Euskal itsas ondarea babesteko 200.000 euro inbertiduko ditue
2018-11-05 07:55 KultureaBingen Zupiriaren esanetan, ontziak museoratzea edota ontzi txikiak zaharbarritzea diruz lagunduko da.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskal itsas ondarea babestu, zabaldu eta horri balioa emoteko ekimena aurkeztu dau egunotan, Donostiako San Telmo Museoan. Diru-laguntzino deialdi baten bitartez, Eusko Jaurlaritzeak 200.000 euro bideratuko ditu, urtero, deialdi honetan jasotako bost modalidadeetan sartu daitekezan proposamenak diruz laguntzeko. Ondorengo ekintzok jasoko ditue diru-laguntzinoak: egurrezko ontziak museoratzeak; jenteari zerbitzua emoteko egurrezko ontziak konpontzeak eta atonduteak; lurreko instalazinoei (ontziolak, lonjak eta ontziralekuak lako beste elementu batzuk) balioa emoteak; egurrezko ontziak konpontzeko eta egokitzeko gastuak; eta, azkenik, ondare horri balioa emoteko ekitaldiak antolatzeak.
Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendariagaz batera, Zupiria sailburuak ondare hau babesteko proiektuetara bideratutako laguntzen arlo barri honen helburua azaldu dau: Ondarearen ikuspegitik, itsasoko kultur ondareak babes txikia jaso dau orain arte. Horren ondorioz, sektoreak bere elementu historiko asko galdu ditu, alde batetik, motorrak eta teknologia barriak sartzean; eta, bestetik, materialak (beira-zuntza eta plastikoak) eta formak (industrialak, tokiko formak kontuan hartu barik) aldatzean, sektorea eraldatzen joan zan. Eta modernizazino horrek elementu tradizionalak galtzea ekarri eban. Egoera horren aurrean, uste dogu garrantzitsua dala geratzen jakunari arretea eskaintzea eta hori babesteko ekimenak bultzatzea, adierazo dau.
Esangura horretan, sailburuak aitatu dau laguntza honeen barruan babestu daitekezan elementu ugari dagozala, eta egurrezko ontziak babestea be aintzat hartzen dala: Egurrezko ontzien katalogo bat egin ondoren, ikusi da ontzi gitxik beteten ditutela gitxieneko ezaugarri tradizionalak, material eta teknologia barrietara egokitu barik. Beraz, laguntzotan mueta honetako ontziak be aintzat hartu dira, gero eta gitxiago baitira gure portuetan, adierazo dau.
Diru-laguntzino honeen bitartez, itsas ondareari lotutako elementuak babesteko, ezagutzera emoteko edo horreei balioa emoteko helburuagaz egingo diran inbersinoen % 50 ordaindu ahal izango da gehienez. Hona hemen diru-laguntzinoen barruan jasotako bost modalidadeak:
1. Egurrezko ontzietan lanak egitea, horreek museoratzeko helburuagaz. Diruz lagundu ahal izango dira:
- Esku hartu edo zaharbarriztau aurretik erispideak finkatzeko behar diren azterketak eta/edo analisiak.
- Ontzien barruko zein bertan sartzeko segurtasuneko eta sarrerako obrak edo elementuak.
- Ontziaren izakereagaz loturarik ez daben eta interpretazinorako beharrezkoak diran kartelak, taulak eta erakusketako beste edozein mekanismo.
- Bertan ez dira sartuko ontziaren zaharbarrizte-lanak edo egitura-ekipamenduak (motorrak, belak, mastak...).
2. Jenteari zerbitzua emoteko egurrezko ontziak atontzea.
- Segurtasuneko eta nabigazinoko ekipamendu-gastuak hartzen dira, baita ontziari balioa emoteko gastuak be (halakorik balego).
- Uretan ibilteko behar diran egitura-obrak.
3. Lurreko instalazinoak balioestea: ontziolak, lonjak eta portuko elementuak. Ontziralekuak lako egitura txikiagoak be gogoan hartzen dira. Balioa handitu leikien elementuek holan jasota eta balorauta egon beharko dabe Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren kultur ondareko katalogoetan. Modalidade horren barruan honako honeek batzen dira:
- Aurretiko azterketak: esku hartzeko erispideak zehazteko behar diran azterketa historikoak, arkeologikoak eta/edo ondarezkoak.
- Balioa emoteagaz bateragarri ez diran zatiak edo elementuak ezabatzea.
- Eraikinak erabilteko atontzea. Proiektu teknikoak, obren zuzendaritzea eta instalazino orokorrak.
- Egin beharreko museoratzeari edo balioa emoteari lotutako azpiegiturak, taulak eta kartelak.
- Ez dira zaharbarrizte eta urbanizazino-obrak barne hartzen.
4. Egurrezko ontziak konpontzeko eta egokitzeko gastuak. Nabegetako ontziak behar dituan lizentzien eta baimenen tramitazino-gastuak kontuan hartzen dira, baldin eta esku-hartzea ontziaren ezaugarrietara mugatzen bada eta ondare-balioak kaltetzen ez badira.
5. Egurrezko itsasoko kultur ondareari balioa emoteko ekitaldiak edo jarduerak. Itsasoko kultur ondareari balioa emoteari zuzenean lotutako ekitaldien parteak edo jarduerak diruz lagunduko dira (ontzi tradizionalen kontzentrazinoak, erakusketak, berbaldiak...).
Lehenengo hiru modalidadeetan, diru-laguntzinoek ezingo dabe 30.000 euro baino handiagoak izan; azken bietan, barriz, ezingo dabe 2.000 eurotik gorakoak izan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!