) etorriko da urte bi barru. Filmeen arteko loturarik? Oro har zer kontau gura dozu?
Jakina. Erregistroaren inguruko trilogia da, zeozelan adierazoteko zer erregistretan dogun, zer ikusarazoko dogun eta zer ostenduko dogun. Loturea dago memoriagaz, memoriaren eraikuntzea, artxiboen erreskatea, baita gure begiratzeko moduakaz.
Irrintziaren Oihartzunak filmagaz oso pozik geratu nintzan eta oraindino hor dabil, hara eta hona eta hori seinalde ona da. Filmak Mirentxu Loyarte zinemagile nafarrari autorpena egiten deutso. Orain filmoteka eta enparauetan hasiko da birea eta horrek guztiak indarra emon eustan aurrera egiteko. Ganera, badakizu ondoko zinemaldietan hautatua izan da: 64 Donostia Zinemaldian, Nanteseko 27. Espainiako Zinemaldian, 48 Nyon Doc Outlook International Market Nazinoarteko Zinemaldian, Bartzelonako 25 Mostra Internacional Films de Dones Zinemaldian, 5 Sao Pauloko Move Cinema Arte Nazinoarteko jaialdian edo Bilboko IX. Zinema Ikusezina jaialdian (euskerazko film onenaren saria).
Holako bizipenak bizita pozarren sentiduten zara eta aurrekusitako helburuak zeozelan bete dirala sentiduten dozu.
5.- Tetuán, Tittawin, Begiak izenburuko horrezaz zeozer aurreratzerik?
Oso ezbardina izango da, istorio personala, hurrekoa eta sensibilidade handikoa; horrezaz gan, gaur egunean jazoten diran gauzakaz lotutako gai bi txertatzea da asmoa.
Ganerakoan, trilogiako hirurak balantzan jarrita ezbardinak izan arren, badago zeozelako loturea, izan be, erregistroaren gaia dago sakonean, memoria, gure begiratzeko modua.
6.- Fresnedaren filmaren babesle dira, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundia, Otxoa de Barandika Fundazioa eta Azkue Fundazioa; baita ondokoen lankidetzea be: Euskal Museoa, UPV/EHU, Zarauzko Photomuseum, Loarreko gaztelua, Xabier Iriondo, Bego Vicario, Zentropa, Brandts Museum, Forstadsmuseet eta Euskoiker Fundazinoa. Horreek barik zer?
Gauza gitxi. Aitatu dozuzan horreek danek sinistu egin dabe nigan eta bidaide, konplize izan dira, batez be, Bizkaiko Foru Aldundia. Ganerakoak be ahaztu ez eta nabarmendu egingo neukez bat egin dabelako nigaz. Ganera, Eskandinabiako Museoaren ekarpena be garrantzitsua izan da, hango artxiboa, irudiak oso erraz jaso dodaz eta horrenbeste erraztasun ez da normala izaten.
7.- Zinemearen munduan, emakume zein gizonezkoetan, zeintzuk dira zure izarrak?
Gatxa da izenak aitatzea, batuzk miretsi egiten ditut baina gurago dot isilpean gorde, ez naz bape mitozalea. Ganera, aktoreakaz susto bat baino gehiago hartzen dozu, esan gura dot pelikula batean lan ederra egiten dauela pentsau eta hurrengoan ez jatzu bape gustetan. Baten baino gehiagotan pasau jataz holakoak.
8.- Gaur egun dana da zirkua, esperimentazinoa, buztarketea. Horrek salbauko ete dau zinemea? Ala osasuntsu ikusten dozu zinemea?
Zinemea esperimentazino horri esker bada zinemea. Esperimentazinorik barik zinemea ez litzateke exisitiduko. Ganera, film komertzialetan be, egun normaltzat hartzen doguzan formak eta kontetako moduak esperimentalak izan ziran baina gaur egun gure begiradea ohitu egin da eta normaltzat hartzen doguz. Zinemea osasuntsu ikusten dot eta zirkua beste arte adierazpidetzat hartzen dot, merezimendu handia dauena.
9.- Egun Ikerfesteko kidea zara. Zer da Ikerfest?
Mapeo bat egiten gabiz Euskal Herriko eta euskeraz egiten diran zinemaldien ingurukoa. Amaierea laster izango da eta orduan emon ahal izango dogu datu gehiago. Lan txikia eta eskerbakoa baina amaitzen dogunean sano erabilgarria izatea espero dot.
10.- Irakaslea be bazaitugu EHUn. Ze jarrera ikusten dozu gazteen artean, badago interesik?
Bai. Baina zinemazaletasuna baino gehiago telebistako telesailakaz dagoz endredauta, pieza txikiak maite ditue, youtuber dira asko eta asko.
11.- Atzera egin eta irratiko kontuak gogoratuko doguz. Gidoigile lanak be egin izan dozuz Euskadi Irratian. Bolada hori zelan gogoratzen dozu?
Nire formakuntzearen oinarria izan da sasoi hori, sekula ez dot horrenbeste ikasi. Irratian gauza asko egin behar izaten dira, baita bakarka be eta esperientzia hori oso ona da norbera autonomo izateko eta lana aurrera eroateko. Egitura mentala eta profesionala aberasten dozuz, soinuaren eta idazketearen aldetik be lan asko egin behar izaten da, kulturea jasoten dozu, holako eskolarik ez dago.
12.- Gurean Errementari, Handia zein Oreina nabarmendu dira, baita gure mugetatik kanpo be. Badago nondik jo?
Duda barik. Harrobia badago Euskal Herrian, badago indarra, ilusinoa eta pasinoa, profesional asko gagoz beharrean; baina gauza batzuk falta dira, berbarako, azpiegitura sendoa; hor gabiz beharrean, besterik ez dago
13.- Zein da azkenaldion ikusi dozuzan pelikulen artean, onena?
Duda barik, Pawell Pawlikowskiren Coldwar. Oscar saria irabazita dauka Pawlikowskik eta hori zeozelako bermea da. Zuri-baltzean, giro lasaia, magia dakar nahiz eta gaia gogorra izan; gerra giro gorabeheratsuan ezinezko maitasuna da nagusi, Zula eta Wiktorren arteko istorioa. Jatorri ezbardinekoak dira eta gorabeherak tarteko, alkarregaz egoteko hautua egiten dabe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!