Txomin Arana: 'Deskantsu faltea da gogorrena'
2018-11-12 08:10 BarriketanMotor gidari bizkaitarra.
Motor eta kotxe zaleak gara Euskal Herrian eta izen batzuk nabarmentzea besterik ez da behar: Txus Jaio, Aitor Zabaleta, Fernando Brizuela, Santiago Erdoiza, Andres, Ander eta Angela Vilariño, Ander Arana, Herri Torrontegi...
Txomin Arana Kobeaga (Ereño, 1985) Gernika Off-Road taldearen babesari esker, 2014an debutau eban Dakar lasterketan, 56.a amaituz. Arana txapelketea amaitzen lehen bizkaitarra izan zan.
Hona hemen Ereñon jaiotako motor gidariak kontau deuskuzanak:
1.- Oraintsu motorrak ixteko erabagia hartu dozu. Ez zan erraza izango. Animo aldetik eta zelan zagoz orain?
Ondo. Erabagi gogorra baina neuk hausnartu eta neuk hartutakoa izan da eta beti be, hobetzeko esperantzeagaz. Trankilago biziko naz eta neure gustoko gauzea izan arren, burukomin gitxiago izango dodaz, seguru. Ixteko arrazoien artean, badakizu goi mailako kirolean ibiltea ez dala bape erraza, lan asko egin behar da eta aurrekontuak lortu eta enparauetan denpora larregi erabilten da; ganera, lana be badaukat eta horri be erantzun beharko jako. Dana aurrera eroatea ez erraza.
Mendiko bizikletan nabil orain, goitik beherako sentsazinoak gustetan jataz eta motorrean be ibilteko esperantzea daukat.
2.- Ander Arana anaia be kotxeetan trebea da eta zeu be ibili izan zara kopilotu. Zelako esperientzia izaten zan hori?
Ona, familarteko giroan beti ondo. Txikitatik motorrean ibili naz eta etxean beti egon da motor hotsa. Goitibeheretan hasi ginan anaia eta biok eta hara non amaitu dogun. Anderregaz goitibeheretan ibilten ginan baina arin emon genduan pausua motor eta kotxeen mundura. Esperientzia oso ona ze gustoko kontuetan ez dago aldatzik, badakizu. Edozelan be guri gidatzea gustetan jaku eta gurago dot txofer joatea.
3.- Husqvarna 450 Rally salgai dozu oraindino?
Bai, baita 2015eko Dakar Rallyan erabili neban Yamaha be. Hor dagoz bateren baten zain...
Motor profesionalak dira eta prezioen saltsan sartuta, ezin deutsut zehatz esan baina 10.000-12.000 inguruan ibiliko da Yamaha eta bestea, 16.000-17.000 bueltan.
4.- Motor gidari profesionala izatea ez da bape erraza, izan be, crowfunding kanpainak eta danetarikoak egin behar izan dozuz aurrera egiteko...
Jakina, partikular batentzako burukomin handia da eta mundu profesionalean bazabiz, akabo; Gernika Off Road taldearen laguntzinoagaz aurrera egin izan dot baina pentsaizu Dakar baterako aurrekontua osotzea sano gatxa dala. Gero, jakina, aukera ezbardinak dagoz, asmoa bada Dakar amaitzea, bota 150.000-200.000 euro inguru.
5.- Motocross-etik Cross-Country-ra pasau zinan preparazinoa hobetzeko ala tartean beste arrazoi batzuk egon ziran?
Ikusi genduan rally munduan lehiakorrak izango ginala. Gidari oso onak dagoz eta lehia oso handia da, norberarena baino aurrekontu handiagoagaz dabilen jenteagaz lehiatzen zara eta erronka polita da hori. Hor ikusi genduan hobetotxuago edo ibiliko ginala eta holan izan da.
6.- Abu Dabi Desert Challenge lasterketan jausi eta orno bat apurtuta ospitalean egonalditxua egin behar izan zenduan. Urtebeteko bajea...
Bai, golpe gogorra izan zan, ornoa apurtu eta osasunean izan neban arazoa gogorra izan bazan be, pentsaizu urtebetetik gora egon nintzala geldi, kirol arloan nire momenturik onenean etorri zan ezbeharra eta horrek emon eustan amorrua. Buelta asko emon neutsazan buruari eta denpora asko galtzen dozu egoera horretan.
7.- Halan da be, 2017an Arratzuko Enduro txapelketan, irabazi eta denporarik onenak egin zenduzan. Norbere herria eta herritarrak lakorik ez dago munduan...
Bai, gogo handia neukan martxan hasteko eta etxean, etxekoak, lagunak, familia eta beste era batera jokatzen dozu. Ez neban hutsik egin gura eta lasterketa polita izan zan. Osasunagaz baragarri, altea hartu eta astebete edo bi lehenago jakin neban parte hartuko nebala eta entrenetako denpora lar barik
hara joan nintzan ilusino handiagaz. Motorra hartu eta oso ondo sentidu nintzan eta egunean bertan oso ondo pasau eta irabazi egin neban.
8.- Lau Dakar egin dozuz (2014, 2015 eta 2016, 2018an agur). Eta tarteka zazpigarren be izan zara, istripuak be izan dozuz...
Lau Dakar egin dodaz. 2014, 2015 eta 2016koak egin nituan eta 2018koari ekin baneutson be ezin izan neban amaitu. Ganerakoan balorazinoa ona da, polito eta gustora ibili gara, tarteka zazpigarren be izan naz eta 16. postuan amaitu neban 2016koa; ezbeharrak be tokau jakuz baina Dakar amaitzea be ez da txarra eta hori behintzat lortu dogu.
9.- Yamaha eta Husqvarna markatako motorrak erabili dozuz. Zeinegaz hobeto?
Biekaz gustora, motor profesionalak dira eta zer esango deutsut ba, ezin ezer txarrik esan. Motorra balitz dana... Aurrekontuak sano potoloak dira maila honetan eta lehenengo Dakar-era joateko 90.000 eurogaz joan ginan, justo antzean, baina lehen be esan dogu helburuak desbardinak izaten dirala. Denporaldi
osoa kontuan hartuta, diru gehiago behar da, bota 200.000 euro edo hortik gora. Baina Carlos Sainzen Peugeot 3008 DKR Maxi kotxearen balioa zehatz ez dakit baina 300.000 euro edo hor bueltan ibiliko da, atara kontuak...
10.- 2019ko Dakar Perun izango da, urtarrilaren 6tik 17ra. Danetara, hamar etapa eta gehiena, % 70 harearen gainean. Motor gidariak bai baina abentura zaleak be bai. Ze izaten da gogorrena holako lasterketatan?
Benetako abentureroak gara... Hareatzan gidatzea eta galtzea ohikoa izaten da baina gogorrena eskatzen badeustazu, deskantsu faltea nabarmenduko deutsut; desgaste edo makaltasun fisikoa itzela da, lo gitxi egiten dozu, jan be txarto eta lehia eta arerioak baino ez daukazuz buruan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!