Sarea-ko 62 antzokiek 300 ikuskizun antolatuko ditue
2018-10-16 11:50 KultureaWebgune barriak horreen eta, oro har, arte eszenikoen inguruko informazino guztia batuko dau.
Gasteizko Principal Antzokian izandako prentsaurrekoan iragarri dabenez, 195 antzezlan, 60 jantza ikuskizun eta umeentzako 45 lan eskainiko dira. Sarea-k, euskal espazio eszeniko gehienak batzen dituan alkarguneak, datozen hilebeteotarako bere programazinoaren barri emon eta, horregaz batera, webgune barria aurkeztu dau. Gasteizko Principal Antzokian izandako prentsaurrekoan, Sarea-koo arduradunek azpimarratu dabe Euskadiko arte eszenikoen erreferentziazko leiho bilakatu nahi dabela webgune hori.
Aurkezpenean, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburordeak, Nekane Basterretxea Sarea-ko koordinatzaileak eta Jose Luis Gonzalez Sarea-ko Zuzendaritza Batzordeko kideak berba egin dabe: Denporaldi barriaren lehen parte honetan Sarea-k batzen dituan antzokien dinamismoa eta programetako gaitasuna islatzen da. Mobimentu azpimarragarria dago Euskadin arte eszenikoen inguruan, eta Sarea-ren webgunea hori guztia erakusteko leihoa izatea nahi geunke, adierazo dau Joxean Muñozek.
Sarea-ko kideek arte eszenikoen denporaldi barriaren lehen parteaz egin dabe berba: Antzerkiz, musikalez, txotxongiloez, jantza klasikoz, jantza garaikidez, zirkoz edota magiaz beteriko ikuskizunak programau doguz Sarea osotzen dogun antzokiok. Urnietako Sarobe Antzokia gehitu ostean, 62 antzoki izango doguz aurten, adierazo dau Jose Luis Gonzalezek. Holan, urritik urtea amaitu bitartean, 300 ikuskizunetik gora programauko dira, horreetatik 195etik gora antzezlan (guztien % 65). Jantza ikuskizunak 60 inguru izango dira eta umeentzako emonaldiak 45 inguru. Publiko honi be aparteko garrantzia emoten deutsagu, umeak eta gazteak izango baitira sektore honi bizirik eutsiko deutsienak etorkizunean, azaldu dau Gonzalezek. Ikuskizun horreekaz, guztira, 660 emonaldi eskainiko dira abenduaren amaierara arte. Azpimarratu dabenez, antzerki emonaldi guztien % 30 euskeraz izango dira.
Sarea-ko arduradunek adierazo dabenez, azpimarratzekoa da euskal konpainien antzerki estreinaldien bira nagusiek izango daben indarra. Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoa izango dabe eta, guztira, 250 emonaldi inguru izango dira. Ondokoak dira horreetako batzuk: Izoztutako haizea bezala (Tanttaka); Go!azen 5.0 (Pausoka); Babo Royal (Ganso Cia); Jule (Hortzmuga); Inondik Inora (Benetan Be); Pinotxo (GluGlu); Ghero (Tartean Teatroa); Zazpiak Bat (ATX Teatroa); Julietas (Markeliñe); Rita arrastoan sartzen (Txalo); Quitamiedos (Kulunka); eta El Inventor de Ilusiones (Mago Sun).
Bestalde, aspaldian estreinau baina oraindino biran dagozan beste zenbait ikuskizunen garrantzia be nabarmendu dabe. Helduentzako ikuskizunen artean Erlauntza, Esto no me lo esperaba (Zanguango), Ez dok hiru (Tartean) edota Moko zorrotza (Txalo) aitatu ditue. Umeentzako ikuskizunen artean, Izar (Marie de Jongh), Jon Braun (Anita Maravillas), Kantukontari (Larressitens), Linbo planeta (Dejabu) edota Lur (Xake) nabarmendu daitekez. Hirugarrenik, jantza ikuskizunei jagokenez, Baserri (Proyecto Larrua) edo Erritu (Kukai) ikuskizunakaz gozau ahal izango dabe ikusleek.
Azkenik, Sarea-ko antzokiek kanpotik datozen hainbat antzerki eta jantza produkzino eskainiko ditue: El funeral, Juntos, Lo mejor de Yllana, Lorca, la correspondencia personal, Moby Dick, Cinco horas con Mario, La maldición de los hombres Marlboro edo Circo de Pulgas.
Nekane Basterretxeak azaldu dauenez, arte eszenikoak zabatzeko tresna garrantzitsua izango da webgune barria, bai sektoreari, bai gizarteari begira. Erreferentziazko gune horren helburuak honako honeekk izango dira: Antzerkigintzea eta jantzarako leiho bat izatea; sektorearen aldetik aspalditik datorren eskaereari erantzutea; arte eszenikoen ikusgaitasuna sustatzea; plaza birtual bat izatea, sektorearen erronkak, nahiak eta lana erakutsiko dituana.
Webgunearen atal nagusietako bat Agendea da. Abian dagoan leiho barri honen funtzionamendua Kulturklik-egaz koordinauta dago eta, ondorioz, antzerki, jantza eta musika programazio guztia jarten dau herritarren esku. Bilaketak hainbat aldagairen arabera egiteko aukerea eskaintzen dau: udalerria, data, generoa edota hizkuntzea.
Ikuskizunak atalak tresna bi jarri ditu erabiltzaileen esku:
Euskal eskaintza eszenikoaren katalogoa: Euskal antzerki eta jantza konpainia profesionalen produkzinoak jaso ditu. Fitxa batean ikuskizun bakotxaren alderdi nagusienak adierazoten dira: sinopsia, koadro artistikoa, behar teknikoak, material multimedia (argazkiak, bideoak...), etab.
Katalogo gomendatua: Sarea-ko batzorde artistikoak aukeratutako antzerki eta jantza ikuskizunak jaso ditu. Ikuskizun bakotxak bere informazinoa-fitxea dauka, baina kasu honetan batzordeak egindako iruzkin baloratiboa gehitzen jako.
Horrezaz gan, honako atal honeek be jaso ditu webgune barriak:
Konpainiak: Euskadiko antzerki eta jantza konpainia profesionalen direktorioa da. Konpainia bakotxak infomazino-fitxa bat dauka. Sarea-n emonaldirik programauta izan ezkero, fitxa horretan adierazoko da.
Antzokiak: Sarea osotzen daben 62 areto eta antzokien direktorioa da; konpainien kasuan legez, informazino-fitxea dauka antzoki bakotxak. Antzokien agendea be ikusgai dago.
Albisteak: Arte eszenikoen eremuko intereseko barriak jasoten ditu.
Zer da sarea: Sarea-ren ganeko informazino zehatzagoa jasoteko aukerea eskaintzen dau, bai konpainientzako bai gizartearentzako oro har. Sarea-k egindako txostenak eskuratzeko aukerea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!