UPV/EHUk eta Bordeleko Unibersidadeak 2018ko Diálogo saria jaso dabe

Bizkaie! 2018-11-09 08:10   Kulturea

Diálogo espainiarren eta frantziarren arteko laguntasunerako alkarte bat da, eta haren helburua kooperazinoa.

UPV/EHUko errektore Nekane Balluerka eta Bordeleko Unibertsitateko errektore Manuel Tuñón de Lara. ©Fernando Pérez | Ikusi handiago | Argazki originala



Euskal Herriko Unibersidadea
k eta Bordeleko Unibersidadeak 2018ko Diálogo Saria jaso dabe, Diálogo alkarteko presidente Jean Charles Raufast-en eskutik. Ekitaldian, Nekane Balluerka errektorea izan da UPV/EHUko ordezkaria, eta Bordeleko Unibersidadearena, barriz, haren presidente Manuel Tuñon de Lara. Ekitaldian egon dira Fernando Carderera, Espainiak Frantzian dauen enbajadorea, eta Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua be. 2018 urteko Dialogo Sariaren epaimahaiko burua Benoît Pellistrandi izan da, eta haregaz batera, Isabelle d´Ornano, Emilio Ferré, Jean-Pierre Jouyet eta Jean-René Fourtou-k osotu dabe epaimahaia.

Diálogo espainiarren eta frantziarren arteko laguntasunerako alkarte bat da, eta haren helburua kooperazinoa bultzatzea da kultura, ekonomia, gizarte, hezkuntza eta zientziaren arloetan. Diálogo sariak Frantziaren eta Espainiaren arteko hartu-emonak areagotzeko eta estutzeko eginkizun garrantzitsua izan daben persona, enpresa edo erakundeen ahalegina autortzen dau. Aurreko edizinoetan, saria jaso dabe, besteak beste, Carlos Saura zinemagileak, Yasmina Reza, Mario Vargas Llosa eta Jorge Semprún idazleek, Zinedine Zidane futbol jokalariak eta Jean Reno edo Carmen Maura aktoreek.

Orain, unibersidade biek hartu dabe saria, erakunde akademiko bien artean eratutako Nazinoarteko Bikaintasun Campusagaitik.

UPV/EHUk ohorez, pozez eta esker onez jaso dau sari garrantzitsu hau' esan dau UPV/EHUren errektoreak, Nekane Balluerkak. 'Bordeleko unibersidadeagaz batera eratu dogun Nazinoarteko Bikaintasun Campusa nazinoartekotzearen alde egin dogun erronkearen adibiderik onena da, eta Diálogo sariak orain arte lortutako lankidetza mailea areagotzen eta alkarlanerako bide barriak bilatzen animetan gaitu.

Bere aldetik, Bordeleko Unibersidadearen presidentea dan Manuel Tuñón de Larak esan dau: Nire eskerrik beroenak eta harrotasuna adierazo nahi ditut, Bordeleko eta Euskal Herriko unibersidadeek guretzat benetan garrantzitsua dan sari hau jaso dabelako. Euroeskualdeko campus handinahi eta erakargarri bat sortzeko eta garatzeko alkarlanean egindako lana autortuta geratzen da holan. Duda barik, sari hau motibazino bat gehiago izango da gure erakundeen mugaz gaindiko dinamikeagaz jarraitzeko, eta eskerrak emon nahi deutsedaz epaimahaiko kide guztiei be.

Diálogo alkarteko presidente Jean Charles Raufast-ek honako hau adierazo dau: Ohore bat da ekimen europar baten esparruan jakintza zientifikoa konpartiduteko aukerea dakarren ekimen hau saritzea. Nire desioa da Prix Diálogo hau baliogarria izatea zuei adierazoteko, bada, arrazoia zenduela proiektu honi ekitean eta gure miresmen osoa dozuela.


Nazinoarteko Bikaintasun Campusa

2000ko urteetan hasitako lankidetza batzuetatik abiatuta, Euskal Herriko eta Bordeleko unibersidadeen arteko euroeskualdeko dinamikeak aldaketa erabagigarria izan eban 2011. urtean, UPV/EHUren Euskampus proiektua eta Bordeleko IdEx Bordeaux proiektua martxan jarteagaz batera, Espainiako eta Frantziako nazinoarteko bikaintasun programa nazionalen testuinguruan.

Testuinguru horretan, unibersiadade biek euroeskualde komunidade bat eratzeko eta garatzeko helburua finkatu eben (Euskal Herria-Bordele ardatza), ikerketa, prestakuntza eta jakintzearen transmisinoaren alde egiteko. Aliantza horrek aurreratu eban 2011n Europako lehen campus lez eratzea.

Gaur egun, Nazinoarteko Bikaintasun Campus honek 110.000 ikasle, 9.000 irakasle-ikertzaile, eta 5.000 administrazino eta zerbitzuetako langile batzen ditu. Haren jarduerearen oinarrian lau ardatz dagoz: hezkuntzea; enplegagarritasuna eta ekintzailetzea; ikerketea eta barrikuntzea; konpromisoa eta nazinoarteko sustapena.

Aliantza horrek graduondoko baterako lau titulu sortzeko aukerea emon dau ondoko arloetan: itsas baliabideak (Erasmus Mundus lez autortua), enologia barrikuntzea, finantzak, eta bioinformatikea. Ganera, aliantza horren bultzadaz, Euskal Herriko eta Bordeleko ikasleen arteko mobikortasuna areagotu da, tutoretza bikotxeko erregimenean doktoregoak egin dira (25 tesi abian, urtean), mugaz gaindiko laborategi bi sortu dira (fabrikazino aurreratuan eta nanozientzian), eta Ocean Experience campus baten proiektua bultzatu da, 50 enpresen eta euroeskualdeko eragile askoren ekosisteman oinarritua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu