Ondarroako Txomin Agirre Ikastoleak 50 urte beteko ditu
2018-10-31 08:05 Euskerea berbagaiTxomin Agirre Bizkaiko ikastola barritzaileenetakoa da eta hezkuntza ibilbidea ospatzea hartu dau helburu.
Ondarroako Txomin Agirre Ikastoleak ikasturte osoan zehar 50. urteurrena ospatuko dau mundu guztiarentzat edegitako ekintza programazino zabalagaz. Kultura, kirola zein hezkuntza eta ekitaldi tradizionaletan parte hartu ahal izango da. Horrezaz gan, ikastolan bertan eta kanpoaldean hainbat berbaldi, adituek gidatutako jardunaldiak eta erakusketak egingo dira.
Urriaren 31n, ikastolearen sorrerea gogoratzeko, Txomin Agirreko Guraso Alkarteak Animen Gaua berreskuratu dau antxina herrian ospatzen zala jakin ostean eta, beste ekimenez gan, Musika Eskolako ikasleen laguntzaz kalejirea egingo da. Ostean, txokolatadea. Ganera, txokolatadan jasotako dirua Ekai, gizarteak ulertu ez zeutsolakoan bere buruaz beste egin eban 16 urteko gazte transexualaren bizitzari buruzko dokumentala egiteko erabiliko da.
Ikastolea, Eleizbarrutiko Ikastetxeak sareko kide, Bilboko Gotzaindegiaren agindupean, Bizkaiko ikastola zaharrenetakoa da. 1968. urtean sortu eben ikastolen mobimentuagaz bat euskereari bultzadea emon eta euskeraz ikasi nahi eben ikasleen eskaeraz arduratzeko. Txomin Agirre Ikastoleari abade eta idazle ondarrutarraren izena jarri eutsien, Euskaltzaindiako kide eta Auñemendiko Lorea edo Kresala lako idazlanen egilearen izena.
Orain, Txomin Agirre Bizkaiko ikastola barritzaileenetakoa da eta hezkuntza ibilbidea ospatzea hartu dau helburu eta, aldi berean, gizarteari eta inguruari ikastolako hormak zeharkatuko dituan balore eta hezkuntza tresnak eskaintzea, dino Alaine Solabarrietak, ikastolako zuzendariak.
Kontuak kontu, ikastoleak hezkuntza adituen agerraldiak antolatu ditu, berbarako, berbaldiak; Roberto Aguado psikologo klinikoak be, hezkuntza emozionalean aditua, berbaldia eskainiko dau familiei txiki, gazte eta nerabeen gogo-aldartea eta emozinoak ulertzen laguntzeko, bai familia inguruan edo familia ingurutik kanpo. Berbaldiak zein ganerako ekitaldiak dobakoak eta danontzako edegiak izango dira. Izan be, hezkuntza emozionala Txomin Agirreko pedagogia ardatzetako bat da ikasleen ikasketa garapena hobetzeko.
Aste tematikoak
Ikastola ondarrutarrak hiru aste tematiko atondu ditu, kirola, kulturea eta zientziari zuzenduak: kirol arloan, kirolari profesionalak izango dira azalpenak emoten. Aste kulturalean, oraindino zehaztu barik, kazetariak, idazleak, bertsolariak, sukaldariak, musikariak eta aktoreak hurreratuko dira ikastolara. Eta Zientzia astean, ostera, ikastoleak mediku espezialistak, ikertzaile edo emakume zientzialariak gonbidau ditu.
Horrezaz gan, herritarrentzako zein kanpotarrentzako ekintzen artean, ikasleek hiruhilekoan zehar Ulermenerako Irakaskuntza metodologiapean, Harvard Unibersidadean sortutakoa hezkuntzea, landutako proiektuen emoitzak aurkeztuko ditue. Eredua orain urte bi ezarri eben Txomin Agirre Ikastolan eta betiko azterketak eta testu liburuak ordezkatzea ahalbidetzen dau, izan be, unibersidade amerikarreko adituek aste honetan ikastolea bisitau dabe metodologiaren ezarpena aztertu eta gainbegiratzeko.
Ikastoleak Ondarroan izandako hezkuntza ibilbidea gainbegiratzeko argazki erakusketea antolatu dau; Alamedan ikusi ahal izango da zezeileko aste oso batean. Leku horretan bertan, ikasleek robotika eta programazino erakustaldia eskainiko dabe maiatzean, Ikastolako curriculumera batutako eta ikasleak arlo honetako lehen mailako txapelketetara eroan dituan sistema.
Azken buruan, 50. urteurrenaren ospakizuna bagilean izango da ikastolako ikasle ohien biltzar eta afariagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!