GIBari eta HIESari lotutako terminoak egokitzeko hitzarmena

Bizkaie! 2018-11-13 08:08   Euskerea berbagai

Estigmatizazinoari aurre egitea da asmoa.

Andres Urrutia eta Marta Pastor (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaisida alkarteak eta Euskaltzaindiak hitzarmena sinatu dabe, GIBaren eta HIESaren inguruko kontzeptuak zehatzago definiduteko euskeraz. Andres Urrutia euskaltzainburua eta Marta Pastor Bizkaisidako presidentea egon dira ekitaldian. Aurreretxi eta estigma ugari zabaldu dira GIBa eta HIESa dabenen inguruan, eta zaharkituta dagozan idea ugari zabal-zabal dabiz herritarren ahotan. Euskaltzaindiak lagundu egingo deutso Bizkaisidari horreek ikuspuntuak zuzentzen.

Estigma horren oinarria bildurra dala adierazo dabe hitzarmena sinatzeko ekitaldian. Sasoi baten, transmisino-bideen inguruan egoan informazino urriak eta tratamendu eraginkorren eskasiak lagundu eban aurreretxiak zabaltzen. 30 urteren ostean, egoerea asko aldatu da: gaixotasunaren garapena galarazoten daben tratamendu seguru, erraz eta eraginkorrak dagoz. Tratamendu eraginkorra jasoten daben seropositiboek ez dabe infekzinoa transmititzen, eta ganera populazino orokorraren pareko bizi itxaropena dabe.

Oraindino bizi-bizi dagozan aurreretxiei kontra egiteko, hizkuntzea ezinbesteko tresnea da. Aurrerantzean, Euskaltzaindia bidelagun izango da GIBdunen errealidadea modu egokian adierazoteko lanean. Berba jakin batzuk erabilteak (kutsatze, adibidez), edo HIESaren transmisinoa jokabide sozial batzukaz lotzeak (moralagaz edo jokera sexual batzukaz), estigmea indartzen dau.

Horregaitik, berbak zehaztasunez erabili behar dira: GIBa ez da kutsatzen, transmitidu egiten da. GIB eroale terminoa ez da erabilten (horren ordez, seropositibo erabili leiteke, edo GIBa dauka). Ganera, GIBdunak ez dirala gaixoak be kontuan izan behar da.

Euskaltzaindiak euskal errealidade sozialera hurreratzeko dauen konpromisoaren parte da akordioa. Bizkaisida, bestetik, gizartearen eskariari erantzunez, hizkuntzearen eremuan GIBak dauen estigmearen kontrako burrukan dabil.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa