'Argia'-k ehun urteko ondarea herritarren esku ipiniko dau

Bizkaie! 2018-11-15 08:48   Kulturea

Aldizkariak mendeurrena ospatuko dau 2019an.

Aldizkariko kideak eta Jaurlaritzako Estibalitz Alkorta, mendeurrenaren aurkezpenean (argazkia: Argia/Dani Blanco) | Ikusi handiago | Argazki originala

Argitalpen erlijioso legez jaio zan Zeruko Argia 1919an, eta ehun urteko ibilbide gorabeheratsuaren ostean, Euskal Herriko eta nazinoarteko gaiei adi dagoan astekari bihurtuta heldu da gaur egunera. Bidean, izena be laburtu dau, Argia da orain.

Datorren urtean izango dan mendeurrenaren barri emoteko, agerraldia egin dabe Argia-ko kide guztiek Donostian, Jaurlaritzako Euskerea Sustatzeko zuzendari Estibalitz Alkorta be bertan dala. Mende bat ez da edozelako urteurrena eta gure lantaldea aspaldi dabil efemeridea behar dan moduan ospatzeko ekimenak antolatzen, azaldu dau Bego Zuza aldizkariko lehendakariak.

Ehun urteotan euskerazko kazetaritza modernoa garatzeko egin dauen ekarpena nabarmendu dabe. Mendeurrena aprobetxau nahi dabe, euskal kazetaritzeak egin dauen ibilbideari autortzea egiteko. Argiak mendea egin dau, baina beragaz euskal prentseak be bai, azpimarratu dau Estitxu Eizagirre zuzendariak.

Jaurlaritzako Kultura Sailagaz hasitako alkarlanari esker, mendeurrenean oparia egin nahi deutsie herritarrei: Sorreratik gaur arte Argia-k plazaratutako zenbaki guztiak digitalizetan dabiz, ondare zabal hori danen esku jarteko. Argazki artxiboagaz be gauza bera egingo dabe. Azken baten, irudiok, Euskal Herriaren azken hamarkadetako lekukotza baliotsua dira, asko herri mobimenduei eta euskalgintzeari lotutakoak.

Ia ehun urteko ibilbidean, 2.600 ale baino gehiago atera ditu Argia-k, milaka eta milaka orri. Hortaz, proiektua amaitzen danean, herritarrek altxor parebakoa izango dabe eskura. Aspaldiko nahi edo asmo bati eutsi deutsagu: ondare hori guztia herritarren eskuetan jarriko dogu, adierazo dau Urko Apaolaza kazetariak.

Bestelako asmoak be baditu Argia-k 2019rako. Urteko lehenengo zenbakia berezia izango da, luzeran eta diseinuan. Mahai-inguruak eta ekitaldiak be egingo ditue urte osoan. Aldizkariaren barruko egituraketan be aldaketak egongo dirala aurreratu dabe, antolakuntza horizontala helburu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu