Joxe Mari Iriondo saritu dabe ibilaldi profesional bikainagaitik

Bizkaie! 2018-10-18 13:14   Kulturea

Sariak zemendiaren 7an, eguaztenean, emongo ditue arratsaldeko 19:30ean Bilboko BBK Salan.

Joxe Mari Iriondo | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Kazetarien Alkarteak eta Kazetarien Euskal Alkargoak, Euskaltel, eta BBK, Bilboko Udala eta LOGI Express-en laguntzinoagaz, antolatutako Euskal Kazetaritza Sariak 2018, baditue irabazleak: César Coca Euskal Kazetariak ataleko saritua izan da; Adierazpen Askatasunaren José María Portell-a Carmen Sarmientosi egokitu jako; Ibilbide Profesionala-ren saria, Joxe Mari Iriondori; Pertsonaia edo Giza instituzinoa-ren saria, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntzarentzat izan da eta Kazetaritza Digitala, Doce Miradas blogarentzat. Sarituak, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat komunikabideetako ordezkariek osotutako epaimahai batek aukeratu ditu.


Euskal Kazetariak Saria

Kategoria honetako aurtengo sariduna César Coca kazetaria izan da, El Correoko zuzendaritzearen albokoa, gai ekonomiko eta kulturaletan espezializautakoa eta Euskal Herrian kalidadezko kazetaritzearen erreferente izateagaitik.

2007. urtean (1. edizinoan) Manu Leguinechek jaso eban saria; 2009an, Sarita Estévezek; 2011n, Iñaki Gabilondok; 2015ean, Mikel Ayestaranek; 2016an, Jon Sistiagak eta 2017an, Ane Irazabalek.


Adierazpen Askatasunaren José María Portell Saria

Sari hau Carmen Sarmiento kazetariak eskuratu dau, nazinoarteko eta gizarte-gaietan espezializautaa, emakumeari ardura berezia eskainiz.

Lehen edizinoan (2008) Elena Tregúbova kazetari errusiarrak jaso eban saria. Kremlinetik kazetariteza ixteko presino handia jaso ondoren eta bere etxearen aurrean lehergailu batek eztanda egin ostean, Erresuma Batura erbesteratu zan.

Bigarren edizinoan (2010), Terry Gould kazetari eta idazle amerikarra izan zan saritua, nazinoarte mailan kazetaritzearen bozeroaile eta defendatzailea.

Hirugarren edizinoan (2015), kazetari mexikarren kolektiboak eskuratu eban sari hau, narkotrafikoaren kontra egindako ikerketa eta salaketa lanagaitik.

Laugarrenean (2016), kazetari turkoen kolektiboak irabazi eban 2016ko garagarrilaren 15ean erantzunik izan ez eban kolpe militarraren ondoren jasandako jazarpen, eraso eta errepresinoagaitik.

Bosgarrenean (2017), Gervasio Sánchezek eskuratu eban saria, gatazka armatuetan egindako lanagaitik eta bere giza-sentikortasuna, baita gerrearen laztura salatzeagaitik be.


Ibilbide Profesionalari Saria

Laugarren edizinoko saritua Joxe Mari Iriondo izan da, ibilaldi profesional bikainagaitik.

Sari honen lehen edizinoko irabazlea (2015) María Jesús Gandariasbeitia izan zan; bigarrenean, María Josefa Marzo eta hirugarrenean (2017), Mariano Ferrer eta Iñaki Iriarte.


Pertsonaia/Giza instituzioari Saria

Aurtengo sarituak Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza izan dira, Euskerearen kontserbazino eta defentsearen alde egindako aparteko lanagaitik eta beren 100. urteurrenagaitik.

Aurreko urteetako sarituak, STOP Sanfilippoko Naiara García de Andoin (2015); Hodeiren Bila Plataformea (2016) eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia (2017) izan ziran.


Kazetaritza Digitala Saria

Laugarren edizino honetako saritua Doce Miradas bloga izan da.

Lehen edizinoko saritua Begoña Beristain izan zan (2015); bigarren edizinokoa, Iker Merodio (2016) eta hirugarrenekoa (2017), Mikel Iturralde.


Euskal Kazetaritza Sariak 2018 Epaimahaia

Sariotakoo epaimahaikideak ondokoak izan dira: Jesús Coterón, EKEko presidentea eta KEEko dekanoa; Carmen Torres Ripa, kazetaria; Arturo Trueba, EKEko presidenteordea eta KEEko idazkari orokorra; Amaia Goikoetxea, KEEko dekanordea; Nekane Vado, EKEko idazkari orokorra eta KEEko diruzaina; Simón Peña, EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko dekanoa; Martxelo Otamendi, Berriako zuzendaria; Jone Guenetxea, Tokikom-eko presidentea; Pedro Briongos, El Correoko zuzendariari atxikitua; Kike Santarén, Deiako zuzendariari atxikitua; Txema Villate, EFEko ordezkaria Bilbon; Andoni Aranburu, EiTBko estrategia eta komunikazino zuzendaria; Ángel López, Onda Vascako zuzendaria; Federico Merino, Radio Popularreko zuzendaria; Juan Carlos de Julián, Onda Cero Euskadiko informatiboen koordinatzailea; Begoña Marañón, Cadena SERreko zuzendaria; Jon Kepa Idoyaga, RNE España-Bilbaoko arduraduna; Mireya Álvarez, BBK-ko Komunikazino zuzendaria eta Nerea Lupardo, Euskalteleko Instituzino Harremanetako zuzendaria.


Euskal Kazetaritza Sariak 2018 datorren zemendiaren 7an, eguaztenean, emongo ditue arratsaldeko 19:30ean Bilboko BBK Salan (Kale Nagusian).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu