Urkullu izan da buru Euskerearen Aholku Batzordearen Legegintzaldiko bigarren bileran

Bizkaie! 2018-11-15 12:25   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harian, Andres Urrutia euskaltzainburuak be parte hartu dau.



Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da euskerea normalizetako ahaleginak eta proiektuak batzea eta koordinetea helburu dauen Euskerearen Aholku Batzordearen Legealdiko bigarren bileran. Eusko Jaurlaritzeak Lakuan dauen egoitzan egin da saioa eta, Lehendakariagaz batera, Andres Urrutia euskaltzainburuak berbea hartu dau bilerearen hasieran, Euskaltzaindiaren mendeurrenagaitik. Parte-hartze horreezaz gan, euskerazko hedabideen finantziazinoa, Euskerearen Agenda Estrategikoaren betete mailea edota euskerea administrazinoan normalizetako dekretua barritzeko prozesua izan ditue berbagai Batzordera bertaratutakoek.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua alboan ebala, Urkullu Lehendakariak nabarmendu dau Euskerearen Aholku Batzordea lako gogoeta-guneak behar-beharrezkoak dirala euskerearen sustapenean asmetako, eta adierazo dau euskereak behar-beharrezkoa dauela hizkuntza politikea. Euskaltzaindiaren mendeurrenaz be berba egin dau Lehendakariak, eta Euskaraldiagaz loturea egin dau: Euskereak behar ebalako sortu zan, 1918an, Euskaltzaindia. Antzeko behar batetik etorri zan, orain 50 urte, euskerearen batasuna. Beharrezkoak ez eze, Euskaltzaindia eta euskera batua, ezinbestekoak doguz etorkizuna josten jarraitzeko. Alabaina, egun, bizi dogun bidekurutzean, bestelako bizigarriak behar doguz, eta horretarako jaio da Euskaraldia, adierazo dau.


Auzolanaren garrantzia

Lehendakariak euskerearen sustapenean auzolanak dauen garrantzia azpimarratu dau: Ibili dabilenak daki bidearen barri. Aurreko hamarkadotan milaka hiztun irabazi doguz, batez be hezkuntza sistemearen euskalduntzeari eta euskaltegiek egin daben lanari esker. Bidea egin dogu, bidea ezagutzen dogu, bideari jarraipena eman behar diogu. Bide hau ez zen posible izango atzean gizartearen babesa eta bultzada izan ez bagenu. Bide horretan, gaur ere, Euskaraldia posible da gizarte-adostasuna landu eta jagon dalako. Euskaraldiak auzolanaren, alkarlanaren bidea erakusten deusku. Euskaraldiak bidea alkarregaz egiten jarraitzeko gonbita egiten deusku. Horri esker errazagoa izango da, baita euskerea indartzeko bidean barriro be asmetea.

Bestalde, Bingen Zupiria sailburuak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak gaurko Euskerearen Aholku Batzordera eroandako gaiak azaldu ditue, kideek jarraipena egin deien. Ondokoak izan dira jorratutako gaiak:

- Euskerazko hedabideen finantzazinorako proposamena.

- Euskerearen Agenda Estrategikoaren jarraipena.

- Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialak normalizeteari buruzko dekretu barria.

- 86/1997 Dekretua aldatzera datorren dekretu barria abian jarriko dauen prozesua.

- Euskerearen Aholku Batzordearen batzorde-ataletako lanak.

Eusko Jaurlaritzako zenbait sail eta erakunderen ordezkariak egoteaz gan (Ogasuna eta Ekonomia Saila, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Hezkuntza Saila, HABE, EITB, IVAP), Euskerearen Aholku Batzordean EAEko hiru foru-aldundiek, Euskaltzaindiak, Eudelek, hizkuntza-arloan adituak diran 39 personak eta Eusko Legebiltzarrak proponidutako 5 kidek be parte hartzen dabe.


Euskerearen Aholku Batzordeak bost batzorde-atal ditu eta urtean zehar batzen dira agenden jarraipena egiteko:

- Gazteria eta Euskera batzorde-atal berezia.
- Euskerea Ingurune Digitalean sustatzeko batzorde-atal berezia.
- Euskerearen Erabilerea eta Gizarte Aktibazinoa sustatzeko batzorde-atal berezia.
- Toponimiako batzorde-atal berezia.
- Terminologia batzorde-atal berezia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu