Alberto Giacomettiren atzera begirakoa Guggenheimen

Bizkaie! 2018-10-19 08:47   Kulturea

Artista suitzarraren 200 eskultura, pintura eta marrazki ikusi leitekez.

Agintariak eta museoko arduradun artistikoak, inaugurazinoan (argazkiak: Guggenheim Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Suitza eta Paris izan ziran Alberto Giacomettiren bizileku nagusi biak. Suitzako Graubünden kantoian jaio zan 1901ean, eta aitaren eraginez hasi zan artean, ha be artistea zan eta. Gaztetan, Parisera jo eban, eta han euki eban estudioa, 1966an hil zan arte. Frantziako uriburuko Fondation Giacometti erakundeagaz antolatu dau atzera begirakoa Bilboko Guggenheim Museoak.

Giza gorputza izan zan Giacomettiren sorkuntzearen ardatz nagusietako bat. Inguruko personak izan zituan inspirazino iturri: Anaiea, andrea, maitaleak eta lagunak. Bilbon ipinitako erakusketan be, giza gorputzaren irudiak dira obra gehienak. Danetara, 200 eskultura, pintura eta marrazki dagoz, Giacomettiren ibilbide osoaren errepasoa egiten dabenak, 1920ko hamarkadatik 1960kora.

Suitzarraren ibilbideko hasiera-hasierako obra batzuk batu ditu Guggenheimek erakusketan. Ondoren, sasoi postkubistea eta surrealistea etorri ziran, eta, 1935etik aurrera, figurazinora bueltau zan. Eskultura asko buztinezkoak edo igeltsuzkoak dira, Giacomettiren material gogokoenak ziralako. Beste artista batzuentzat, lanerako material huts dira horreek, behin betiko obrea ospe handiagoko materialetan egiten dabe gero, baina Giacomettik behin betiko material legez erabilten zituan buztina eta igeltsua.

Aitatzekoa da Veneziako emakumeak moltsoa, 1956ko Arte Biurtekorako sortutako igeltsuzko zortzi piezaduna. Bigarren aldiz erakutsiko dabe moltso osoa Bilboko Guggenheimen. 2017an Giacometti Fundazinoko adituek zaharbarritu zituen zortzi eskulturok.

2019ko zezeilaren 24ra arte egongo da Alberto Giacomettiren atzera begirakoa Bilbon, museoko 202. aretotik 209.era. Komisarioak Petra Joos eta Catherine Grenier dira.

Ohiko legez, jarduera osogarriak antolatu ditue. Urriaren 24an, Petra Joos komisarioak berbaldia emongo dau, eta 31n, Marta Arzak museoko Hezkuntza eta Interpretazino zuzendariordeak. Zemendiaren 3an eta 10ean, Giacomettiren lan egiteko moduaren inguruan gehiago ikasteko tailerra egingo dabe.

Alberto Giacometti, 'Gizona oinez I', 1960.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu