Getxoko IV. Euskera Planari egindako ekarpenei erantzuten dabil Udala
2018-10-31 13:17 Euskerea berbagaiAurreko planaren betete mailea % 79koa izan zan.
2018 eta 2022ra arte indarrean izango dan Getxoko IV. ESEP, Euskerea Sustatzeko Ekintza Planaren proposamena ikusgai dago udal webgunean, herritar ugarik egin daben ekarpenakaz batera. IV. Euskera Planaren hiru helburu nagusi dira hizkuntza-gaitasuna handitzea, erabilerea sustatzea eta euskerea eta bakotxaren berbakerea aberastea; horreek lortzeko hainbat esparrutan eragitea proposatzen da, horreen artean, familian, irakaskuntzan, helduen euskalduntzean, kulturartekotasunean, administrazinoan, aisialdian, kirolan, lan-munduan, kulturgintzan, komunikabideetan eta teknologia barrietan. Esparru horreetarako neurri ugari (140) proponidu ditue, batzuk urtero erantzun bikainagaz egindakoak, Getxoz gaindiko egitasmo garrantzitsuak eta egoera soziolinguistikoak eskatzen dituanak, izan be, ezagutzen dan EUSTATen azken azterketearen arabera, 2016ko datuei erreparauta, getxotarren % 33 elebidunak dira, % 43 elebakarrak eta % 23 elebidun hartzaileak.
Euskera Planak sozializazio fase bi izan ditu; lehenengoan hainbat esparrutako eragilegaz (udalerriko kultur, kirol, Gizarte Zerbitzuak, Gazte, Bardintasun, arduradun politiko...) eztabaidatu zan eta bigarrenean, jentaurrean jarri zan eztabaidagai udal webgunean. Horren ondorioz, 61 proposamen, galdera edo ekarpen jaso ziran eta momentu honetan horreei erantzuten dabiz.
Aurreko planaren betete mailea
III. Euskera Planak (2013-2017) proponidutako 285 neurritatik 227 egin ziran, hau da, % 79, aurrekoetan baino gehiago, lehenengoan eta bigarrenean % 72 bete zalako. Neurri gehienak bete ziran euskerea belaunaldiz belaunaldi (irakaskuntzea, euskalduntzea, familia eta kulturartekotasuna) eta etenik barik transmitidutea helburu eben esparruan, (77 neurritatik 60) eta gitxienak euskerearen elikadurea bilatzen eben atalean (59tatik 45), hau da, kulturgintzan, komunikabideetan eta teknologia barrietan.
Euskera Plan eta ganerakoen ganeko informazino gehiego hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!