Bizkaiko 31 kirol federazino euskerearen alde dabiz ekinean
2018-11-20 09:45 Euskerea berbagaiBizkaia Frontoian omenaldia egin deutse Foru Aldundiak.
Bakotxak bere disziplinearen barruan euskerearen erabilerea areagotzeko egiten daben lana aintzat hartzeko, Bizkaiko 31 kirol-federazinotako ordezkariak batu ditu Foru Aldundiak Bilboko Bizkaia Pilotalekuan. Lorea Bilbao Kultura eta Euskera diputadua izan da ekitaldiko buru.
Aldundiak Euskara Bizia Batzordearen bidez sustatutako BIKEE (Bizkaian Kirola Ere Euskaraz) proiektuaren parte dira omendutako federazino guztiak. ASFEDEBI da erakunde horreetako bat, eta ganerakoak kirol honeetako federazinoak: Xakea, Atletismoa, Saskibaloia, Eskubaloia, Boxeoa, Txirrindularitzea, Kirol Egokitua, Neguko Kirolak, Futbola, Gimnasia, Herri Kirolak, Hipikea, Karatea, Burruke eta Samboa, Padela, Patinajea, Pelotea, Arrantzea, Errugbia, Mahaiko Tenisa, Triatloia, Boleibola, Mendia, Arrauna, Surfa, Arku Tiroa, Bedar Hockeya, Aireko Kirolak, Golfa eta Bela.
Ekitaldian kirol munduko profesionalek be parte hartu dabe, besteak beste honeek egon dira: Ainhoa Tirapu eta Gaizka Garitano futbol arlokoak;Leire Etxaniz eta Mikel Urrutikoetxea pilotariak; Leticia Canales surflaria; Omar Fraile eta Eider Merino txirrindulariak; Iker Zabala arraunlaria; Naiomi Matthews borrokalaria; eta Alex Txikon alpinistea.
BIKEE proiektuaren helburu nagusia kirol esparrua euskerea normalizetako esparru bihurtzea da, eta era berean kirola adeitsuagoa, hurrekoagoa bihurtu nahi dogu geroz eta euskera gehiago gehituz, hizkuntza ofizialen arteko orekea bilatu behar da kirolean, adierazo dau Lorea Bilbaok. Sektore estrategikoa da kirola, eta indarrak batzeko beharra agertu dau diputaduak. Falta diran federazinoei BIKEEn parte hartzeko deia egin deutse.
2016an sortu eben BIKEE, kirol arloan euskerearen presentzia eta erabilerea zabaltzeko asmoz. Helburu hori lortzeko, Foru Aldundia lanean dabil Euskara Bizia Batzordeagaz, Bizkaiko Federazinoen Alkarteakaz, Alkarbide Foroagaz eta Eusportegaz.
Federazino bakotxaren diagnostikoa egin eta gero, Aldundiak euskerearen erabilerea sustatzeko neurriak ezarri ditu kirol bakotxaren errealidadera egokituta. Aldundiak babes teknikoa eta federazinoei laguntzeko materiala eskaintzen ditu.
Komunikazinoari garrantzia emon deutsie, ohiko komunikazinoak hizkuntza ofizial bietan egiten dirala bermatzeko. Euskerea federazinoen sare sozialetan, webguneetan, jakinarazpenetan eta dokumentazinoan egotea ziurtatu nahi dabe, baita entrenamenduetan, txapelketetan eta bazkideakazko hartu-emonetan be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!