Euskaltzaindiari emongo deutsie Gipuzkoako Ondarearen Saria
2018-11-06 08:15 Euskerea berbagai2009an sortu zanetik, saria emon daben hirugarren aldia da.
Gipuzkoako kultura ondarea jagon, ikertu eta zabaltzeko egindako lana saritzen dau Foru Aldundiaren Ondarea Sariak. Euskaltzaindiari emongo deutsie oraingoan, zemendiaren 16an Donostian egingo dan ekitaldian. Euskaltzaindia saritzea aho batez erabagi dauen epaimahaian honeek egon dira: Felipe Juaristi, Juan Bautista Mendizabal, Rocio Peña, Susana Soto, María José Telleria eta Gabriela Vives.
Epaimahaiak nabarmendu dau Euskaltzaindiaren mendeurrena eta euskera batuaren 50. urteurrena bete barri dirala. Euskera batua gizartearen arlo guztietan autortzen eta partekatzen dan ondarea da, erakundeak euskerea jagon, ikertu eta bultzatzeko egindako lanari esker, dino epaimahaiak. Erakundeak ondasun hau bizibarritzeko izan dauen gaitasunean, eta euskerearen zabalkundeak eta erabilereak gizartean izan dauen eragina eta sortu dauen eraldaketa kulturala be azpimarratu dau.
Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputaduaren esanetan, Euskaltzaindiari esker, euskerea bizirik dago eta etorkizuna dauen hizkuntzea da. Bestetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazo dau euskerea danon ondarea dala, eta ehun urtez egin daben lanari eutsiko deutsiela, gaur egungo baliabideak erabilita.
Azkenik, Akademiak Gipuzkoan dauen ordezkariak, Miriam Urkiak, zera esan dau: Geure zereginetan jarraitzeko indarra emoten deusku sari honek. Mendeurrena dala eta, atzera begira jarri gara urte honetan, baina gure asmoak eta gure ahaleginak etorkizunari begira dagoz. Ekin eta jarrai.
Ondarea Saria 2009an sortu eban Gipuzkoako Foru Aldundiak, baina bitarte honetan bi bidar baino ez dau emon. Lehenengo urtean, Fermin Leizaola saritu eben, eta 2011n, Juan Garmendia. Hirugarren saritua izango da Euskaltzaindia. Denis Itxasoren arabera, aspaldiko partez Ondarea Saria berreskuratu dabe, haren filosofiak indarrean segitzen dauelako, eta sariak lagunduko dauelako gizartea sensibilizetan ondareak gure historiaren ezagutzan beteten dauen papelaren inguruan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!