Unidade didaktikoak eta Irria aldizkaria, Euskaraldia bultzatzeko

Dabi Piedra 2018-11-06 13:10   Euskerea berbagai

Erabilerearen alde, umeak, gazteak eta euskera ikasleak aktibau nahi ditue.

Koldo Tellitu, Miren Dobaran, Garazi Urrusolo, Mertxe Mujika eta Arrate Illaro | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaraldiaren eragina ikasgeletara zabaltzeko asmoz, alkarlanean garatutako hainbat tresna aurkeztu ditue, Bilbon egindako agerraldian. Batetik, hezkuntza arautuko gazteentzako hiru unidade didaktiko, edadearen arabera banatuta. Bigarrenik, euskaltegietako ikasleentzako unidade didaktikoak, euskera maila guztietara egokituak. Azkenik, Irria aldizkariaren ale monografikoa, 2 eta 8 urte arteko neska-mutilei zuzenduta.

Berez, 16 urtetik gorakoentzako ariketea da Euskaraldia, baina hortik beherakoek be zeregin garrantzitsua izan leikiela uste dabe antolatzaileek. Umeek gurasoak aktibau edo suspertzea da asmoa, dino Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranen ustez, gaztetxuek zirikatzaile lana egin leikie: Eskolan unidade didaktikoa landu eta gero, etxera joango dira, eta helduak bultzatu erabilerearen aldeko jarrerea hartu deien.

Ganera, Batxilergoko ikasleek 16 urte baino gehiago dituela gogoratu dabe eta, hortaz, Euskaraldian parte hartu leikie. Ahobizi edo belarriprest izaten animau nahi ditue edade horretakoak. Izan be, unidade didaktikoetako bat Batxilergorako da beren-beregi. Beste biak, DBHrako, eta Ume eta Lehen Hezkuntzarako aproposak dira, Koldo Tellitu Ikastolen Alkarteko lehendakariak azaldu dauenez.

Hainbat helburu ditue ikastolen unidade didaktikoek. Euskaraldiaren barri zabaltzea eta giroa sortzea da lehenengoa, eta parte-hartzea bultzatzea be bai. Tellituk dinoanez, epe luzeagoko asmoak be baditue, esate baterako, egunerokoan euskerearen erabilerara bideratutako konpromisoak hartzea.

Antzeko helburuak gogoan landu dau AEK-k bere unidade didaktikoa. Kasu horretan, edadearen arabera barik, ikasleen mailearen arabera egokitu ditue edukiak: A1-etik C1-era. Helduei zuzendutako ekimena izanik, eta AEK helduen euskalduntzean dabilenez, Euskaraldia pasino handiz bizi dabela azaldu dau Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaileak.

Ikastolen unidade didaktikoetan legez, euskaltegienetan be Euskaraldiaren inguruko jakingarriak lantzen dira, gaika banatuta. Zer dan Euskaraldia, ze helburu dituan, bakotxak zelan parte hartu leiken eta abar, era didaktikoan zabaltzen dabe eduki horreen bidez. Mujikak azpimarratu dauenez, klase presentzialetan ez eze, autoikaskuntzan erabilteko be balio dau. AEK-k sortu dauen arren, ganerako euskaltegietan be erabilteko deia egin dau.

Aurtengo ikasturtean, Euskal Herri guztia kontuan hartuta, 30.000 lagun inguru dabiz euskerea ikasten. Hor belarriprest asko dagozala gogoratu dau Mujikak, baita ahobizi izateko bidean dagozan batzuk be. Miren Dobaran sailburuordeak ganeratu dauenez, hizkuntza ohiturak aldatzea egunean-egunean egin beharreko lana da, gimnasia egitearen modukoa.

Unidade didaktikoak eskuratzeko, hemen.

Irria aldizkaria

Umeen eta Euskaraldiaren arteko loturea sendotzeko, Irria aldizkariaren zenbaki berezia be aurkeztu dabe Bilbon, unidade didaktikoakaz batera. Euskaraldiaren inguruko ale monografiko horrek 44 orrialde ditu, koloretan, aldizkariaren ohiko formatuan. Irrien Lagunak alkarteko kide Garazi Urrusoloren esanetan, 2 eta 8 urte bitarteko umeentzako aproposak diran jolasak, denpora-pasak, marrazkiak, istorioak eta abar dakarz ale barriak.

Fokua helduakan jarten dau Euskaraldiak, baina umeak be gizartearen parte aktibo diranez, nagusien bidelagun izan daitezala nahi dogu, azaldu dau Urrusolok. 16 urtetik gorakoek euskerea gehiago erabili deien, gaztetxuak bultzatzaile izatea da asmoa, Ikastolek atondutako unidade didaktikoen kasuan legez.

Kafe Antzokian egin dabe aurkezpena (argazkia: Euskaraldia)
Argazkia: Euskaraldia

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu