Seriesland-ek nazinoarteko 30 webserie onenen aukeraketea dakar

Bizkaie! 2018-10-17 13:12   Kulturea

Urriaren 23rako, Otsoen Lurraldean, euskeraz egindako lehenengo serie digitalaren mundu mailako estreinaldia programau da.

Seriesland, ikus-entzunezko genero barritzailerako berariaz sortutako sariketea da, eta bertan produkzino lan handiek eta oso aurrekontu txikiagaz egindako proposamenek dabe lekua, dobako kanalen (Youtube edo Vimeo) eta harpidetuta ikusten diran plataformen (Netflix, Crackle) atentzinoa erakarriz.

Bilbao Seriesland 2015ean sortu eben, euren egoitza Bizkaiko uriburuan eben profesional biren eskutik, Rose of Dolls eta Oliver Mend. Erakundeen (Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala), kultur alkarteen (AC/E, Floston), enpresa babesleen eta beste erakunde batzuen laguntzinoa topau eben, Serie Digitalen unibersoan talentu barriak eta lehentasunezko sorkuntza lanak erakusteko apustua eginez.

Jaialdia urriaren 22tik 27ra izango da, eta egun horreetan doban eskainiko dira lehiaketara aurkeztutako proiekzino guztiak. Jaialdia, sariak banatuz Guggenheim Museoan egingo dan ekitaldiagaz amaituko da. Atal Ofizialak nazinoarteko 30 webserie onenen aukeraketea eskainiko dau, Amets atalak 45 serie independenteren programazino alternatiboa proponiduko dau, eta Euskal Screening-ek bost euskal produkzino.

Ikus-entzuleek mundu osoko azken lan azpimarragarrienak ikusteko daben aukeraz gan, jaialdiak ikus-entzunezkoen sektorera berariaz zuzendutako beste ikuspegi bat be badakar: sortzaileen, egileen eta banatzaileen arteko topalekua izatea. Holan, urriaren 24tik 26ra ETBko Multiboxean egongo dan Bilbao Seriesland Market, berariaz serie digitaletara zuzendutako nazinoarteko benetako azoka legez eratuko da; aurten mundu osoko 60 enpresa etorriko dira, aurreko edizinoan baino % 20 gehiago.

Emonaldiak Multicines aretoetan izango dira, José María Escuza kalean, eta ikus-entzuleek, ordenagailu edo tablet baten eta baita eskuko telefono baten pantailan ikusteko pentsautako lanak pantaila handian gozetako aukera parebakoa izango dabe.

Jarduerak uriko beste leku batzuetara be zabalduko dira: Guggenheim Museoa sarien banaketarako ekitaldirako eta zeremoniarako, Bilborock aretoa edegiera ekitaldirako, Itsas Museoa eta BEAZen egoitza topaketa profesionaletarako, eta bisita turistikoak edo amaierako jaia jasoko dituen uriko hainbat puntu.

Kontuak kontu, nazinoarteko 30 webserie onenen aukeraketea izango da Bilbon, eta horreetako batzuk Bilbon estreinauko dira. Lehen aldiz, Bolivia, Kuba, Errusia, Finlandia, Bulgaria edo Hego Afrikako lanak estreinauko ditue, Serie Digitalen globalizazinoaren eta mugarik bako zabalkundearen adibide argia. Atal horrek Zuzendaritza Onenaren Epaimahaiaren Sari Nagusia emongo dau, hau da, Urrezko Otsoa, txapela eta 1.000 euroko saria. Horrezaz gan, Zidarrezko 19 Otso banatuko dira hainbat kategoriatan, horreen artean 500 euro emongo dituan Serie Onenaren saria. Sarien izena, Bilboko armarriari eta Diego López de Haro sortzaileari egindako erreferentzia da.

Ames atalari jagokonez, lanen ausardia eta orijinaltasuna nagusi izango dituen 45 serie independentez osotutako programazino alternatiboa dakar, eta Brontzezko Otsoa emongo dauen Filmmaker Amets saria banatuko dau. Kontuan hartu atal honetako lanen egileen artean, zuzendaritza onenaren sarirako sei emakume lehiatuko dirala.

Hirugarren atal barritzaileak fikzinozkoak ez diran lan onenak jasoko ditu, eta lehiaketaz kanpoko Euskal Screening atala, bertan egin diran eta Euskal Herriagaz lotutako gaiak lantzen dituen ikus-entzunezkoei dago zuzenduta. Amaitzeko, Trailersection, gero eta garrantzitsuagoak diran etorkizuneko serieen iragarpenei edo aurrerapenei buruzko atal espezifikoa izango da. Inaugurazino Ekitaldian Brontzezko 3 Otso entregauko dira kategoria horretan: Trailer Onena, Trailer Geldiezina eta Ikus-entzuleek Trailerrari emondako Sari barria, jaialdira doazenek gau horretan bertan bozkatutakoa.


Programazinoa

Hogeita bost herrialdetatik datozen eta 20 orduko proiekzinoa hartzen daben ehun serie baino gehiago jasoko ditu jaialdiak, eta hogei herrialdetako 150 profesional baino gehiagoren bisitea. Ikus-entzunezkoen sektoreko izen handiak (Paramount, HBO, Mediapro, Comedy Central, Viacom, Virgein Media, Blackpills, EITB, RTVE…) dagoz produziduteko edo eskaintzeko titulu barrien bila etorriko diran puntako 60 enpresen artean.

Bertako sorkuntza lanen atalean, urriaren 23rako, Otsoen Lurraldean, euskeraz egindako lehenengo serie digitalaren mundu mailako estreinaldia, lehiaketatik kanpokoa, programau da. Joan dan abenduan errodau eban 4Kn A Film To Kill euskal etxeak, Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoagaz. Estreinaldi horretan, lehen aldiz ikusi ahal izango dira pantaila handian lehenengo lau kapituluak, sortzaileen eta talde teknikoaren eta artistikoaren presentziagaz.

Azpimarratzekoa da jaialdiaren laugarren edizino honek sare sozialei eskaintzen deutsen garrantzia, programazinoan zenbait youtuberren eta influencerren presentzia jasoz. Beste jaialdi digital batzuetako zuzendariak be etorriko dira, besteak beste, Realist Web Fest (Errusia), Die Seriale (Alemania), Sicily Web Fest eta Torino Short Film Market (Italia), Miami Web Fest eta Minnesota Web Fest (AEB), Buenos Aires Web Fest (Argentina), Seoul Web Fest (Hego Korea), guztiak ere AC/E (Acción Cultural Española) izenekoari esker gonbidautakoak.


Epaimahaia, sari berezia eta Ohorezko saria

Jaialdiko sariak, ondokoek osotutako Epaimahaiak emongo ditu:

- Csongor Dobrotka: serie digitalen Berlingo Die Seriale lehiaketako zuzendaria.
- Silvia Popescu: HBOko produktorea.
- Martín F. Lapissonde: Buenos Aireseko BAWF Jaialdiko zuzendaria.
- Ainhoa Andraka: Doxa Producciones-eko CEO.
- Koldo Anasagasti: Bainet ekoiztetxeko zuzendaria.
- Zuri Goikoetxea: produktorea.

Azpimarratzekoa da Bilbao Seriesland-ek eta Mediapro taldearen barruko K-2000 euskal etxeak holako jaialdietan Pitch (Proiektu Aurkezpen) Onenari emoten jakon sari nagusia emongo dabela. Irabazleak, serie digital bat egiteko 25.000 euro jasoko ditu eta gitxienez kapitulu bat Euskadin grabau beharko dau. Nazinoarteko zortzi sortzailek diru-kopuru garrantzitsu hori lortzeko eta euren proiektuak errealidade bilakatzeko aurkezpenak egingo ditue.

Beste alde batetik, jaialdiak desagertutako Michael Ajakwe Jr. idazle, zuzendari eta egileari emongo deutso aurten bere Ohorezko Saria. Egin zituan lanen artean, Eve, Happy anniversary, punk! edo Beauty and the Baller dagoz, eta Lawebfest mundu osoan antolatutako lehenengo webserie jaialdia sortu eban Los Angelesen (EE BB). Ajakwe joan dan maiatzaren 31n hil zan, minbiziaren ondorioz.


Kartela


Aurtengo kartela da, ezelako duda barik, jaialdiaren beste elementu deigarrietako bat, Star Wars sagea eta Bilboko Uria bera omentzen dituan estetikeagaz. Aurrean Leia printzesa neskatila lez jantzita, eta txapelgorria, gerrikoa eta abarketak daroezan Jedi zaldun bi alboetan, danak be laserra daben digitalizazino garaiaren aurreko bideo-kamerakaz armauta. Atzean, Gargantuaren etxurako Darth Vader, argizko ezpateagaz, uriko zenbait elementu ikonikogaz batera.

Azken buruan, Seriesland Market dobakoa da baina bertara joateko nahikoa da aurretik izena emotea jaialdiaren webgunean edo mezu elektronikoa bidaltzea info@seriesland.eus helbidera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu