'Euskaraldiaren indarra'
2018-11-23 08:57 Euskerea berbagaiPatxi Saez soziolinguisteak gogoetea idatzi dau Euskaraldiaren inguruan.
Ume koskorretan, 7-8 urtegaz, itsaso handiagaz, gerrirainoko uretan, hondartza aldetik itsasora begira jarten ginan, urrunean sortzen ziran olatuei begira. Eta, begirik kendu barik, olatuak zelan potolotzen eta handitzen ziran ikusten genduan. Han urrunean gero eta handiago egiten ziran olatu hareek hondartzara heltzen eta lehertzen ziranean, aukera bi baino ez euskuezen emoten apar bihurtu baino lehen. Edo besoak luze-luze eginda buruz aurrera jauzi egin olatu barrenera, edo geldirik geratu olatuaren indarrak eta aparrak harrapatu zain. Busti ala busti, beste aukerarik ez egoan.
Euskaraldia badator eta olatu handiaren itxurea hartuta dator. Zazpi Euskal Herrietako 400 udalerritan baino gehiagotan astindu ditu euskerearen itsasoko urak. Milaka eta milaka herritar agertu dira ur horreetan uger egiteko prest: 200.000 ekintzailetik gora izango dirala dinoe aurreikuspenek. Sortutako olatuen kalparrean aparra ikusten da, ilusinoaren aparra. Olatu horreek, gaurtik, zemendiaren 23. egunetik aurrera helduko dira, bata bestearen atzetik. Eta, heldu ahala antzemango da astindua zenbaterainokoa izango dan. Gaurtik aurrera ikusiko dogu olatu horreek itsasoari jarritako harresiak gaindituko ete dituen, botako ete dituen.
Apar bihurtuko diran euskerearen olatuak, lehertzean izango daben indarragaz, erdaldunakana be helduko dira, izan be, ezezagunari lehen berbea euskeraz egitea izango da Euskaraldiaren olatuek lehorrean dagozanei ekarriko deutsen ezusteko bustialdia.
Olatuek nahikoa indar eta oldar ekarten eta alkartzen badabe, Euskaraldia euskaldunon hizkuntzeari jarritako harresiak —erresistentziak— jausi eragiteko ahalegina izango dogu; orain arte, elebitasunaren baitan, erdalduntasunaren aldetik jarritako harresiak jausi eragiteko ahalegina. Horretarako mezu unibertsal bi gizarteratuko ditu: askatasunarena eta bardintasunarena.
Askatasuna, bakotxak bere hizkuntzan egiteko. Erdaldunek erderaz egiten daben legez, euskaldunek euskeraz egiteko. Horretarako, ezinbesteko baldintza bat bete beharra dago gurea lako gizarte elebidunean: erdaldunek euskaldunei erderaz egiteko daben askatasun eta aukera berbera izan behar dabe euskaldunek erdaldunakaz euskeraz egiteko. Eta horretarako nahitaezkoa da erdaldunek euskeraz egiten deutsienei ulertzea. Horixe bultzatzen dau Euskaraldiak alkarrizketa elebidunakaz: hizkuntzen arteko benetako bardintasuna irudikatzea.
Euskaraldian belarriprest rola hartu behar dabenek alkarrizketa elebidunak bultzatuko ditue: Eurei euskeraz egitea onartuko dabe, nahiz eta eurek erderaz erantzutea izango daben. Horretarako, jakina, euskeraz egiten deutsien horreei ulertzeko gaitasuna izan behar dabe. Hain zuzen be, horixe da Euskaraldiak dakarren barrikuntzarik handiena, ulermena erabilerearen akulu bihurtzea.
Askatasun guztiek, demokratikoak eta unibersalak izateko, beti dabe bardintasunaren mugea: lagun hurkoaren askatasuna eta norberarena bardinak ez badira, ez dago bardintasunik, ez dago benetako demokraziarik. Eta, eskubide bardintasunik ez dagoanean, hauxe jazoten da: batzuek gizartean daben nagusitasunetik pribilegioak hartzen dituela lagun hurkoaren eskubideen bizkarretik, beti be, ahulagoa danaren lepotik. Gure gizarte elebidunean, eta gurea lako ahuldutako hizkuntzea daben gizarte elebidun guztietan, horixe pasetan da: erdaldunek erderaz egiteko daben nagusitasunetik euren hizkuntza eskubideak aldarrikatzen ditue, baina euskaldunek euskeraz egiteko daben eskubideari buruzko ardurarik hartu barik eta horretan daukien erantzukizuna kolkoratu barik. Lagun hurkoaren askatasun eskubideaz arduratuko balira, euskaldunok erderea ulertzen dogun neurri berean ulertu beharko leukie erdaldunek euskerea. Argi eta garbi egin daigun berba: erdaldun asko, euskerarik ulertu barik, euskerearen gor-mutuak izanda, pribilegio horregaz, bizi dira gure artean. Eta, pribilegio horretatik, euskerea ez ulertzetik, galarazo egiten jaku euskaldunoi euskeraz egiteko askatasuna. Gizarte demokratiko guztietan, askatasuna, herritarrek alkarri autortutako askatasuna, alkar hartuta eta alkarri errespetua erakutsita baino ezin da hazurmamitu.
Euskaraldiak, azken batean, funtsezko eskubide unibersaletan oinarritutako gizarte hitzarmena proposatzen dau. Gizartearen baitako adostasunetik —askatasunaren eta bardintasunaren zuztar demokratikoetan errotutako adostasunetik— hizkuntzen arteko bardintasun soziala lortzea helburu dauen gizarte hitzarmena proposatzen dau Euskaraldiak. Hain zuzen be, Euskaraldia gizarte bereko hizkuntzen arteko bardintasuna lortzeko ekinbidea da; hizkuntzen bardintasunerako gizarte ekintzailetzea sustatzeko jarduerea. Euskaraldiak, hizkuntzen arteko gizarte orekea lortze aldera, elikatu egiten dau ahulezia egoeran dagoan hizkuntzearen aldeko hiztun-hautua. Izan be, hiztun-kinka bizi dau euskereak: ardatz-hizkuntza euskerea dauen hiztun moltso zabal eta esanguratsu baten preminea dau euskereak bere aldeko erabilerearen beharra naturala gertau daiten; azken finean, hiztun-hautua inkontzientea izan daiten. Euskaraldiak zubigile lan hori dauka: euskerearen aldeko hiztun-hautu kontzientetik inkontzienterako zubigintzea egitea. Euskaraldia, funtsean, Gurdiaren Paradigma (Saez, 2016) edo hizkuntzearen behar naturalaren paradigmea elikatzera dator.
Dana dala, gatx dau Euskaraldiak lehenengo kolpean euskereari mugak jarteko eregitako harresi gotorrak goitik behera eraistea. Euskaraldia prestatzeko Gipuzkoako herrietako ordezkariek Tolosan egindako bileran kontau eben. Aizarnazabalen ibili ei ziran Euskaraldiaren barri emoten eta jente mordoxka bat be inguratu ei zan jakinminez, tartean euskaldun peto-peto bat, herriko guztiakaz, txiki nahiz handiakaz, euskeraz egin ohi dauen bat, gaztelaniaz berbetan nekez moldatzen dan herriko seme bat. Euskaraldiari buruzko azalpen guztiak emondakoan, azalpen emoileak bertan bildutakoei galdetu egin eutsen ahobizi edo belarriprest izango ete ziran. Gure gizonak, zalantza izpirik erakutsi barik, holan erantzun ei eban: Ni belarriprest izango naz, lanean ezin dot euskeraz egin. Lasarte-Oriako enpresa baten lan egiten ebala azaldu eban; eta lankideek euskeraz ete ekien be ez ekiala ganeratu eban; lantegian lanean hasi zan lehenengo egunetik alkarregaz dan-dana gaztelaniaz egiten ebela be argitu eban. Erabat ezinezkoa ikusten eban laneko hizkuntza praktika ha aldatzea eta aldatu ezinaren etsipenetik, ahalegina egitea guztiz alferrikakoa zala uste izatetik, aukeratu eban Euskaraldiko rola gure gizonak.
Adibideak adi-tzera emoteko bideak doguz, ulerbideak. Aizarnazabalgo gizon horren adibidea erresistentziaren adibidea da, Euskaraldiak gizartearen muinetik sortutako aldaketa indarra zapuzten dauen erresistentziarena. Txomin Artolak kantatzen ebanez, Aberriaren mugak; euskararenak gure baitan daude gehienak.
Euskerearen estatus aldaketea lorbidean jarri nahi badogu, euskerea XXI. mendean euskaldunez osotutako gizartearen ardatz-hizkuntza izatea nahi badogu, nahitaezkoa dogu laneko hizkuntzea be bihurtzea. Aldaketa hori onbideratzea mende hasiera honetako erronka estrategikoa izango dogu, aurreko mende amaierakoa euskerea eskolan sartzea izan genduan legetxe. Premina hori gero eta ikusgarriago bihurtzen dabilen elefantea dogu.
Euskaraldiak harresi erraldoiak izango ditu aurrez aurre. Gatx izango dau euren nagusitasunetik eraistea, baina pitzadurak eragingo balitu, aurrera egiteko bideagaz asmau izanaren zantzua litzateke hurrengo ekinaldietarako. Itsasoaren indarra handia da. Eta, gu, itsasoa gara.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!