Getxoko XVII. Komiki Azokea, bineten zaleentzako topaleku
2018-10-18 11:36 KultureaNazariori, Gasteizko Zuloa liburu-dendeagaz batera, omenaldia egingo jako Getxon.
Urriaren 19tik 21era liburu-denda, argitaletxe, merchandising-denda eta fanzineen salmenta-guneak kokatuko dira Areetako Geltokia plazan eta hurreratzen diranek azken nobedadeak eskuratu eta sailak osotu ahal izango ditue, baita komiki zaharrak, bildumagile-produktuak eta era guztietako merchandising-produktuak eskuratu be.
Eskaintza komertzialaz gan, jarduera-programea izango da Komiki Azokan eta, Romoko Kultur Etxean hiru egunez, besteak beste, nobedadeen aurkezpenak, berbaldiak, mahai-inguruak, proiekzinoak eta tailerrak izango dira.
Urtero legez, artista ospetsuek bisitauko dabe Getxo, horreetako batzuk nazinoartean sona handikoak, eta berbaldi eta aurkezpenetan parte hartuko dabe; sinadura-saioak be izango dira, zaleek gustukoen dituen egileak ezagutzeko aukerea izan deien. Getxoko Komiki Azokan, honako honeek be hartuko dabe parte:
Javier Rodríguez, Javier Pulido, Raquel Alzate, Rayco Pulido, Paco Alcázar, Álvaro Martíez, José Ramón Sánchez, Pablo Ríos, Klari Moreno, Elisa McCausland, BAMF!, Sergio Sánchez Isasi, Jordi Bayarri, Dani Fano, Luis NCT, Josep Busquet, José Ángel Ares, Yordi, Adur Larrea, Pablo Caballo, José Ángel Ares, ZaldiEroa, Belatz, Dani Fano, Sanvi, Asisko, Roberto González, Mattin, Julen Ribas eta Pi Ortiz.
Egile gonbidatuen artean Nazario nabarmendu behar da, Espainiako underground komikiaren adierazle nagusietariko bat, hain zuzen be. Gasteizko Zuloa liburu-dendeagaz batera, omenaldia egingo jako Getxon.
Komiki-erakusketak ez dira faltako Azokan, berbarako, Bizkaia Zubian David Leoneren Caóstica izeneko erakusketea egongo da eta Romo Kultur Etxean, barriz, Marcos Martínen lanak izango dira ikusgai. Azokako karpearen inguruan, Asisko egileari dedikautako erakusketea egongo da eta, azkenik, Torrene Aretoan euskal komikiaren historia 1975. urtetik egun arte ezagutu ahal izango dogu.
'Komikia 1975-2017'
Getxoko 17. Komiki Azokeagaz batera dator Torrene Aretoko erakusketea. Euskal Irudigileak Alkarteko Kike Infamek dinoanez, Komikiaren mundua aldatuz eta barrituz joan da, unean uneko gizarteari egokitzeko. Bederatzigarren artearen bilakaera formatuei eta publikoaren erantzunari oso lotuta dago. Komikiak oso gitxitan izan dau haren sortzaileen amesak garatzea ahalbidetu dauen azpiegiturarik atzean. Halan da be, egileek eta irakurleek euren militantziari era eztabaidaezinean eutsi deutsie.
Atzean geratu dira dagoeneko komikia biztanleen zati handi batek konsumiduten eban euskarri handia zaneko garaiak. Dana dala, interesa ez doa galtzen, mugarri barritzaileak dakarz, eta binetetan irakurtearen plazerraz jaubetzen diran edo plazer hori berreskuratzen daben irakurle barriengana hurreratzen saiatzen da.
Egun euskal komikia etorkizunari itxaropentsu begiratzea eragiten deuskuen hainbat oinarriren gainean sostengatzen da. Alde batetik, Astiberrik estaduko zein nazinoarteko egile guztientzako erreferentziazkoa dan proiektu bat hazi arazoten dabil, eta euskal komikia munduan kokatu dau. Beste alde batetik, Xabiroik belaunaldi barri bat Euskadin eta euskeraz egindako komiki bat irakurriz haztea ahalbidetzen dau, eta, holan, etorkizuneko irakurleen harrobia sortzen dago. TMEOk gobernaezin jarraitzen dau 30 urteko ibilbidearen ostean, eta gure gizartea lotsaz gorritzen eta betidanik gure komikiaren ikur izan dan espiritu kritikoa mantentzen jarraitzen dau.
Hori guztia posible egiteko, Getxoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren kultura sailen, Bilbao Bizkaia Kutxako Gizarte Ekintzaren, El Correoren eta Metro Bilbaoren laguntzinoa ezinbestekoa izan da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!