Trikitixa txapelketen urrezko aroko grabazinoak berrargitaratu ditue
2018-10-30 09:08 Musikea1979tik 1991ra arteko finalak CDan entzun leitekez.
1970eko eta 1980ko hamarkadetan, eta 1990ekoaren hasiera-hasieran, jarraipen handia izan eben Euskal Herriko Trikitixa Txapelketa Nagusiek. Normalean, Donostian izaten ziran finalak, eta Anoetako pilotalekuan 7.000 entzule be batu ziran urte baten. IZ diskoetxeak final hareen grabazinoak argitaratu zituan, eta ondare hori gaur egungo publikoaren esku jarteko, berrargitaratu egin dabe.
IZ desagertuta dagoan ezkero, Elkar argitaletxeak eta Euskal Herriko Trikitixa Alkarteak hartu dabe berrargitalpenaren ardurea. Kasetean atera zituan IZk finalen grabazinoak, eta oraingo honetan CD formatua aukeratu dabe. 1979tik 1991ra arteko finalak batu ditue bilduman. Danetara, zazpi final, hamahiru CDtan. Hain zuzen be, Txapelketa Nagusia 1991n jokatu zan azken aldiz.
58 bikoteren piezak entzun leitekez diskoetan, finaletan jo beharreko modalidadeetakoak: trikitia, fandangoa, porrusaldea eta arin-arina. 1986ko grabazinoen kasuan, kalejira doinuak be sartu ditue, orduko haretan puntuak banatu zituelako modalidade horretan be.
Elkarrek orain dala hiru urte eskuratu eban IZ diskoetxearena izandako ondarea. Euskal musikearen historiako lan esanguratsu ugari topau zituen argitaletxeko kideek ondare horretan, tartean Trikitixa Txapelketa Nagusiko grabazinoak. Horregaitik, Trikitixa Alkartera jo eben, alkarlanean berrargitalpena egiteko. Haritz Garmendia trikitilari gaztearen azterlan laburra dakar bildumearen liburutxuak, CDen osogarri.
Anjel Valdes Elkarreko kidearen esanetan, bildumea belaunaldi barrientzako erreferente eta tresna izatea nahi dabe. Gazteek eregi behar dabe trikitixaren etorkizuna, eta horretarako iragana ezagutzea beharrezkoa da. Horrezaz gan, trikitixa txapelketen urrezko aroa ezagutu ebenentzako produktua be badala dino Valdesek, zale askok galdetzen dabe orduko grabazinoen inguruan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!