Amatasunaren inguruko gogoetea da Katixa Agirreren liburu barria

Dabi Piedra 2018-10-24 13:14   Kulturea

Kezka personal eta sozialetan oinarritu da Amek ez dute (Elkar) idazteko.

Eneritz Basurko (Ondarroako alkateordea), Katixa Agirre eta Xabier Mendiguren (editorea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Fikzinozko nobela baltzaren eta gogoetearen arteko orekea bilatu dau Katixa Agirrek Amek ez dute liburuan. Nobela gordina dala onartu dau, gizartean tabua dan auzi bat jorratzen dauelako: Ama batek bere umeak hiltea. Gai ilun horretatik abiatuta, amatasunaren, nortasunaren eta sorkuntzearen ganeko hausnarketea egin dau, fikzinozko istorio baten testuinguruan.

Nobelearen abiapuntua da ama gazte batek bere ume bikiak hilten dituan momentua. Beste ama gazte batek, krimen horren zergaitiak ulertu guran, ikerketea hasiko dau bere kabuz. Idazlea be badanez, ikertutakoagaz elebarri bat idaztea da bere asmoa. Hor badago Katixa Agirre autoreagaz antzekotasun nabarmen bat: Istorioko protagonistea legez, bera be idazlea da, eta ume txiki biren ama. Baina ez dauela bere burua irudikatu ziurtatu dau Agirrek, bere esperientzien zertzeladak egon badagozan arren.

Kontuak kontu, nobela baltz tankerako istorioa da Amek ez dute, baina kezka personal eta sozialak agertzeko bitartekoa be bai. Istoriotik kanpoko begirada batetik, jazoeren eta amatasunaren inguruko gogoetea egin dau Agirrek. Amatasuna gai polemikoa da, debate sutsuak eragiten ditu, identidadeari zuzen-zuzenean eragiten deutsalako, azaldu dau. Norbere umeak hiltearen tabua apurtu dau nobela honetan, baina jazoera gogorrak agertu arren, ez dala gore-a nabarmendu dau.

Amatasunaren eta sorkuntza artistikoaren arteko gatazkea da liburuko beste gai nagusi bat. Ama zarenean, ze leku emon behar deutsezu beste gauzei?, galdera horri erantzuten ahalegindu da. Sorkuntzea eta amatasuna buztartzea ez da bape erraza, Agirrek bere azalean bertan probau dauenez: Nik gatazka legez bizi izan neban, sorkuntzea jarduera oso egozentrikoa da, talka handia dago ama izateagaz, ume bat jagon beharragaz.

Ondarroako Udalak antolatutako Augustin Zubikarai Literatura Lehiaketara aurkeztu eban Agirrek nobela honen proiektua 2016an, baita irabazi be. Ordurako, nobelearen erdia inguru idatzita eukan. Urte bi behar izan ditu osorik amaitzeko, tartean bigarren umea euki dauelako, eta horrek be arrastoa itxi dau istorioan.

Lehiaketara aurkeztu ebanean, Amek ez dute idazten zan izenburua. Behin betiko argitalpenean azken berbea kendu deutso, edegiago itxi dau. Susan Suleiman idazlearen esaldi batetik hartu dau izenburua: Amek ez dabe idazten, idatzi egiten ditue. Izan be, Agirrek azaldu dauenez, amatasunaren inguruko diskursoak kanpotik eregitakoak izan dira oraintsura arte, barrutik emondako ikuspegirik ez da egon.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu