Iragana eta oraina batu ditu Pako Aristik
2018-11-21 09:35 KultureaAspaldiko partez, nobelea idatzi dau, Rosa itzuli da.
Iraganaz, memoriaz eta aurreko sasoiek gaur egungo munduan itxitako arrastoaz gogoetea egin dau Pako Aristik Rosa itzuli da nobelan (Erein). 25 urte kartzelan pasau eta gero, etxera bueltau dan emakume baten istorioa da. Gauzak orain dala mende lauren itxi zituan legez topauko dituala uste dau, baina denporeak dana aldatzen dau.
Iragana eta oraina buztartzen ditu nobeleak, protagonistearen gogoetetatik abiatuta. Izan be, iragana ezagutu barik, ezin da gaur egungoa ulertu. Elebarria idazteko oinarrian, Aristik berak ezagututako egoerak dagoz. Urte asko eta gero kalera urten daben lagun presoak, hareek topau daben mundua eta sortu jakezen ardurak.
Era horretara, istorio kolektibo baten erakusle da Rosa itzuli da, baina protagonista nagusi baten ahotsetik eta gogoeten bidez kontatua, lehen personan. Protagonistea bera konplexua dala adierazo dau Aristik, eta nobeleak aurrera egin ahala eraldatu egiten dala: Hasieran oskol gogor batek babesten dau, baina pixkanaka, makaluneak agertzen jakoz.
Izatez, thriller politikoa da Rosa itzuli da, hainbeste urte eta geroko itzulera batek dakarren dramatismo eta guzti. Istorioan tartekatzen dira, ganera, senitartekoen arteko sekretuak, belaunaldien arteko loturak, ahaztu beharra eta gogoratzeko ezina.
Pako Aristik 20 urte egin ditu nobelarik plazaratu barik. Urregilearen orduak (1998) izan zan aurrekoa. Baina horrek ez dau esan nahi idazteari itxi deutsanik. Kontrara, azken hamarkada biotan saiakerak, poemategiak eta artikuluak idatzi ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!