'Euskerea ez da mehatxua gaztelaniarentzat'

Bizkaie! 2018-10-19 10:55   Euskerea berbagai

Euskereak irabazi dituan hiztun gehienak ingurune erdaldunetako gazteak dira.

Espainiako Eleaniztasunari buruzko Diziplina Anitzeko V. Mintegian izan da Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta euskereak azken hamarkadotan egin dauen bidearen garrantzia azpimarratu dau. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean izandako berbaldian, sailburuak bide horretan izandako hiru prozesu nabarmendu ditu: euskerearen orokortzea hezkuntza munduan, helduen euskalduntzearen garrantzia eta, hirugarrenik, euskerearen ezagutzak administrazinoan izan dauen hazkundea.

Hiru prozesuok euskal gizartearen gehiengoaren atxikimendu askeari esker gertatu dira eta testuinguru barri bat ekarri dabe euskerearen ezagutzak eta erabilereak gora egitea eraginez, baina ez neurri berean. Erabilerea hartu behar dogu orain ardatz, azaldu dau. Sailburuak marraztu dauen testuinguru barri horretan, euskal hiztunen profila goitik behera aldatu da: Euskereak irabazi dituan hiztun gehienak ingurune erdaldunetako gazteak dira. Han, euskerea ez da hizkuntza nagusia eta eskolan ikasi dabe, bigarren hizkuntza legez. Kasu askotan euren familiako lehen euskal hiztunak dira eta, batzuetan, arazoak ditue jasoak ez diran erregistroak menperatzeko, hain zuzen, orain dala zenbait hamarkada indar gehien ebenak azaldu dau.

Testuinguru barri honetan, alde batetik, politika barriak bultzatu behar ditugu euskereak indar gehiago hartu deiean indar gitxien daukan arloetan, berbarako, justiziarenean edo arlo sozioekonomikoan. Bestetik, ahalegin berezi bat egin behar dogu euskerearen hiztun barriak erraztasunak izan deiezan euskerea erabilteko gelatik kanpo: aisialdian eta kirolean, kulturearen arloan zein ingurune digitalean, azaldu dau.


Estaduaren Administrazinoari dei

Azkenik, sailburuak azpimarratu dau lan hori mundu globalizatu batean egin behar dala eta ingelesak gero eta presentzia nabarmenagoa dauka: Zailtasun handiko egoera barri honek Estaduko hizkuntza guztiei eragingo deutse era azpimarragarrian, gaztelaniari izan ezik. Momentu honek danon konpromisoa eskatzen dau, baita Estaduaren Administrazioarena be. Euskerea ez da mehatxua gaztelaniarentzat eta, ondorioz, ezin da ulertu, ez behintzat hizkuntzearen ikuspegitik, Estaduaren interes faltea eta konpromiso eza, amaitu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu