Bizkaian 68.500 lagun gara Euskaraldiagaz bat egin dogunok
2018-11-23 08:15 Euskerea berbagaiEuskal Herriko 196.000 lagunek emon dabe izena ahobizi edo belarriprest izateko.
Martxan da Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa soziala. Euskal Herri osoan aldi berean egingo dan ariketeak hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskerearen erabilerea bultzatzea dau helburu. Ariketan izena emon daben lagunek 11 egunetan ahobizi edo belarriprest rola beteko dabe. Ahobiziek euskerea ulertzen daben guztiei euskeraz hitz egingo deutsee 11 egunetan eta ezezagunei lehen berbea euskeraz (ulertzen badabe, euskeraz jarraituko dabe). Belarriprest rola hartu dabenek, barriz, euskeraz berba egiteko kapaz diran berbakide guztiei euskeraz berba egiteko gonbita egingo deutsee. Ariketa sozial handia izango dala azpimarratu dabe antolatzaileek.
Baionan egin da bart arratsaldez Euskaraldiaren edegiera ekitaldia. Bertan parte hartu dabe erakunde eta erakunde antolatzaileen ordezkariek, herrietako batzordeetako kideek, erakunde sustatzaileek eta ahobizi zein belarriprest modura ibiliko diran hainbat herritarrek. Ondorengo lagunek hartu dabe parte, besteak beste: Jean-René Etchegaray Euskal Urigune Alkargoaren Lehendakari eta Baionako auzapezak, Beñat Arrabit Euskerearen Erakunde Publikoko presidente eta Euskal Urigune Alkargoko hizkuntza politikako presidente-ordeak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuak, Paula Kasares Euskarabidea Nafarroako Euskera Institutuko Euskerearen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariak, Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak, eta Arrate Illaro Euskaltzaleen Topaguneko kide eta Euskaraldiko koordinatzaileak. Euskaraldiaren antolaketan ibilitako batzordeetako kideek eta gaurtik aurrera ahobizi eta belarriprest ibiliko diran hainbat lagunek bee berbea hartu dabe ekitaldian. Era berean, ekitaldian Maddi Oihenart, Ruper Ordorika, Odei Barroso, Alaia Martin eta Maryse Urrutyren emonaldiak gozau ahal izan ditue bertaratutakoek.
Izen-emote datuak
Irailaren 20an edegi eben izen-emote epea oraindino zarratu ez dan arren (Euskaraldiko lehen egunetan zabalik egongo da ariketara batzen diran azken orduko lagunek izena emon ahal izan deien), gaurtik aurrera ahobizi eta belarriprest modura ibiliko diran partaideen datuak emon ditue bart Baionan egindako aurkezpen ekitaldian.
Izena emoteko baldintza bi bete behar zituen partaideek: 16 urte baino gehiago izatea eta euskerea ulertzeko kapaz izatea. Euskal Herriko 405 herritan eta ehunka erakundetan egon da izena emoteko aukerea, batzordeetanlanean ibilitako milaka boluntarioei esker.
Danetara, 196.000 lagunek emon dabe izena Euskaraldian, parte hartze zabala izango da beraz gaur martxan jarriko dan ariketan. Partaide horreetatik % 74k emon dau izena ahobizi modura jarduteko eta % 26 izango da belarriprest rolean.
Lurraldez lurralde, ondokoak dira partaidetza datuak:
• Araban: 17.500
• Bizkaian: 68.500
• Gipuzkoan: 84.000
• Ipar Euskal Herrian: 5.500
• Nafarroan: 20.500
Partaideen ezaugarriei jagokenez, izena emon dabenen % 63 emakumezkoa izan da eta, edadeari jagokonez, 16 urtetik gorako edade guztietako belarriprest eta ahobiziek egingo dabe zemendiaren 23an hasi eta abenduaren 3an amaituko dan ariketea. Gazteen artean harrera oso ona izan dau ekimenak. Honela banatu dira izen-emoteak edade tartearen arabera:
• 16 eta 25 urte bitartean ditu izena emondakoen % 18ak.
• 26 eta 35 urte artean % 18ak.
• 36 eta 45 urte artean % 28ak.
• 46 eta 55 urte artean % 19ak.
• 56 eta 65 urte artean % 12ak.
• 65 urte baino gehiago % 5ak.
Ariketea atontzeko aurrelanetan milaka lagun ibili dirala azaldu dabe Euskaraldiko bozeroaileek, ahalduntze ariketa garrantzitsua danaren erakusgarri modura.
Babes handia
Euskaraldiaren aurkezpena 2017ko zemendiaren 23an egin zan, Bilboko Arriaga antzokian eskainitako prentsaurrekoan. Ordurako, sei hilebetetako lana egina egoan Euskaraldia diseinau, aurkezpenak egin eta sustatzaile sarea osotzen. Urte eta erdiko lana izan da, beraz, Euskaraldiaren atariraino heldu dana.
Koordinazino taldean Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritzea, Nafarroako Gobernua eta Ipar Euskal Herriko Euskerearen Erakunde Publikoa eta Euskal Urigune Alkargoa izan dira. Baina, horrezaz gan, era guztietako 180 erakundek osotutako sustatzaile sarea izan dau Euskaraldiak. Erakunde horreen artean dagoz euskerearen gizarte eragileak, erakunde publikoak, enpresak eta bestelako gizarte eragileak. Sarea, baina, askoz zabalagoa izan da, herriz-herri be euskaltzaleak, erakundeak eta bestelako erakundeak (gizarte eragile, alkarte eta enpresak) ibili diralako Euskaraldiaren antolaketan.
Ariketea: hizkuntza-ohiturak aldatzeko deia
Azken hile biotan herriz-herri eta erakundez erakunde jasotako babes zabala eskertuz ariketara batzeko deia eginez amaitu dabe antolatzaileek Baionako ekitaldia. Atxikimendu handi hau herritarrak ariketa sozialean sartzeko akuilu izango da, Euskaraldiko bozeroaileen ustez, izan be, ariketearen oinarria ahobizi eta belarriprest rola hautatu daben partaideek euren eguneroko bizitzako hartu-emonetan inertziak apurtu eta hizkuntza-ohiturak euskerarantz ekartea da. Horregaitik, partaide guztiei ariketeari ilusinoz eta sendo heltzeko deia egin deutsee.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!