Erabagi da 2019ko Arabako txapelketan nortzuk egongo diran

Bizkaie! 2018-10-29 08:14   Bertsolaritzea

Asteotan jokatutako kanporaketetan 13 bertsolari sailkatu dira.

Asteburuan jokatu dira 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketan sartzeko azken hiru kanporaketak, Bastidan, Agurainen eta Murgian. Hortaz, zezeilean hasiko dan txapelketan nortzuk egongo diran erabagi da. Danetara, 18 bertsolari izango dira: Aurreko edizinoko bost finalistak eta aurre-kanporaketa honeetatik datozan 13 bertsolariak.

2017ko finalistak honeek izan ziran: Oihane Perea txapelduna, Manex Agirre, Xabi Igoa, Iñaki Viñaspre eta Serapio Lopez.

Kanporaketetan sailkatutako 13 bertsolariak honeek dira: Andere Arriolabengoa, Irati Anda, Rikardo Gonzalez de Durana, Peru Abarrategi, Aroa Arrizubieta, Ainhoa Comas, Beñat Garaio, Aitor Ugarte, Felipe Zelaieta, Unai Anda, Izar Mendiguren, Paula Amilburu eta Manu Bendala.

Asteburu honetako saioei jagokenez, Bastidako saioan, Eli Plazaola ibili zan gai-jartzaile. Rikardo Gonzalez de Durana izan zan irabazlea, 178,5 puntugaz. Haren atzetik, Jon Ruiz de Pinedo (152,5 puntu), Unai Mendibil (146), Xabi Antia (129,5) eta Iñaki Cabeza (129,5). Xabi Igoak be kantau eban, seikotea osotzeko, baina punturik eskuratu barik.

Agurainen, ostera, Peru Abarrategi izan zan irabazlea, 179 puntu batuta. Hurrengoak honeek izan ziran: Ainhoa Comas (172 puntu), Oier Arbina (142) eta Aitor Najera (132,5). Jagoba Apaolazak ezin izan eban parte hartu, eta Oihane Pereak bete eban haren lekua, puntuazinoetan sartu barik. Gai-jartzailea Etxaun Otaño izan zan.

Azkenik, Murgian, Aitana Iradier gai-jartzailearen aginduetara, sei bertsolarik kantau eben. Irabazlea Aroa Arrizubieta izan zan, 177 puntugaz. Ondoren, honeek geratu ziran: Beñat Garaio (166 puntu), Felipe Zelaieta (161), Martin Abarrategi (147,5) eta Xabi Rico (141). Seigarren bertsolaria, puntuazino barik, Serapio Lopez izan zan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu