Bertsolaritzea ikasten dabizanentzat sortu dabe 'Bertsoikasgela.eus'

Bizkaie! 2018-10-18 09:55   Bertsolaritzea

Grabazinoak, jolasak eta ariketak dakarz tresna barri honek.

Ikastetxeetan bertsolaritzea ikasten daben neska-mutilei zein euren irakasleei baliabide barriak emoteko asmoz, Bertsoikasgela.eus webgunea sortu dau Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak. Eskoletan erabilteko moduko tresnea da, baina, ganera, ikasitakoa etxean barriro ikusteko aukerea emongo deutse ikasleei.

Bat-batekoen eta bertso jarrien sorta ederrak, jolasak eta ariketek dagoz webgunean, Bertsozale Alkarteak azaldu dauenez. Irakasleentzat be abantaila ugari ditu, gela bakotxean gaia itxitako lekuan berreskuratzeko modua izango dabelako modu automatikoan. Proposamenak be jasoko ditue tresna digital honen bidez.

Kurso hasiereagaz bat, Bertsozale Alkartearen hezkuntza proiektuagaz bat egiten daben ikastetxeetan pentsauta plazaratu dabe Bertsoikasgela.eus. Izan be, bertso eskolakaz batera, gazteak bertsolaritzara hurreratzeko eta gaiaren inguruko oinarrizko ezagutzak erakusteko bide esanguratsua dira hezkuntza arautuko klaseak.

Bertsozale Alkarteak dinoanez, gero eta neska-mutil gehiagok jasoten dite bertsolaritzeari buruzko klaseak hezkuntza arautuaren ordutegien barruan. Aurtengo ikasturtean, 500 ikastetxe inguruk egin dabe bat egitasmoagaz. Horrek esan nahi dau, 25.000 ikasle izango dirala, gitxi gorabehera. 50 bat irakasle ibiliko dira ikastetxerik ikastetxe.

Horrezaz gan, bertso eskoletan izena emotera animau ditue bertsolaritzan gehiago sakontzeko gogoa daukien gazteak. Bideoa be plazaratu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu