Aiko Taldeak kantu tradizionaleko persona entzutetsuakaz tailerrak iragarri ditu

Bizkaie! 2018-10-24 08:14   Musikea

Tailerrak, astero, martitzenero, Euskaltzaindiaren egoitzan eskainitako kantu tradizional ikastaroa osotzen dau.

Aiko Taldea musikari eta jantza maisu kolektiboak beste pausu bat emon dau musika eta jantza tradizionalak eguneratzeko, gizarteratzeko eta zabaltzeko bokazinoan, K@ntari, Euskaltzaindiagaz lankidetzan antolatutako kantu tradizional tailer zikloa, martxan jarriz. Ekimenaren barruan zortzi saio aurreikusi ditue. Saioetan eretxiak, bizipenak eta melodiak konpartidu ahal izango dira alor horretako espezialistakaz, abeslari, sortzaile eta ikerlari garrantzitsuakaz. Egitaraua hile honetan zabalduko da Leturia pandero jotzaileagaz, eta maiatzean zarratuko Benito Lertxundigaz.

2006tik, Aiko Taldea musika eta jantza tradizionalak berreskuratzen dabil lanean, aisia eta personen arteko hartu-emonak ardatz: tailerrak, erromeriak, jantza ikastaroak edo hamar disko baino gehiagoko diskografia izan dira bere ekimen garrantzitsuenetako batzuk. Orain, kantu tradizionalean eta herrikoian oinarrituko dira eta, helburu horregaz dator K@ntari. Euskeraz esanahi bi dituen izena, kantari eta kontari, helburua elementu biak buztartzea baita.

Proposamena, hilero eskainiko diran zortzi tailerretan gauzatuko da, aurtengo urritik 2019ko maiatzera. Bertan, zenbait abeslarik eta sortzailek euren esperientziak konpartiduko ditue, bertaratutako jentearen partaidetza aktiboaren bitartez. Martxan jarri ahal izateko, AIKO Taldeak Euskaltzaindiaren lankidetzea izan dau. Erakunde horregaz lehendik be badabil lanean, martitzen guztietan, 19:00etan, kantu tradizional ikastaroa eskaintzen dauelako erakundearen Bilboko egoitzan. Euskaltzaindiak ekimen barriaren esku jarri ditu bere lokalak. Ekimena barikuetan egingo da, ordutegi berean, Bilboko Plaza Barriko 15ean dagoan eraikinean.

K@ntari martxan jarri ahal izateko, Aiko Taldeak laguntzaile onak izan ditu, ospe handiko zortzi abeslari edo musika-tresna jotzaile; parte-hartzaileen ezaugarri nagusia aniztasuna da. Gonbidatu gehienak Euskal Herrikoak dira: Xabier Berasaluze Leturia, Thierry Biscary, Joseba Tapia, Maddi Oihenart, Roberto Etxebarria eta Idoia Markaida bikotea eta maiatzean zikloari amaiera ezin hobea emongo deutson Benito Lertxundi.

Euskal kantu tradizionalean erreferentziazkoak diran izen horreekaz batera, tailerrak, Gaztelako folklorearen ikerlari garrantzitsua eta Yesca taldearen ahotsetako bat dan Burgosko Gonzalo Pérez Trascasaren eta Gaztelako egungo abesti tradizionalaren erreferentzia eta perkusino jotzailea dan Vanesa Muelaren ahotsak be jasoko ditu. Tailerren zortzi protagonisten artean badagoz gehien bat abestu egiten dabenak, baita musika-tresnak joten dituenak be, Aiko Taldeko kantu irakasleak adierazoten dauen moduan, aniztasunari zabaldu gura izan deutsagulako atea, aniztasunak beti aberastu dauelako kultura tradizionala.


Lehenengo K@ntari tailerra Leturiagaz, urriaren 26an

Xabier Berasaluze Leturia-k edegiko dau K@ntari zikloa datorren barikuan, urriaren 26an. 1954an Billabonako Leturia baserrian jaio zan. Hiru urtegaz pianoa eta solfeoa ikasten hasi zan. 1984ztik Joseba Tapia trikitilariagaz joten dau Tapia eta Leturia musika taldean, eta Josebagaz batera, belaunaldi trikitizale oso baten erritmoa eta ahotsa be bada, grabaketa, kontzertu eta erromerietan. 2016an, Kutxabankeko lanpostutik erretiroa hartu eta gero, Korrontzi taldeagaz be joten dau. Esku artean liburu barria dau eta gauza asko kontetako eta kantetako.

K@ntari ekimenaren helburua, azken finean, konfiantzazko espazio erosoa eta erakargarria sortzea da, kantu tradizionalaren eta herrikoiaren inguruko mueta guztietako esperientziak zabaltzeko. Espezialisten esperientziaren eta zaletuen interesaren arteko topaleku bilakatu nahi dau. Azkenengo urteetan, jantza eta kantua, gizaki guztion bizimoduaren eguneroko parte izatetik, komuniketako bidea eta arte parte-hartzaile herrikoia izatetik, banakako espezialista batzuen gunea izatera igaro da. Gero eta ikuskizun-ago bilakatu da eta herritarrok ikusle-entzule pasibo bihurtu gara. Holan, gaur egun, hainbatek uste dau jantzan egiteko jantzari izan behar dala eta kantetako kantari. Modu horretan, jantza eta kantuaren jatorrizko izakerea eta funtzinoak galdu egiten dira: Guretzat, kantuak aktiboa eta interaktiboa izan behar dau; entzule pasibo izan beharrean kantua barruratu eta ingurukoakaz konpartidu ahal izateko.

Hori dala eta, K@ntari kantu, kultura tradizional eta, orokorrean, musika zale, ikerlari eta profesional guztiei zuzendutako ekimena da. Tailerrak bariku arratsaldetan egingo dira, hilean behin, 19:00etan, urritik maiatzera, eta iraupena malgua izango da. Tailer bakotxak 20 euro balioko ditu, eta plazak mugatuta dagoz; eta izena emoteko ordena jarraituko da. Izena aiko@aikotaldea.eus helbide elektronikoan emon zeinkie, izena eta abizenak, eskuko telefonoaren zenbakia eta egin gura dan tailerra adierazota, baita 634 423 539 telefonora deituz be.


k@ntari

- Urriaren 26an, Xabier Berasaluze Leturia.
Zemendiaren 9aan, Thierry Biscary.
Abenduaren 28an, Joseba Tapia.
Urtarrilean, Gonzalo Perez Trascasa / Yesca taldea.
- Zezeilean, Vanesa Muela.
- Martian, Maddi Oihenart.
- Apirilean, Roberto Etxebarria eta Idoia Markaida.
- Maiatzean, Benito Lertxundi.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu