Tokikom 2018 Sariak emon ditue Bilbon
2018-10-22 16:49 KultureaToki komunikabideen inguruko mitoak apurtzea da sarien helburuetako bat.
Tokikom-ek, Toki Komunikabideen Bateraguneak, Sarien hirugarren edizinoko sari banaketea egin dau gaur Bilbon, EiTBren egoitzan. Euskerazko komunikazinoaren arloko 90 lagun inguru batu dira ekitaldira, hainbat erakundetako ordezkariakaz batera.
Publizitate saria, Arrasateko Udalarentzat
Publizidadea euskeraz egiteak dauen balioa aldarrikatu eta iragarleek euren kanpainak euskeraz egin deiezan bultzatzeko asmoz, Publizidade saria sortu eban igaz Tokikom-ek,urtean egindako euskerazko iragarkirik onena saritzeko asmoz. Epaimahaia osotu daben Kike Amonarrizek, Estitxu Garaik eta Zuriñe Elordik adostu dabe sari hori Arrasateko Udalak Arteman komunikazino agentziagaz sortutako Egin swing eta ahalegin iragarkiari emotea. Birziklapena sustatzeko iragarkian, Arrasateko hainbat talde eta arpegi ezagunek hartu dabe parte. Honako alderdi honeek nabarmendu ditu epaimahaiak:
• Kanpainan euskerea lehenestea (gaztelaniazko bersinoan euskerazko audioari eusten jako, azpitituluakaz bada be).
• Hurrekotasuna erabiltea amutzat.
• Aniztasuna islatzeko ahalegina.
• Alaitasunak eta umore ukituak mezuaren transmisinoa errazten dabe.
• Produkzino aldetik lan eta ahalegin berezia jente talde handia batuz.
Kazetaritza lanen kalidadea
Kazetaritza sariak emoteko epaimahaia Maria Gonzalez Gorosarrik, Goio Aranak eta Iker Treviñok osotu dabe. Hiru epaimahaikideak bat etorri dira aurkeztutako lan guztien kalidadea nabarmentzean, eta azpimarratu dabeharribitxi bat baino gehiago topau dabela, bai gaien aukeraketeari eta bai tratamenduari jagokenez be.
Hiru sari emon dira kategoria horretan:
• Azalik onenaren saria Debagoienako Puntua astekariak aurkeztutako Porrotx lanarentzat izan da. Epaimahaiak nabarmendu dau astekariak astero-astero azal ahalik eta grafiko eta esanguratsuena sortzeko ahalegina, eta horren adibide lez hartu dau Porrotx pailazoaren posea eta argazkiaren mozketeagaz egindako jokoa.
Beste lan bi be nabarmendu ditue atal honetan: Hiruka astekariaren Legez kanpoko perdigoikadak eta Geuria-ren 80 urte bonbardatu gintuztela.
• Edukirik onenaren saria, Hego Uribeko Geuria aldizkariak aurkeztutako Berba eta irudia monografikoarentzat izan da. Ikuspegi lokaletik landutako zenbakia bada be, interes orokorreko argitalpena egin dau Geuriak epaimahaiaren arabera, itxura aldetik, ganera, mimo handiz jagonda.
Kategoria honetako beste bi nabarmenduak honeek dira: Noaua aldizkariak Joxan Artzeren heriotzaz argitaratutako gehigarria eta Guaixe astekariak Altsasuko kintoetako sexu erasoaren epaiari egindako jarraipena.
• Ikus-entzunezkorik onenaren saria Uribe Kostako Hiruka astekariak jaso dau, Umeterapia izeneko erreportaje laburragaitik. Gaiaren aukeraketea nabarmendu dau epaimahaiak, eta trataera egokia, errazkeriarik barik. Edizino sinple baina eraginkorra be azpimarratu dau, eta bere testuingururako, interneten konsumiduteko, luzera egokia be bai.
Beste nabarmendu bi egon dira maila honetan: Goiena telebistearen Barru: futboletik harago erreportajea, eta Maxixatzen aldizkariaren Kuxkuxin: Bizkargi Musika eta Dantza Eskola.
Bilbon emon ditue aurtengo Tokikom sariak. Ekitaldi berean, berbaldiak egon dira, kazetaritza mobikorraren eta publizidadearen inguruan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!