'Euskereak batzen gaitu'

Bizkaie! 2018-11-21 12:32   Euskerea berbagai

Euskerearen inguruko adostasuna eta euskerearen erabilerea bultzatzeko beharra aldarrikatu dabe.



Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Forum Europa-Tribuna Euskadin parte hartu dau gaur, eta azken hamarkadetan Jaurlaritzeak bultzatutako hizkuntza politikea aldarrikatu du. Euskaraldiaren hasierearen atarian, sailburuak euskerearen inguruko adostasunaren alde berba egin dau: Euskereak Kontzertu Ekonomikoa lakoa izan behar dau, herritar guztien atxikimendua piztuko dauen elementua. Era berean, euskereak bizitako bizibarritze prozesua txalotu dau: euskerazko hezkuntzearen alde familiek egin daben apustuari esker, euskaltegien lanari esker eta administrazinoaren euskalduntzeari esker etorri da. Erronka legez, Zupiriak adierazo dau beharrezkoa dala euskerearen erabilera soziala bultzatzen jarraitzea, bai eta gure hizkuntzea lan-munduan edota ingurune digitalean sustatzen segidutea be.

Bilboko Ercilla Hotelean izandako berbaldi honen hitzaurrea Andres Urrutia euskaltzainburuaren esku egon da: 2018 urte sinbolikoa da euskerearentzat eta euskal kulturearentzat. Eusko Ikaskuntzaren Biltzarraren mendeurrena bete da, baita funtsezko bi erakunde sortu izanarena be: Eusko Ikaskuntza, herrialde honen aurrerapen zientifikoaren arloan, eta Euskaltzaindia, bertako berezko hizkuntzearen modernizazinoan. 50 urte beteten dira herrialde honen berezko hizkuntzea estandarizetako prozesua hasi zanetik.

Bingen Zupiria sailburuak, barriz, diktadura frankistearen ostean euskereak bizi izan dauen bizibarritze prozesua errepasau eta haren egungo egoereari buruzko diagnostikoa egin dau. Zupiriak euskerearen indarguneak jorratzeaz gan, 1991tik 223.000 hiztun irabazi dituala esan dau, belaunaldi gazteenen artean euskerearen ezagutza orokortu egin dala eta ingurune digitalean dauen dinamismoa nabarmendu dau. Sailburuak, halan da be, atzemoten dituan ahuleziak be aitatu ditu: bizi dogun uniformizazio kulturalak eragiten dituan arriskuak edo zenbait lekutan euskerearen ezagutzaren eta erabilerearen artean dagoan desorekea.


Euskereak batzen gaitu

Euskeraz jakiteak beti batzen gaitu. Euskerara hurreratu diranek eta ikasi dabenek dinoe urrats hori emotea baliogarria izan jakela lehen bizkarra emoten eutsien mundu bat ezagutzeko, ezezaguna edo ikusezina eben mundu bat, adierazo dau.

Zupiriak esan dau euskeraz jakiteak ez dakarrela inoiz beste hizkuntza batzuk ezagutzeko oztoporik, eta ha ezagutzeko interesa aldarrikatu dau: Euskereak aukerea emoten dau zuzenean eta bitartekari barik sormenezko mundu berezi eta interesgarri batez gozetako. Mundu hori adierazpide artistiko eta kultural askotan agertzen da, informazinotik entretenimenduraino, literaturatik, musikatik, arte eszenikoetatik edo errealidade digitaletik igaroz, azpimarratu dau.


Bizibarritze-prozesu eredugarria

Azken hamarkadetan euskereak bizi izan dauen bizibarritze prozesua defendidu dau: Gure gizarteak hamarkadotan bizi izandako euskerearen erabilera-normalizazinoaren kontakizuna erreferentzia bihurtu da hizkuntza gitxituak dituen komunidade askorentzat, euren normalizazinoan aurrera egiteko beste eredu batzuk bilatzen dituen komunidadeentzat.

Azaldu dauenez, prozesu hori hiru faktorek markau dabe: euskerearen aldeko apustua hezkuntza sisteman, helduen euskalduntzea eta, azkenik, euskerea zabaltzea administrazinoan: Gure hezkuntza sisteman izandako gizarte eraldaketea bultzada instituzional handi baten ondorioa izan da, 1982an onartutako Euskerearen Legea oinarri hartuta; baina, batez be, euskal familien apustu ausartaren, jarraituaren eta konprometiduaren emoitzea da. Kasu gehienetan euskeraz jakin barik be, erabagi dabe seme-alabek euskerea ikastea eta hizkuntza hori tresna izatea ikasitako persona lez. Egun gure unibersidade publikoko ikasleen erdiek baino gehiagok euskeraz ikastea aukeratzen dabe, pentsauezina orain urte asko ez dala.

Sailburuak adierazo dauenez, azken hamarkadetan euskereak irabazitako hiztunen heren bi inguru hezkuntza sistemearen bidez heldu dira. Beste herena, barriz, euskaltegien sareak egindako ekarpenari esker heldu da.

Hirugarrenik, Zupiriak nabarmendu dau euskal administrazino publikoek herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko egin daben ahalegina: Azken 35 urteotan, euskal langile publikoen zati handi batek konpromiso sendoa hartu dau bere hizkuntza gaitasunagaz. Ahalegin horri esker, hiru hamarkadatan, euskeraz lan egiteko gaitasuna daben langile publikoen kopurua % 23tik gaur egungo % 71ra igon da.


Adostasuna

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko arduradun nagusiak aparteko garrantzia emon deutso euskerea bizibarritzeko prozesu osoan izandako adostasunari eta akordioari, hasi Euskerearen Legea 1982an onartu zanetik eta Eusko Legebiltzar osoak Euskaraldia ekimenari emondako atxikimendura. Puntu horretan, alderaketa hori egin dau Kontzertu Ekonomikoagaz, gizartearen atxikimendu orokorra sortzen dauelako, eta konplizidadea eskatu deutse euskerarik ez dakitenei.


Erabilerea bultzatu

Zupiriak azaldu duenez, euskerearen erabilerea bultzatzea da gure hizkuntzearen erronka handienetako bat: Urteak emon ditugu indarra euskerearen ezagutzan jarriz, eta dagoeneko, beste urrats bat emoteko baldintzarik badago, erabilereari jagokon salto kuantitatiboa egitea lehentasuntzat hartzeko, adierazo dau.

Sailburuaren berbetan, euskerea bizibarritzeko prozesuaren berezko ezaugarriak dirala-eta, euskerearen erabilerea ezagutzea baino mantsoago igoten da, izan be, hizkuntza baten erabileran eragiten daben gako biak ezagutzea eta testuinguru soziolinguistikoa dira.


Arlo guztietan

Euskerearen erabilerea erraztuko dauen testuinguru barri hori eratzeko, sailburuak aitatu dau belaunaldi barriei begitu behar jakela, eta erakundeetatik ahalegina egin behar dala euskerea bultzatzeko eskolatik kanpora, aisialdian eta kirolean, kulturearen arloan eta eremu digitalean: Hori guztia, gaztelania hegemonikoa dan testuinguruan eta mundu globalizatuan.

Zupiriak euskerea ingurune digitalean indartsu dagoala gogorarazo dau eta dei egin deutse ekitaldira hurreratu diranei euskerea bultzatu deien euren eremuetan.

Azkenik, sailburuak, euskerea eremu sozioekonomikoan indartzearen garrantzia eta hizkuntz kudeaketearen gero eta inportantzia handiagoa azpimarratu ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu