12. Astola, ikerketa eta historia urtekaria, plazan

Bizkaie! 2018-11-14 12:15   Kulturea

Zemendiaren 17an, Andra Mari eleizpean Astola urtekariaren salmentarako erakusmahaia egongo da.

Gerediaga Alkarteak sustatuta, orain 12 urte ibilbideari ekin eutson ikerketa eta historia urtekariak zenbaki barria dauka. Ikuspegi nasaia ardatz hartuta, eskualdearen historia, gaurkotasuna, ondarea ezagutzera emoteko argitalpena da. 2018ko aleagaz beste 8 artikulu, erreportaje eta ikerketa gehitzen jakoz hamarkada bateko bildumeari. Ohiko prezioan (5 euro) eta ohiko eskualdeko saltokietan salgai dago.

Saltokien zerrendea: Durangon, Arteka, Etxebarria, Hitz liburudendea eta Urriken; Iurretan, Urkin eta Iurretakopin; Elorrion, Kamikopiaken eta Ilargin;
Abadiñon, Arrinda Estankoan eta Petiten; Berrizen, Etxebarrian eta Amalur-en.

Durangoko Azokan be, 2019ko Egutegiagaz batera, Gerediaga Alkartearen erakusmahaian salgai izango da. Argitalpen biak, alkarteko bazkide danak, doban jaso ahal izango ditu.

Zemendiaren 17an, Andra Mari eleizpean Astola urtekariaren salmentarako erakusmahaia egongo da. Hamabigarren zenbakia ez eze, agortuta ez dagozan beste zenbakiak be eskuragarri izango dira.

Dana dala, orain arteko 11. zenbakiak www.gerediaga.eus webgunean eskuragarri dagoz.


Astola 12 – Erreportajeen zerrendea

- Laburrean: Azken urtebetean Durangaldean egindako kultur ekitaldi nabarmenak, efemerideak eta albisteak.

- Erraldoiak eta buhuhandiak (Jon Gaminde): Gure jaietako protagonista izaten dira. Erdi Aroan sustraiak dituan ohiturak gaur egun be bizirik dagoz. Eskualdeko buruhandi eta erraldoiak aurkezten ditugu.

- Paisaia, nortasun ikur (Ainara Flores): Sarri ez gara jaubetzen inguratzen gaituan paisajeak zer eragin dauen gure bizimoduan. Paisajea zeozer bizia eta aldakorra da. Gure nortasunaren zatia da eta gu, berea. Eskualdeko paisajeari begiratzeko tartea hartu dogu.


- Alejandro Goicoechea: Talgotik ornodun trenera (Juanjo Olaizola): Elorrioko Alejandro Goicoechea izan zan Talgoaren asmatzailea, tren mundua eraldatuz. Bere irudia, halan da be, gerra garaiko ekintza batek ilundu eban; Bilboko defentsen informazinoa eskaini eutsen frankistei.

- Funtzinoa hastera doa! Antzerkigintzea Durangaldean (Joseba Gorostiza): XVI. mendeko auto sakramentaletan hasi, 60eko hamarkadan nagusitu zan antzerki sozialari keinua egin eta gaur egungo eskualdeko antzerki taldeen aitamena.

- Arandia, istorioak dituan lurraldea (Jon Irazabal): Mugak oso argi ez dituan Iurretako lur eremu honetan, torretxeak, burdinolak, bandoleroen istorioak, aduanak, harrobiak eta aireportu baten erreferentziak be topau daitekez.

- Jose Manaut, artista valentziarraren erbestea Durangon (Garazi Arrizabalaga): Gerra zibilaren ostean, José Manaut margolari valentziarra Durangon giltzapean jarri eban Frankismoak haren idea errepublikarrakaitik.

- Barruko ibilbideak: Kultureagaz lotutako bost gonbidatuk euren bidezidor eta bazterrak erakutsiko deuskuez: Igor Elortza, Leire Bilbao, Honorio Cadarso, Vanesa Fernandez eta Aitor Iriarte.

- <... eta hilobien aurrean argi egiten dute > (Ander Berrojalbiz): 1465. urtean, Bohemiako noble batzuek Durangaldea zeharkatu eben Portugalera bidean. Euren bidaia kroniketan gure arbasoek hildakoak gurtzeko zituen errituen gainean harridurea erakutsi eben.

- Bilakatu dadin bizigai (MarkelO Onaindia): Azken hamarkadan biderkatu egin da sortzen dogun hondakin kopurua. Arazo honen aurrean, birzikletea handitzeko ahaleginak egin dira. Gure zaborrak nora doazen eta eskualdean hondakinak zenbateraino birzikletan diran azaltzeko ahalegina egin da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu