Zer asmo daukazu datozen eguenetarako?

Bizkaie! 2018-10-17 08:47   Kulturea

Urriaren 18rako gaia: Elikagaien salmenta zuzena: Nori erosi behar deutsagu jatekoa? 

Uribe Kostakoa eta euskalduna bazara, udagoieneko eguenetarako hitzordua proponiduten deutsu Hiruka-k. Herriz herri, hainbat gai jorratuko doguz, zenbait kasutan olgeta-giroan, abenduaren 13ra arte; bide batez, gure komunikazino-proiektuaren egoerearen barri emongo dogu. Izan be, eskualdeko euskaldunoi Hiruka hurreratzea da kanpainearen helburuetako bat. 2015eko urtarrilean sortu zan proiektua, UK papeleko hamasboskaria eta ukberri.net webgunea batuta. Euskarri bi horreek batu eta etorkizunean irratia be gehitzea izan zan hasierako helburua, nahiz eta irratiaren egitasmoa geldirik dagoan momentuz. Gaur egun papeleko astekaria eta webgunea kaleratzen ditugu, hamar udalerritako informazinoa emonez (Getxo, Leioa, Erandio, Sopela, Berango, Gorliz, Plentzia, Urduliz, Barrika eta Lemoiz), eta bagilean mobikorretarako aplikazinoa ipini genduan martxan, eskualde osoko kultur agendea batzen dauena, astekaria eta webgunea zuzenean irakurteko aukerea emoteaz gan.

Astekariaren tiradea 8.000 alekoa da eta doban banatzen da Uribe Kostako 400 gune ingurutan.

Daborduko egin dogu berbaldi-multzoko lehenengoa: joan dan urriaren 11n Gorlizko Xurrut tabernan batu ginan euskaldunen kultur konsumoaz jarduteko. Alex Ygartua eta Ainhoa Ortells sortzaile eta eragileak izan genduzan gonbidadu; biek ala biek kultur sustapenean erakundeen eta herri-eragileen arteko alkarlanaren garrantzia azpimarratu eben, besteak beste.


Elikadurea eta historiaurrea

Urdulizen eta Barrikan izango dira hurrengo hitzordu biak. Urriaren 18an, Urdulizko Etxeandia garagardaotegian, elikagaien salmentarako hurreko zirkuituez berba egingo dogu, horretan dabilzan hainbat gonbidatugaz: garagardaotegiko ugazaba Jon Etxeandiaz gan, Gabi Basañez Sopelako okela-produktorea, Jabi Peña Algortako esneki-produktorea eta Haizea Bengoetxea Arrietako marmelada egilea izango dira mahaian.

Urriaren 25ean, barriz, jentaurreko alkarrizketea egingo deutso Hiruka-ko kazetari batek Joseba Rios arkeologoari, Barrikako El Rincón tabernan. Azken urteotan inguruan egindako historiaurreko aurkikuntza garrantzitsuen barri emongo dau Riosek.

Hitzordu guztiak arrastiko 19:00etan izango dira, zemendiaren 15ekoa kenduta; egun horretako mahai-ingurua EHUko kazetaritza-fakultadean egingo da, goizez, eta tokiko prentsearen geroa izango dau azterbide.


Hona egitarau osoa:

- Urriak 18: Elikagaien salmenta zuzena: Nori erosi behar deutsagu jatekoa?
Lekua: Etxeandia garagardaotegia (Igeltzera poligonoa, 12), Urduliz
Ordua: 19:00
Gonbidatuak: Jon Etxeandia (garagardaogilea), Gabi Basañez (okela-produktorea), Jabi Peña (esneki-produktorea), Haizea Bengoetxea (marmelada egilea).

- Urriak 25: Jentaurreko alkarrizketea Joseba Rios arkeologoari.
Lekua: El Rincón de Barrika taberna (Udaletxeko bidea, 4), Barrika
Ordua: 19:00

- zemendiak 8: Lan-merkatuaren bilakabidea: Gaurko gazteak jubilau ahal izango dira?
Lekua: Nebarrebak tabernea (Sabino Arana, 20), Berango
Ordua: 19:00
Gonbidatuak: Ainara Luke (Berangoko gazte mobimentua) eta Pensionisten alkarteko kide bat.

- Zemendiak 15: Tokiko kazetaritzaren erronkak.
Lekua: EHUko kazetaritza-fakultatea, Leioa-Erandioko campusa (gela zehazteke)
Ordua: 11:00
Gonbidatuak: Tokikom, EHU, Hiruka.

- Zemendiak 22: Taloa eta sexua: sexologoakaz barriketaldia taloa egiten dogun bitartean.
Lekua: Gautxori kultur taldearen egoitzea (San Jeronimo, 22), Altzaga-Erandio
Ordua: 19:00
Gonbidatuak: Saioa Hernandez (sexologoa), Bea Sever (Chrysallis alkartea), Ziortza Llona (gizarte-integratzailea), Txoko feministea.

- Zemendiak 29: Literatura-tailerra. Deialdi edegia. Joandako guztien artean ipuin bat osotzea izango da erronkea.
Lekua: Goñi Portal (Kale Barria, 2); Plentzia.
Ordua: 19:00

- Abenduak 13: Mahai-ingurua: Zer eragin dau turismoak Uribe Kostan?
Lekua: Plaza Beltza kulturgunea (Loiola Ander Deuna, 40); Larrabasterra (Sopela).
Ordua: 19:00
Gonbidatuak: Oier Kamiruaga (turismoan aditua), Naiara Ibarzabal (Sopelako turismo-zinegotzia), Olatz Arenaza (Sopelako turismo-teknikaria), Andeka Larrea (antropologoa).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu