Bizkaiko Foru Aldundiak Euskaraldiko hamaikakoa aurkeztu dau
2018-10-17 08:04 Euskerea berbagaiHerritarren eta foru beharginen artean euskerearen erabilerea bultzatzea da helburua.
Beste erakunde, alkarte eta taldek egin daben legez, Bizkaiko Foru Aldundiak be osotu dau Euskaraldiaren hamaikakoa. Zemendiaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo dan ariketa sozialean, Aldundiaren ordezkari izango dira horreek hamaika lagunak, euskerearen erabilerearen alde erakunde osoak egingo dauen ahaleginaren erakusgarri.
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia da hamaikakoko kideetako bat, eta Lorea Bilbao Kultura diputadua eta Ana de Castro Euskera zuzendaria be badagoz. Baina askotariko personak dagoz hamaikakoan, kargudunez gan. Esate baterako, Euskera zerbitzuko langile batzuk eta Euskara Batzordeko kideak be horren parte dira. Baita Bizkaiko kulturearen ordezkari esanguratsuak be: Andoni Aldekoa Euskalduna Jauregiko gerentea, Miguel Zugaza Bilboko Arte Eder Museoko zuzendaria, Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Museoko zuzendaria, Sorkunde Aiarza Euskal Museoko zuzendaria eta Ibon Aranbarri BOSeko zuzendari nagusia.
Bilbon, Foru Jauregian, hamaikako horretan egongo diran personek agerraldia egin dabe. Eurakaz batera egon dira komunikabideetako, hezkuntza arloko eta euskalgintzako ordezkariak be. Euskaraldian parte hartzeko deia egin deutse herritarrei, Ahobizi edo Belarriprest legez izena emonda.
Hamaikako hau Euskaraldia bultzatzeko tresna garrantzitsua izango dala adierazo dabe ekitaldian Foru Aldundiko ordezkariek. Erakundeko beharginen zein Bizkaiko herritar guztien artean euskerearen erabileran eragitea da helburua.
Izan be, Bizkaiko Foru Aldundia Euskaraldiaren sustatzaileetako bat izan da hasieratik. Hori dala eta, ekitaldi ugari antolatu ditu ekimenaren barri zabaldu eta alkarlana bilatzeko. Alkarbide bilgunearen bidez Bizkaiko udal eta mankomunidadeetako euskera zerbitzuakaz batera landu dabe hori guztia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!