Jokin Oregi: 'Konpartidutako errituala da antzerkia'
2018-10-29 08:05 BarriketanAntzezlea eta zuzendaria.
Amour, maitasuna eta gorrotoaren artean dagoan mugearen inguruan hausnartzeko antzezlana; errezeloak gainditzeko, ezbardinari gure bihotzean lekua egiteko eta aurreretxiak gainditzeko aldarria. Arriaga Antzokiak eta Marie De Jongh taldeak produzidu, Basauri Social Antzokiak koproduzidu eta Victoria Eugenia Antzokiaren lankidetzeagaz egina.
Marie de Jongh, 2008an, Jokin Oregik eta bere emazte Ana Meabek sortutako taldearen izena da.
Amour eta ganerako antzezlanez, hona hemen Jokin Oregik kontau deuskuzanak:
1.- Hamar urteko ibilbidean, Max Saria 2017, Xixoneko Feten (2008, 2012, 2016, eta 2018), Tournesol 2015 eta oraintsuko Espainiako Kultura Ministerioak emoten dauen Ume eta gazteentzako Arte Eszenikoen Espainiako Saria. Sariok pozik hartzen dira baina erantzukizuna be ez da makala izango. Zorionak sariokaitik Jokin..
Bai. Pozarren gagoz. Kultura Ministerioaren sariak ibilbidea autortu deusku eta hori ez da gitxi. Listoia altu jarri deuskuzue eta horri erantzun egin behar jako. Broma gitxi, lehen erronkak ziranak orain sariokaz eta autorpenakaz seriotu egiten da gure jarduna baina pozik gagoz. Maileari eusteko lan egin behar da eta ahal dan neurrian hobetzeko. Gu beti gagoz behar egiteko prest.
2.- Berbarik bako ikuskizuna da Amour eta darabizuen keinu antzerkia nabarmendu dau epaimahaiak. Nortzuk hartzen ditue hobeto keinuak txikienek ala nagusiek?
Danontzako ikuskizunak egitea da gure erronkea eta keinuak txikitxuenentzako ez eze, nagusientzako be ez dira txarrak. Sarri esan izan dogu helduentzako antzerkia egiten dogula txikienentzako eta helduen antzerkia umeentzako; guri gustetan jaku helduak umeakaz joatea antzezkizunetara, baita umeak zein helduak bakarrik; belaunaldi ezbardinen artean gure antzezlanak ikustea esperientzia aberasgarria dala pentsetan dogu. Umeentzako modu ederra da sozializazinorako eta helduentzako bardin.
3.- Testu bakoa eta 7 urtetik gorakoentzat gomendatua da Amour, familia osoari zuzendutako ikuskizuna. Ze gai darabizue antzezlanean?
Sakonean, maitasuna da gai nagusia, maitasunaren garrantzia eta horrek dakarren guztia, besteakanako errespetua, aurreretxiak gainditzeko aldarria eta abar. Hasieran, emakume bien arteko maitasun istorioa egin gura izan genduan baina aurrera egin ahala, maitasun orokorragoa zala oinarria jaubetu ginan eta gustora genbilzan; gizon eta emakumeen artekoa, emakume bien artekoa, gizonezkoen artekoa, baita anai biren arteko maitasuna.
4.- Testuagaz ala testu barik, zeinetan zabiz gustorago?
Ez dogu berbarik, alkarrizketarik erabilten baina testua bai. Esan gura dot dramaturgia edo egituraketa bat dagoala beti, intentzinoak, asmoak ditue personaiek eta hori dana idatzita dago. Baina jentaurrean keinuak erabilten doguz. Historiak antzera kontetan dira baina egia da berbarik bakoetan artifizioa nabarmenagoa dala, berez da artifizio handikoa antzerkia baina berbak kenduta, atara kontuak. Ipuin ikutua hartzen dau antzezlanak eta oso interesgarria da hori, distantzia, gaiak modu pedagogikoan lantzeko aukerea, gai inportanteak jorratzeko gaitasuna.
5.- Amour antzezlanagaz aspalditik, urte bi edo zabizie zuzenean erakusten. Zelako harrerea ikusi dozue orain arte? Anekdotarik?
Hamau urteotan milaka anekdota edo pasadizo ditugu. Inportanteena da umeentzako egokia ete dan obra bat esaten izan deuskuela askotan eta azkenean umeek salbetan gaitue. Dana dala, anekdota zehatzetara joanda, gure hirugarren ikuskizunean, Alabatxo izenburukoan, etxekoek baztertuta eben agure zahar bat agertzen zan eta umedun egoan alabeak umea galdu ostean gizon horrek ateratzen dau iluntasunetik emakumea. Istorio hori kontau genduanean, neskatxu bat hurreratu jakon gure taldeko bati esanaz amagaz sarri izaten ebala barriketea: ama aitite bisitau gura neuke eta emakumeak erantzuten eutsola hurrengo astean, gabon bueltea zan, joatekotan zirala; alabeak, barriz, ezetz orain joan behar zirala aititeri besarkada bat emoteko. Holako momentuakaitik merezidu dau antzerkia egitea.
Antzerkian bizi izan dodan esperientzirik ederrenetakoa be nabarmendu behar deutsut. Hemen, Otxarkoagan, Harrobia dago, antzerkia ganoraz preparau, ensaioak egin eta bestelakoak zehazteko lekua, antzezkizunak probeko, argiakaz, soinuagaz eta probak egiteko... Kontua da ze down sindromedun ume zein nerabeakaz eta pase bat atondu ebela. Saioa ederra izan zan, barriketaldiak tarteko, emozinoz ganezka amaitu genduan, hunkituta, persona horreen sentiberatasuna ikusi eta sentiduta eta ez daukat ahaztuteko.
6.- Abenduan Frantziara zoazie Amour aurkezten. Hor be emozino faltarik ez da izango...
Bai. Lyon aldera goaz eta abenduaren 14tik 31ra Célestins antzokian, antzezlanak egitea da asmoa. Gogotsu gagoz eta gure atzetik datozenentzako be barri ona da, promozinorako, gure lana ezagutzera emoteko sano inportantea izango dalako.
7.- Amour eta Izar lanetan maskarak erabili dozuez. Zergaitik?
Lehentasuna beti emoten deutsagu istorioari, zer kontau gure dogun, hori argitzen dogu lehenengo. Istorio bat aukeratzen dogunean gaiari baino sentimenduei erreparetan deutsegu, zerk hunkitzen gaituan, zer eta zelan kontau gaiak. Izar sortu baino lehentxuago, Amour obran inprobizazino momentu batean etorri jatan burura ze gauza ederra dan ume bat bihurtzen danean aitaren aita eta ama, zenbat umeri pasetan jaken hori, euren gurasoen arduradun bihurtzearena. Hortik tiraka etorri zan Izar.
Maskeren arloan, bigarren mailako erabagiak dira, berbarako ume bat behar badogu istorio bat kontetako maskareagaz magia sortzen dogu. Komunikazinoa erraztu egiten dau eta tresna oso erabilgarria begitantzen jaku.
8.- Gauza asko entzungo zenduezan, arimadun antzerkia dala zuona, magiaduna... Zer da zuretzako antzerkia?
Antzerkia definiduteko gauza asko esango neukez bina labur esateko antzerkia da gure artean, herrikideon artean konpartiduten dogun egoera bat, sentimenduak, bizitzea ikusteko modu posibleak be hortxe agertzen dira. Erritual partekatua da antzerkia, jente piloa batzen gara oholtzan eta ze gai, ze jarrera nork zer eta bestelako hausnarketak erabilten doguz. Askotan pentsau izan dot antzokira goazenean zeozer intimoa edo barrukoaren bila, hunkituko gaituan zeozeren bila joaten garela. Ez gagoz bakarrik munduan. Film bategaz, liburu bategaz edo artelan bategaz zeozelako loturea sortzen da eta horrek ez dauka parekorik. Loreak jaso baino zu ulertzen zaituan jentea badagoala gustetan jaku.
9.- Ghero antzezlana zemendiaren 20an, Tartean eta Euskaltzaindiagaz, estreinauko dozue Arriaga Antzokian...
Bai, oso gustora gabiz Patxo Telleriagaz, Mikel Martinezegaz eta ganerakoakaz. Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harian, geugaz harremanetan jarri eta berehala egin genduan bat euren jarreagaz. Ensaioakaz buru-belarri gabiz orain eta tensino ikutuagaz be bai ze estreinaldirako eguna gero eta hurrago dago.
10.- Zu zeu zuzendaritzan zabiz baina keinuetatik testura, zelan egin dozue salto hori?
Berba barik Mari de Jongh taldeagaz egiten dot baina Tartean Teatrogaz berbakaz ibili gara beti eta, beraz, saltorik ez dago. Patxok idatzi eta neuk zuzendu sarri ibili gara, ez da mundu arrotza niretzako. Obra bakotxa zerotik hasten da eta prozesua oso polita da. Kolokan, umezurtz egotea be ohikoa da erabagirik onena zein dan erabagiteko baina momentu horreek be ederrak dira.
10.- Ane Meabe emazteagaz batera sortu zenduen Mari De Jongh orain hamar urte. Handik hona zer nabarmenduko zeunke?
Bai. Konturatu barik joan dira urteak eta lan faltarik oraingoz ez dago. Proiektua sendotzea da asmo nagusia, esparru zabalagoaren bila gabiz, Frantzia, Txina, mundua, denpora gehiago behar dogu esperimentazinorako, lan eta gidoiak lantzeko. Horretan gabiz, pare bat proiektu badaukaguz, beharrean hasita be bagagoz baina ezin deutsut ezer aurreratu. Badakizu denpora asko, patxadea behar izaten dogula lanak aurrera eroateko. Su geldoan hobeto prestatzen dira ikuskizunak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!