Lasarte, Elizagoien, Karasatorre, Sanjurjo, Robles eta Majuelok kantauko dabe finalean

Bizkaie! 2018-11-22 11:03   Bertsolaritzea

VIII. Mariano Izeta Sariketako finala zemendiaren 23an jokatuko da, Elizondoko Arizkunenean.

Irurtzunen eta Lizarran kanporaketak jokatuta, zehaztu da VIII. Mariano Izeta bertso sariketako finalean kantauko daben bertsolarien izenak; Kanporaketa bakotxetik hiru bertsolari pasau dira finalera: Irurtzundik, Mikel Lasarte, Amaia Elizagoien eta Saats Karasatorre, eta Lizarratik Josu Sanjurjo, Sarai Robles eta Irati Majuelo. Azken horretan, Xabat Illarregik lortu eban berez finalerako txartela, baina ezingo dau Elizondon egon, eta beraz, bere saioko laugarrenak (Irati Majuelok) beteko dau haren lekua: Amaia Elizagoien, Irati Majuelo, Josu Sanjurjo, Mikel Lasarte, Saats Karasatorre eta Sarai Robles izango dira finalistak. Finala barikuan jokatuko da, Elizondoko Arizkunenean, 19:30ean.


Sailkapenak

Irurtzungo kanporaketea

Mikel Lasarte: 180 puntu
Amaia Elizagoien: 170,5 puntu
Saats Karasatorre: 166,5 puntu
Patxi Castillo: 165,5 puntu
Idoia Granizo: 160,5 puntu
Aitor Irastortza: 150,5 puntu


Lizarrako kanporaketea

Josu Sanjurjo: 184, 5 puntu
Xabat Illarregi: 180 puntu
Sarai Robles: 172,5 puntu
Irati Majuelo: 155,5 puntu
Endika Legarra: 146,5
Egoitz Gorosterrazu: 142,5

Entzule ugari batu ziran saio bietan, Irurtzungo Pikuxar Alkartean eta Lizarrako La Bota peñan, bertsolarien jarduna bertatik bertara jarraitzeko. Zigor Gartzia izan zan Irurtzunen gai-jartzaile, eta Arkaitz Goikoetxea, Miel Mari Elosegi Luze eta Joxema Leitza ibili ziran epaile lanetan. Lizarran, barriz, Maialen Kaminok bete zituen gai-jartzaile zereginak, eta Jon Abril, Julen Zelaieta eta Aitor Irazustabarrena arduratu ziran bertsolarien lana epaitzeaz.


Finala Elizondon

VIII. Mariano Izeta Sariketako finala zemendiaren 23an jokatuko da, Elizondoko Arizkunenean, 19:30ean, eta sartzea doban izango da. Puntu gehien batzen dituan bertsolariari txapela emoteaz gan, finaleko bertso onena be sarituko dau epaimahaiak. Guztira, ondorengo lanak osotu beharko ditue sei bertsolariek: 8ko handian binaka gaia emonda hiruna bertso; 8ko txikian binaka gaia emanda hiruna bertso; zortziko txikian, banaka, bi punturi erantzun; binaka hiruna kopla gaia emonda; eta bakarka gai bati bina bertso.


VIII. Mariano Izeta Sariketea

Nafarroako Bertsozale Alkartea eta Baztango Udala dira Mariano Izeta Sariketearen antolatzaileak, eta Baztango Bertso Eskolea be badabil finala antolatzeko lanetan. 2004an antolatu eben sariketea lehen aldiz, eta bi urtean behin jokatu da ordutik; tarte horretan, ondorengoak izan dira txapeldunak: Jon Barberena, Oier Lakuntza, Jon Elizetxe, Iñaki Aleman, Aimar Karrika, Saioa Alkaiza eta Joanes Illarregi.

Mariano Izetak (Elizondo, 1915-2001) herri kulturearen eta bertsolaritzearen alde egindako lan handia eskertzeko helburua dau haren izeneko sariketeak. Izeta Sariketeak, garai batean jokatzen zan Xalto Sariketea edo igaz abiatutako Bertsokabi Sariketa legez, Nafarroako bertsolari gazte eta hasibarriei bultzadea emotea dau helburu, plazak eskainiz, euren bertsogintzea landu eta ezagutzera emon dein.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu