Estitxu Pasealekua inaugurau dabe Bilbon, Estibaliz Robles-Aranguizen omenez

Bizkaie! 2018-11-14 08:21   Musikea

Euskal kantautore bakarra da produkzinoa euskeraz, frantsesez eta gaztelaniaz dauena.



Juan Mari Aburto, Bilboko Alkatea, Gotzone Zaldunbide, Herritarrentzako Arreta, Partaidetza eta Barrutien Saileko zinegotziagaz, ganerako zinegotziakaz eta Estibaliz Robles-Aranguizen senitartekoakaz batera, Casilda Iturrizar parkeko kale bati Estitxu Pasealekua izena emoteko ekitaldian buru izan da.

Casilda Iturrizar parkearen ipar-mendebaldeko kanpoaldean dagoan bidea da, Artetxe Kondearen eta Abandoibarra etorbidearen artekoa, momentu honetan izenik izan ez dauena. Bertan ez dago ezelako eraikinik, ez bizitokirik eta merkataritzakorik, horren eragina jaso leikenik.

Bilboko Udalak omenaldia eskaini deutso Estitxu kantautoreari Bilbon hil zaneko 25. urteurrenean. Esangura horretan, Alkateak azpimarratu dauenez, ohore handia da Bilboko kale-izendegian hain sasoi gogorrean euskal musikea eta kulturea hainbeste eta hain ondo bultzatzen jakin eban persona baten, emakume baten izena sartzea. Aburtok adierazo dau frankismoak eta zentsureak ez eutsozan gauzak erraz jarri, baina Estitxuk traba eta oztopo guztiak gainditzen jakin eban, eta, gaur egun be, ikurra da milaka musikazalerentzat.

Udalak, ekintza honegaz, Zabalkuntza Kultur Taldearen eskariari arreta jarri eta erantzuna emon deutso, izan be, alkarte horrek Udalari proponidu eutson kale bati haren izena jartea, Estitxu euskal kantagintza barriaren figurarik garrantzitsuenetakoa izan zalako, sormenaren eta kulturearen arloan.

Holan, Bilboko Udalak agintaldi honetan kale-izendegiaren 8 kaleri izena aldatu edo barria emon deutsegu, eta horeetako 7 emakumeen izenak izan dira, dan-danak Salbe Zubia kenduta.


Estibaliz Robles Aranguiz Estitxu

Estibaliz Robles-Aranguiz Bernaola (Beskoitze, Lapurdi, 1944 - Bilbo 1993). Robles-Aranguiz Bernaolaren familia Frantzian erbesteratuta bizi zan Espainiako Gerra Zibilaren ostean. Estitxuren aita EAJko diputadu eta ELA sindikatuaren sortzaileetako bat izan zan. Estitxu eta haren familia Bilbora itzuli ziran harek 8 urte zituanean. Hamaika neba-arrebatatik gazteena zan eta etxeko giroan izan zituan lehenengo hartu-emonak musikeagaz, haren anaiek osotutako Soroak laukotearen eta arrebek osotutako Ainarak laukotearen emonaldiak ikusita.

Estitxu 1967an hasi zan kantari. Hogei urte besterik ez-eta zenbait musika-lehiaketa irabazi zituan eta musika-emonaldiak eskaintzen hasi zan Euskadin, baita Mexikon eta Kanadan be, ospe handia lortuta. Estitxun lagunek haren eskuzabaltasuna goraipatzen dabe, kontzertuak doban eskaintzen zitualako. Hamarkada biko ibilaldian Estitxuk hamabost disko grabau zituan.

Lourdes Iriondo eta Maite Idirinegaz batera, Estitxu hirurogeiko hamarkadako euskal musikearen suspertzaile nagusietako bat izan zan. Euskal kantautore bakarra da produkzinoa euskeraz, frantsesez eta gaztelaniaz dauena. Estitxu Bilbon hil zan 1993an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu