X. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia gaur Bilbon

Bizkaie! 2018-11-06 08:28   Kulturea

Andras Kornai aditu hungariarra Bilbon izango da hizkuntzen bizitasun digitalaren giltzarriak azaltzeko.

Zemendiaren 6an, EHUren Bizkaia Aretoan Bilboko jardunaldiari hasierea emongo deutsie Koldo Narbaiza, Bilboko Udaleko Euskera eta Hezkuntza Saileko zinegotziak, Jon Zarate, EHUko Euskera errektoreordeak eta Maddi Etxebarria Soziolinguistika Klusterraren lehendakariak.

Jardunaldiak aukera emango du euskararen biziberritzearen inguruan aurrera eramaten ari diren ikerketa, berrikuntza eta garapen proiektuak zenbait eratan ezagutu eta lantzeko.

Hizkuntzen bizitasuna eta etorkizuna bermatzeko baldintzei jagokenez, berariazko ikuspegia behar dau ingurune digitalak. Hizkuntza komunidade bakotxak bere modura erantzun deutso testuinguru barrietara egokitzeko etenbako erronkeari. Erantzun horreen arabera beren bizitasuna indartu edo arriskuan be jarri diran hizkuntzak dagoz munduan. Esangura horretan, jardunaldian nazinoarte mailako jokera nagusien barri izateko aukerea egongo da, arloaren ezagutza zuzena dabenen ahotik; alde batetik, nazinoarte mailan gaia ikertu eta lantzen daben aditu erreferentzialak izango dira; eta bestetik, euskerearen kasua erarik sakonenean ezagutzen daben bertako eragileak.

Programea zenbait gairi buruzko eta era guztietako formatuetako saioek osotuko dabe. Gai bat da nagusitzen dana: hizkuntzen bilakaerea ingurune digitalean. Andras Kornai Doktorea (Budapest, 1957) mundu mailako erreferentzia da hizkuntzen bizitasun digitalari jagokonez. Munduko hizkuntzen gehiengo handia heriotza digitalaren arriskuan dagoala adierazo izan dau eta haoni aurre egiteko gakoak zeintzuk diran azalduko dau bere berbaldian. Ingelesez berba egingo dau Kornaik eta euskerara interpretazino zerbitzua eskuragai izango da behar dabenentzat.

Jarraian, lehen saio horri lotuta, euskerearen inguruan lanean dabizen hainbat eragileren txandea izango da. Euskerearen Aholku Batzordeko IKTen lantaldea, PuntuEUS Fundazinoa, Euskal Wikilarien Alkartea, IXA taldea, Elhuyar Fundazinoa eta Deustuko Unibersidadea zein Udako Euskal Unibersidadearen ikuspegiak ezagutzeko aukerea izango da hamarna bat minutuko aurkezpenetan.

Jardunaldian izen emondakoen parte hartze zuzenerako tarte zabala be eskainiko da egitarauan. Aldibereko lau tailer egingo dira: Hizkuntzen erabileren eta bestelako faktore sozialen arteko loturea aztertzekoa; lurralde bateko hizkuntza dibersidadea zelan eroan mapetara (Gipuzkoako kasuan oinarritua); esparru lokalean hizkuntz aktibazinorako giltzarriak; eta azkenik, jarraipena emongo deutsena goizeko lehenengo saioei, euskereak ingurune digitalean dituan erronkei buruzkoa (Azkue Fundazinoak gidatua).

Lantegiok Euskal Soziolinguistika Jardunaldian batutakoen ezagutza eta ikuspegi aniztasuna erabilteko gune legez planteau dira. Alkarregaz sortu eta martxan dagozan proiektuetan ekarpen kolektibo bat egiteko guneak izango dira.

Arratsaldean, lehen aldiz, Hausnartu Sarien banaketea Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren egitarauan txertatuko da. Hausnartu Sariak euskal soziolinguistika esparruko lanik onenak saritzen dituan lehiaketea da. Urtero, euskerea eta gizartea gai hartzen dituen ikerketa, azterketa eta hausnarketa lanak saritzen dira. Zenbait arlotako lanak be izan daitekez, besteak beste, soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazino-zientzietatik.

Aurtengo saria Izaskun Kuartangorentzat izango da Bezero misteriotsuaren teknika herri-administrazinoetako zerbitzu-hizkuntzearen ebaluazinoan izeneko lanarengaitik. Lehiaketearen bigarren saria Miren Artetxerentzat da eta hirugarrena, barriz, Irati Lizeagarentzat. Horrezaz gan, saridunek euren lanen lehen aurkezpena egingo dabe.

Arratsaldeko bigarren saioan, Soziolinguistika Klusterraren zenbait proiektutatik ateratako hausnarketak, ideak, tresnak eta ikasgaiak modu arinean aurkeztuko dira. Saioaren helburua da abian dagozan proiektuen lagin txiki bat erakutsi eta horreen bidez eskuratutako emoitzak balioan jartea.


Soziolinguistika Klusterra

Euskerearen garapen sozialaren ikergunea da Klusterra. 2004an sortu zan eta ordutik honako ibilbidean ikerketa-esperientzia, harreman-sarea eta ezagutzea sortzen eta metatzen joan da. Helburua da ezagutza soziolinguistikoa sortzea eta kudeatzea euskerea bizibarritzeko prozesuaren erronka, interes eta beharrei erantzuteko. Horretarako, bazkide, erakunde publiko, gizarte eragile, zientzialari eta bestelakoakaz alkarlanean proiektuak garatzen ditu, ezagutza teorikoaren eta arlo aplikatuaren arteko zubiak eregiz.

Informazino gehiago, programea eta inskripzinoa hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu