Richard Serraren 'Bilbao' Arte Eder Museora heldu da
2018-11-15 08:09 KultureaDohaintza bati esker, Bizkaiko uriburuan geratuko da eskulturea.
Esan leiteke Richard Serraren Bilbao eskulturea etxera bueltau dala. Izan be, Arte Eder Museoaren enkarguz sortu eban eskultore amerikarrak 1983an, Korrespondentziak, 5 arkitekto, 5 eskultore erakusketarako. Maila handiko erakusketea izan zan ha, mundu osoan ospetsuak ziran hamar sortzaile batu zitualako: Bost arkitekto (Emilio Ambasz, Peter Eisenman, Frank O. Gehry, Léon Krier, eta Venturi, Rauch & Scott Brown estudioa) eta beste horrenbeste eskultore (Serraz gan, Eduardo Chillida, Mario Merz, Joel Shapiro eta Charles Simonds).
1980ko hamarkadako Bilbogaz liluratuta geratu zan Richard Serra, altzairuzko uria begitantzen jakon. Euskal kultureari jagokonez, zera adierazo eban: Bisitau dodazan herrialde guztien artetik, hemen ikusi dodaz eskulturarako aukera gehien. Horren adibide ona dira Oteiza eta Chillida. Gerora, Guggenheim Museorako be instalazinoak egin zituan.
Bilbao eskulturea, baina, pare bat urtean Arte Eder Museoan egon eta gero, bildumagile pribaduen eskuetara pasau zan, eta Madrilera eroan eben. Aldi baterako erakusketetarako baino ez da bueltau, lantzean behin. Martín García-Urtiaga eta Mercedes Torrontegui bildumazaleen lobek, obrea museoari dohaintzan emotea erabagi dabe orain. Hartara, behin betiko geratuko da Bilbon. Lobek García-Urtiaga eta Torronteguiri omenaldia egin nahi izan deutsie modu horretara.
Altzairuzko pieza handi bi daukaz Bilbao-k, oreka harrigarrian bata bestearen ganean jarrita. Bederatzi eta zazpi tona daukiez piezek, hurranez hurran. Sasoi haretan, Serrak eskulturearen berezko ezaugarritzat zituan masea, pisua eta orekea, eta horreekaz hiru elementuakaz olgau eban eskultura honetan.
1983an obra enblematiko biren artean sortutako alkarrizketea berreskuratu ahal izango da dohaintza honi esker: Chillidaren Topagunea IV eta Serraren Bilbao-ren artekoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!