Hezkuntza eragileek bat egin dabe Euskaraldiagaz

Bizkaie! 2018-11-15 12:26   Euskerea berbagai

Hezkuntza arloko kide diran herritarrak suspertzea da helburua.

Hezkuntzako eragileek Euskaraldiari atxikimendua emon eta hezkuntza sarean batzen diran herritarrak suspertzea izango dabe helburu, ahobizi edo belarriprest legezizena emon deien.

Euskaraldia antolatzen dabizen erakundeez gan, hainbat hezkuntza eragilek parte hartu dabe gaurko prentsaurrekoan; bertan izan dira Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzailea, Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidentea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Beñat Arrabit Euskeraren Erakunde Publikoko presidente eta Euskal Alkargoko Hizkuntza politikarako presidente-ordeak eta hainbat eragileetako ordezkariak.

Euskaraldia abiatu zanetik ekimena zabaldu eta ekarpena egiteko prest agertu dira hezkuntza eragileak: Asko dira herriz-herriko lantaldeetan lanean izan eta Euskaraldiaren sustatzaile bihurtu diran hezkuntza arloko erakundeak. Arrate Illarok, Euskaltzaleen Topaguneko kide eta Euskaraldiaren koordinatzaileak, azaldu dauen bezela: Euskaraldia 16 urtetik gorako herritarrei zuzendua dago; erabagi kontzientea da. Baina hezkuntza-sarean ez dira bakarrik ume eta nerabeak batzen. Horregaitik garrantzia handikoa da alkarlanean egiten gabizen lana.

Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, hezkuntzeak euskerearen erabilerea sustatu eta hiztunen aktibazinoa bultzatzeko egin leiken ekarpena nabarmendu dau: Azken hamarkadetan euskerearen arloan izandako jazoerarik aitagarriena euskal hiztunen areagotzea izan da. 1991tik 223.000 hiztun irabazi ditu euskereak, eta hezkuntza sistemearen euskalduntzea funtsezkoa izan da bide horretan. Hezkuntza sistemeari esker, euskereak hiztunak irabazten jarraituko dau, prozesu hori geldiezina baita. Horregaz batera, uste dogu hezkuntzeak ekarpen handia egin leikela hiztunak suspertzeko bidean.

Beñat Arrabitek, Euskerearen Erakunde Publikoko presidente eta Euskal Alkargoko Hizkuntza politikarako presidente-ordeak, hezkuntza sistemearen lana goraipatu dau: Hemen batu garen hezkuntzako eragileek funtsezko lana egiten dogu euskerea bizibarritzeko: euskerea transmitiduten dogulako eta hiztun barriak sortzen doguzalako. Eta transmisinoaren funtzino bi azpimarratu nahi izan ditu: hizkuntzea ikasteko prozesuan beharrezko etapea da, eta identifikazino fenomenoari leporatu deutso. Helduak euskeraz berba egiteak, batez be eguneroko bizian, ikaskuntza prozesuan diran umeei hizkuntzea ikasteko eta erabilteko gogoa emoten deutse. Horregaitik inportantea da, gurasoek parte hartzea Euskaraldian. Euskerea ikasten daben euren umeei erakusteko helduen hizkuntzea dala, baliogarria dala eta ez dala bakarrik eskolako berbakerea.

Elena Lakak, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, bere aldetik, hezkuntza komunidadearen eta kalearen arteko loturea nabarmendu ditu: ikastetxeek herritar sare zabala batzen dabe, eta, era berean, herritarrak kalean dagoz. Ikastetxean sortzen dan mobimentuak herri osoan izaten dau emoitzea, Euskaraldiaren aurrekaria izan zan Egiako aktibazino dinamikan ikusi genduan lez. Era berean, azpimarratu dau hezitzaile eta gurasoak umeen erreferente dirala eskola eremutik kanpo be.

Bihar zortzi hasiko da Euskaraldia: 11 eun euskeraz ariketa soziala, eta dana prest dago 11 egunez ahobizi eta belarriprest rolei eusteko. Hamaika egunetan zehar, antolatzaileek egunero helarazoko ditue aholku eta laguntza mezuak, partaideek ariketea eroso egin deien. Era berean, aurreko astean aurkeztutako unidade didaktikoak Euskaraldiaren webgunean eskuragai dagozala gogoratu dabe antolatzaileek.

Oraindino be www.euskaraldia.eus webgunearen bitartez izena emoteko aukerea dagoela gogoratuz amaitu da prentsaurrekoa.


Prentsaurrekoan parte hartu daben eragileak:

• AICE - IZEA.
• Biga Bai, Ipar Euskal Herriko eskola publiko elebidunetako guraso alkartea.
• COAS hezkuntza taldea.
• EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Alkartea.
• Eleizbarrutiko ikastetxeak.
• Euzko Ikastola Batza.
• HEIZE, EAEko Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Alkarteen Federazinoa.
• Ikas bi, Ipar Euskal Herriko eskola publiko elebidunetako guraso alkartea.
• Ikastolen Alkartea.
• Ikaslan Euskadi.
• Kristau Eskolea.
• NIZE, Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoen alkartea.
• Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen Federazinoa.
• Sortzen elkartea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu