Marie de Jongh eta Vaivén genero berdintasunaren aldeko lehen antzerkialdian izango dira

Bizkaie! 2018-11-20 09:48   Kulturea

Marie de Jongh bizkaitarren Estrella lana, gaur, hilak 20, antzeztuko dabe.

Territorio Violetak arte eszenikoen begiradea gure gizarteak gaur egun bizi dauen arazo larrienetako batean jarri nahi dau, genero ezbardintasunean, hain zuzen be. Ekimenak SGAE Fundazinoaren laguntzinoa, baita Madrilgo SGAE Lurralde Batzordearen, Alcalá de Henaresko Udalaren eta Emakumezkoaren Institutuaren ezinbesteko bultzadea be baditu. Zemendiaren 20tik aurrera eta bestelako ekitaldien artean, lau obra eszeniko oholtzaratuko dira udalerri madrildarreko Cervantes Antzokian, hilaren 25era arte: Marie de Jongh euskal antzerki taldearen Estrella antzezlana, Claudia La conquesta del pol sud taldearena (Katalunia), Dancing with frogs Sol Picó Dantza Taldearena (Katalunia), eta Genoma B, azkenik, Albadulake taldearena (Extremadura).

2018an Estadu mailako hainbat antzerki jaialdiren parte-hartzeari esker gauzatu da Territorio Violeta, eta horreen artean izan dogu, dFERIA Donostiako Arte Eszenikoen Antzerki eta Dantza Jaialdia. Gaurtik aurrera, urte honetan zehar hainbat sari jasoterik izan dituen antzezlanen eszenifikazinoa dator; Territorio Violetari hasierea emonez lehenengoa dogu Marie de Jongh bizkaitarren Estrella lana (zemendiaren 20an, 11:30ean). Publiko zabalari zuzendutako aukerea da hau, aspirazino gizatiarrak eta destinua berbagai dituana. FETEN 2018 Jaialdian aukeratua izan zan eta bide batez, Marie de Jonhg konpainia Umezaro eta Gaztaro Arte Erte Eszenikoen 2018 Sari Nazioanala dogu.

Hurrengo obrak, bestalde, honakoak dira: Claudia La conquista del pol sud taldearena (zemendiaren 23an), aurtengo dFerian saritua izan dan diktadura argentinarraren biktimei buruzko dokumental eszenikoa; Dancing with frogs Sol Picó Compañía de Danza Taldearena (zemendiaren 24an), maskulinidadea eta mundu femeninoagaz hartu-emonak izateko ereari buruzko hausnarketea; eta Genoma B, Albadulake taldearena, hain zuzen, Federico García Lorcaren La Casa de Bernarda Alba lanaren antzerki moldaketea, flamenko eta zirkoaren buztarketea (zemendiaren 25ean).


Bardintasun bildumea


Jaialdietako sariak ez eze, Territorio Violetak 2018an zehar jorratutako beste obrai bien autorpena egin nahi izan dau, haren Bardintasunaren aldeko lanak Bilduman txertatuz, hau da, Mulïer antzezlana, Maduixa taldearena, eta, Sherezade y las capas de la cebolla lana, Vaivén Produkzinoak antzerki-talde gipuzkoarrarena. Bizkaitarrek programazinoan eta gipuzkoarrek aitatu bilduman, estreineko Territorio Violeta 2018 honen euskal ordezkaritzea osotzen dabe. Bilduma honetan sartzen diran antzezlanak erabateko udalerri, gune eta antzoki ezbardinei heltzen jaken eskaintzea osotzen dabe, gitxienez behin programautakoak izatearen aldeko apostuari eutsiz.


Territorio Violeta


Territorio Violeta ibilbide profesional luzeko sortzaile bik abian jarritako ekimen artistiko eta aldarrikatzailea da: Rosa Merás (Arteatro Producciones Teatrales) eta Silvia Pereira (Entrebastidores). Nonbait, gizartearen eta arte eszenikoen ikuspuntua genero bardintasunaren auzian kokatzearen beharra aldarrikatzen dabe, horretarako jaialdi berau kultur euskarri bilakatuz eta hainbat gune edo erakunderen bitartez bardintasunaren aldeko mezua zeharkatzen dituen obrak programauta. Espainia mailan dagoeneko 20 erakunde ezbardinakaz akordioak lortu eta beste 12 udalerri zein antzokigaz hitzarmen barriak sinatzekotan dira, antolatzaileek dinoenaren arabera.

Lehen edizino honetan, Jaialdiak Emakumezkoaren Institutuaren laguntzinoa dauka, baita Kultur eta Kirol Ministerioarena, SGAE Fundazinoarena, Espainiako Arte Eszenikoen Akademiarena eta beste hainbat erakunderena be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu