Bilboko Udalak Urrezko Dominea emon deutso Euskaltzaindiari

Bizkaie! 2018-10-26 12:28   Euskerea berbagai

Udalbatzako alderdi politiko guztien onespenagaz erabagi dabe Akademia omentzea.

Juan Mari Aburto alkateak Bilboko Udalaren Urrezko Dominea eta diplomea emon deutsoz Andres Urrutia Euskaltzaindiko buruari, udaletxean egindako ekitaldian. Era horretara, Akademiaren mendeurrenean, euskerearen aurrerabidearen alde egindako ahalegina eskertu deutso Udalak.

Ekitaldian, udal ordezkari eta euskaltzain ugari egon dira. Txistularien Udal Bandeak pieza batzuk jo ditu: Berako alkate soinua; Lazkaoko Kontrapasa, Jose Inazio Ansorenarena; Agur jauna; eta Ametsa, Eduardo Ezeizabarrenarena.

Juan Mari Aburto alkateak zera adierazo dau: Euskaltzaindiari emon deutsagu Uriaren Urrezko Dominea, joan dan ehun urte honeetan apustu irmo eta ezbairik bakoa egin dauelako euskerea, gure hizkuntzea, jagon, ikertu eta haren gramatika arauak formulatzeko, nahiz euskerearen erabilerea eta eskubideak sustatzeko.

Andres Urrutia euskaltzainburuak, Akademiako guztien izenean, hunkituta hartu dau dominea: Egundoko autortzea egin deusku Bilboko Udalak, ez bakarrik guri, ehun urtez euskerearen alde lan egin daben euskaltzain oso, urgazle eta ohorezko guztiei baino. Euskaltzaindiak Bilbogaz betidanik lotura estua izan dauela gogoratu dau. 1918an sortu zanetik, egoitza guztiak urian izan ditu, esaterako, gaur egun Plaza Barrian daukana.

Bilboko Udaleko talde politiko guztiek aho batez onartu dabe Euskaltzaindiari Urrezko Dominea emotea. Erabagia berresteko, Ezohiko Osoko Bilkurea egin eben atzo bertan. Diktadurea amaitu zanetik, hogei erakunde eta norbanakori baino ez deutsie domina hori emon: Deustuko Unibersidadeari, Erruki Etxeari, Arte Eder Museoari, Basurtuko Ospitaleari eta abar.

Dominea emoteko ekitaldia amaitu danean, Euskaltzaindiak Osoko Bilkurea egin dau udaletxeko batzorde aretoan bertan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu