Miren Agur Meabek berbaldia emongo dau Perun

Bizkaie! 2018-11-07 08:11   Euskaldunak munduan

Hay Festival literatura-jaialdira konbidau dabe idazle bizkaitarra.

Etxepare Euskal Institutuak aurreratu dauenez, Peruko Arequipa uriko Hay Festival jaialdian euskal ordezkaritzea egongo da. Zemendiaren 8tk 11ra egingo dabe nazinoarteko topaketa hori, eta Miren Agur Meabek azken egunean egingo dau berba. Centro Cultural Peruano Norteamericano aretoan izango da hitzordua. Idazle lekeitiarrak gazteen literaturea jorratuko dau.

Hay Festival jaialdia Galesen sortu eben 1988an, eta harrezkero munduko hainbat uritara zabaldu da. Nazinoarteko idazleak eta pentsalariak joaten dira bertara, berbaldi, mahai-inguru eta eztabaidetan parte hartzera. Arequipan 2015etik egiten dabe Hay Festival, eta aurtengo edizinoak sail ugari izango ditu. Sail Nagusian, Mario Vargas Llosa, Karolina Ramqvist eta Leila Guerrero egongo dira, besteak beste.

Hay Festivalito izeneko sailean sartu dabe Miren Agur Meabe. Hain zuzen be, umeen literatureari eta familiei eskainitako atala da hori. Berbaldiez gan, tailerrak eta ipuin kontalariak egongo dira. Meaberen berbaldiaren izenburua honako hau da: De qué hablamos cuando hablamos de literatura juvenil.

Hay Festival jaialdiak munduan zehar daukazan hitzorduetara euskal idazleak eroateko ahalegina egiten dau Etxepare Institutuak. Arequipan ez eze, Cartagenan (Kolonbia) eta Querétaron (Mexiko) be euskal ordezkaritzea egongo dala ziurtatu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu