Bardintasunaren eta pentsamendu askatasunaren aldeko irudia Gerediagan
2018-10-17 08:59 KultureaEmakume itxurako siluetearen bidez, orain dala 400 urteko emakumeen kontrako jazarpena gogoratuko dabe.
Bagilaren 9an, Gerediaga Alkarteak antolatutako Merinalde Eguneko ekitaldietan, orain dala 400 urteko sorginkeria salaketak jasan zituenen ondorengoei parkamena eskatu eutsien. Bardintasuna eta pentsamendu askatasuna aldarrikatzeko manifestua be sinatu eben merinaldeko agintariek. Orain, manifestua gogoratzeko irudia jarri dabe Gerediagako zelaian: emakume itxurako siluetea, orain dala lau mende zigortutako izenbako emakumeen gomutan.
Izan be, eleizeak onartuta eukan inkisidoreen txostenak eta sorginkeria bera, gizarte ez jakintsu baten mito, bildur eta abarren ondorioa zirala. Halandabe, Durangoko Merinaldeko agintariek ez eben eleizaren korronte barriakaz bat egin, eta gizarteko uniformetasun sozial, politiko eta erlijiosotik kanpo egozanak zigortzen jarraitu eban.
Azpimarratzekoa da, 1617. urteko irailaren 3an, Durangoko Merinaldeko fidelek (alkateek), Gerediagako Batzarretan batuta, sorginen kontrako neurriak hartzea erabagi ebela. Baina 1618an, Astolako kartzelan sorginkeriagaitik salatuta egozan azken emakumeak askatu zituen.
Hori guztia zuzentzera dator Gerediagako irudi barria, bardintasunaren eta pentsamendu askatasunaren izenean. Beronen inaugurazinoan, eskualdeko erakundeetako ordezkariak, Gerediaga Alkarteko kideak eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui egon dira.
Europako Ondarearen Jardunaldien barruan antolatu dabe ekitaldia. Hurrengo egunetan, ekitaldi gehiago egingo ditu Gerediagak jardunaldion barruan. Barikuan, hilaren 19an, Belen Bengoetxeak eta Jon Irazabalek berbaldia emongo dabe Gerediagan, Sorginen azken hegaldiaren itzalera izenburupean. Ondoren, kontzertua emongo dabe Kepa Junkerak eta Sorginak-ek.
Zapatuan bisitaldi gidatu bi egongo dira Durangaldeko parajeetatik. Bata, Izurtza aldean izango da, bestea Elorrion. Domekan, Iurretan egingo dabe bisitaldi gidatua, Emakumeak eta baserrietako lanak izenburupean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!