Martin Berasateguik 10. Michelin izarra irabazi dau

Bizkaie! 2018-11-22 09:54   Jan edanak

Eneko Atxak bosgarrena irabazi dau, izan be, Eneko Bilbao jatetxeari lehenengoa emon deutsie.

Espainia eta Portugal Michelin Gida 2019 iragarri dabe bart Lisboan.

Martin Berasategui sukaldari gipuzkoarrak Michelin Gidako izar barri bi jaso ditu bart, bat Donostiako eMe Be Garrote jatetxeari emon deutsie eta beste bat Bartzelonako Oriari. Berasateguiren proiektu bik lehenengo izarrak irabazi ditue eta hamar izar ditu dagoeneko.

Bestalde, Urdaitzeko (Nafarroa) Molino de Urdaniz jatetxeak izar bi ditu dagoeneko.

Horrezaz gan, Bizkaiko beste jatetxe bati, Etxanobe Atelier (Bilbo) lokalari izar bat emon deutsie eta Gasteizko Zaldiaran jatetxeak, barriz, izarra galdu egin dau.

Espainia mailan, hiru izarreko beste sukaldari bat dago: Dani Garcia (Marbella, Malaga).

Michelin Gideak lau jatetxeri bigarren izarra emon deutse eta lehenengoa beste hogeita bosti.

Bartzelonako Cocina Hermanos Torres Sergio eta Javier bikien jatetxeak izar bi irabazi ditu, Dos Cielos zarratu ondoren. Valentziako Ricard Camarena Restaurantek eta Lisboako Alma jatetxeak be izar bi ditue.

Kontuak kontu, 25 jatetxek lehen izarra irabazi dabe Madrilen (bost), Andaluzian, Katalunian, Valentzian, Euskadin, Gaztela-Mantxan, Gaztela eta Leonen, Galizian, Errioxan eta Aragoin, baita Sintran, Bragancan eta Guimaraesen (Portugal) be.

Espainian hamaika jatetxe dagoz hiru izarreko kategorian, izan be, Carme Ruscalledak zarratu egin eban oraintsu, joandako urrian, hain zuzen be.


Basque Culinary World Prize saria

Donostian, Victoria Eugenia Antzokian, gaur, 20:00retan, egingo dan ekitaldian, Arantxa Tapia sailburuak Jock Zonfrillo chef eskoziarrari emongo deutso Basque Culinary World Prize saria. Ekitaldian honako honeek izango dira: Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea, Leandro Azkue Arrantza eta Akuikultura zuzendaria, Ikerne Zuluaga Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria, Peli Manterola Elikagaien Kalidadea eta Industriako zuzendaria eta Irma Basterra Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu