Juan Muñozen 'Hanging Figures' Arte Eder Museora ekarri dabe

Dabi Piedra 2018-10-23 13:06   Kulturea

Sabaitik esegita dagozan figura horreek biak bagilaren 2ra arte ikusi ahal izango dira.

Cristina Iglesias artistea, Miguel Zugaza museoko zuzendaria eta babesleak, Juan Muñozen obreari begira | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurreko edizino batzuetan El Greco, Rembrandt, Picasso eta abar eroan ditue Bilboko Arte Eder Museora, Obra Konbidadua programearen barruan. Oraingoan, baina, horreekaz guztiakaz kontrastea egiten dauen arte garaikideko pieza bat aukeratu dabe: Juan Muñoz espainiarraren (Madril, 1953-Eivissa, 2001) Hanging Figures. Cristina Iglesiasen bildumatik dator.

Erretxinaz egindako giza-irudi gris bi agiri dira obra horretan, ahotik urteten deutsen 4,5 metroko sokearen bidez museoko sabaitik zintzilik. Pertsonaien anonimotasuna, bakaradea eta arroztasuna adierazoten ditu. 1997an egin eban eskulturea Juan Muñozek, bere ibilbidearen azken aldian.

Figura esegiak Juan Muñozen asmakuntza handietako bat dira, horregaz serieak egin zituan, azaldu dau Miguel Zugaza museoko zuzendariak, obrearen aurkezpenean. Hanging Figures eskultura garaikidea eta apurtzailea dan arren, aurreko sasoietako artearen eraginak dituala adierazo dau Zugazak, Juan Muñozek sarri egin eutsalako aurre arte garaikidearen amnesia historikoari.

Arte Eder Museoko eraikin zaharreko hall-ean esegi ditue Muñozen figurak. Modu barri eta harrigarrian berreskuratu nahi izan dogu museoaren alderdi hau, eta, bide batez, eskulturea aldarrikatu, dino Zugazak. Kokapenari esker, eskulturearen esangura eta ikuspegi guztiak probau leikez publikoak: Behetik zein goitik, eskailera nagusiaren alboan ipini dabe eta. Eta leihoa be aurrez aurre dagoanez, figura bien argi-ilunak agirian geratzen dira.

Obra Konbidadua programako artelan guztien moduan, Juan Muñozen hau be ez da Arte Eder Museoaren bildumakoa, behin behinean hartutako mailegua baino. Kasu honetan, Cristina Iglesias artista donostiarrak itxi deutso obrea museoari, 2019ko bagilaren 19ra arte. Instalazino lanak be berak gidatu ditu.

Iglesiasen arabera, Juan Muñozek lotura estua eukan Bilboko Arte Eder Museoagaz. Erakusketaren baten parte hartzeaz gan, bertako bildumea atsegin eban. Muñozen obretan artearen historiak dauen pisua nabarmendu dau Iglesiasek: Jolasaren eta minaren arteko dramatismoa landu eban, espazioagaz be olgetan eban.

Honenbestez, edonor aho zabalik ixteko moduko obrea ikusi ahal izango da Arte Eder Museoan bagilera arte. Horregaz lotuta, berbaldia emongo dau Madrilgo Prado Museoko aditu Manuela Menak, Juan Muñoz, geroratutako denporearen alegoria izenburupean. Baina itxaron egin beharko dogu, apirilaren 11n izango dalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu