60.000 lagunek emon dabe izena Euskaraldian
2018-10-24 12:39 Euskerea berbagaiEuskal Herriko lurralde guztietako belarriprest eta ahobiziek emon dabe izena.
Euskaraldia: 11 egun euskeraz ariketa soziala abiatzeko hilebete falta dan honetan, alkarlanean dabizen egitasmoaren koordinatzaileek parte-hartzearen inguruko zehetasunen barri emoteko prentsaurrekoa egin dabe Donostiako San Telmo museoan.
Irailaren 20an zabaldu zan izen-emotea. Ordutik norbanakoek bide bi aukeratu leikiez izena emoteko: eskuz, izen-emote orrien bitartez, eta webgunearen bitartez. Arrate Illarok, Euskaltzaleen Topaguneko kidea eta Euskaraldiaren koordinatzaileak, Euskaraldiaren helburua ariketa kualitatiboa egitea dala azpimarratu dau, ez kuantitatiboa: Helburua ez da zenbatek parte hartzen daben, parte hartzen daben horreek emoten dituen urratsak hizkuntza-ohiturak aldatzeko baino.
Parte-hartzea: Datuak baino, sortuko diran aldaketak helburu
Izena emotearen egoerearen berri emon dau Miren Dobaranek, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak: Dagoeneko ia 60.000 lagunek emon dabe izena ahobizi edo belarriprest modura jarduteko 11 egunetan zehar egingo dan ariketa sozialean. Esan geinke beraz, 60.000 lagunek agertu dabela Euskaraldian bere inguruan eragin, hizkuntza ohiturak aztertu eta horreetan eragiteko asmoa. Dobaranek prentsaurrekoaren momentura arte jaso dituen datuen kuantifikazinoa ehunekoetan azaldu dau: Izena emon dabenen % 45 gipuzkoarrak dira, % 31 bizkaitarrak, % 12 nafarrak, % 9 arabarrak, % 2 lapurdikoak, % 1 behe-nafarroa eta zuberotarrak.
Kontuak kontu, Dobaranek indarra ariketearen alderdi praktikoan jarri dau: antolaketan gabizanon ikuspegitik ariketa honek inertziak apurtzea eta ohiturak aldatzea dau helburu eta horregaitik, datuek baino, sortuko diran aldaketek dabe guretzat garrantzia. Hurrengo asteotarako beraz, ez dogu partaide kopuruen ganeko helburu zehatzik finkatu. Guretzat aparteko garrantzia dauka parte hartuko daben guztiek bere ingurua prestatzeko egingo dauen lanak, eta aldaketea eragin nahi daben horreek izatea inguruko ahobizi eta belarriprest potentzialak aktibauko dituenak. Esangura horretan, Elena Laka, Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak, hamaikakoaren osotzeak dauen garrantziaz berba egin dau: Lehen hilebete honetan izena emon dabenen artean, nagusi dira ahobizi lana egiteko gogoa agertu dabenak. Hurrengo hilean zehar, orain arte izena emon daben horreek bere inguruan eragin eta partaide gehiago bilatzea bultzatu nahi doguz koordinazinoan gabizen erakundeotako ordezkariek, izan be, hizkuntza ohiturak aldatzeko garrantzitsua da aurrez ariketearen barri emon, gure buruak eta ingurua prestatzea eta beraz, inguruko senide, lagun, lankide eta ezagunek be ariketan parte hartu deien animetea.
Ahobizi edo Belarriprest: Prestakuntzearen garrantzia
Zemendiaren 23tik abenduaren 3a bitartean egingo dan ariketa sozialean parte hartzeko prestatzeko garaia da, eta dagoeneko 400 persona baino gehiagok egin dabe prestatzaile izateko trebakuntzea. Beñat Arrabitek, Euskerearen Erakunde Publikoko presidente eta Euskal Alkargoko Hizkuntza politikarako presidente-ordeak, herritako batzordeak eta koordinazino orokorreko kideek alkarlanean landutako bideak gogorarazo ditu: Ahobizi eta belarriprest izateko tailerrak eskaini ditugu Euskal Herri osoan, baita, saio sakonagoak be. Horrezaz gan, zemendian banatuko ditugu partaideentzako aholkuak txapeagaz batera, mezu elektroniko bidez zein sare sozialetan.
Ikerketea: Euskaraldiaren eragina
Euskaraldia: 11 egun euskeraz ariketa sozialak hizkuntza-ohituretan dauen eragina neurtzeko soziolinguistika klusterrak ikerketea abiatuko dau. Ikerketea egin ahal izateko, ekimenean izena emon daben kideen datu batzuk jasoko dira eta datuak fidagarri eta egokiak izan daitezan ahal beste personek bete beharko ditue galdetegiak. Hiru galdetegi izango dira: Lehena, Euskaraldia baino egun batzuk lehenago bialduko dabe, bigarrena, ekimena amaitu eta egun gitxitara, eta hirugarrena, 2019an jasoko dabe herritarrek.
Paula Kasaresek, Nafarroako Gobernuko Euskarabideko euskerearen sustapenaren eta plangintzaren zerbitzuko zuzendariak, emon ditu ikerketearen garrantziaren inguruko zehetasunak: Garrantzitsua da Euskaraldia lako ekimen batek zelako eragina dauen ahalik eta modu zorrotzenean ezagutzea, ikerketa horrek islatuko dauelako ekimenaren ondorioak zelakoak eta zenbatekoak izan diran. Lagunduko deusku ezagutzen hizkuntza ohiturak zelan eta zenbat aldatu diran euskerearen alde, jokera horreei denoran eutsi jaken ala ez, eta ekimenaren bueltan egindako esfortzu guztiaren emoitzak neurtzeko modua izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!