Bilbon laster hasiko da 'Elipsiak' arte eszenikoen zikloa

Bizkaie! 2018-10-16 11:16   Kulturea

Elipsiak zikloak proposamen koreografikoak erakutsiko ditu urriaren 17tik aurrera.

Azkuna Zentroak, Bilboko Udaleko diziplina anitzeko arte, aisia eta kultura Zentroak, antolatutako Elipsiak arte eszenikoen zikloan Isabel de Naveran da komisarioa eta proposamen koreografikoak erakutsiko ditu gorputz-transmisinoaz, ahozkotasunaz eta transferentzia fisikoaren eta presentziaren ideiez hausnartzeko. Urrian eta zemendian zehar jantzakaz hiru hitzordu egongo dira Aimar Pérez Galí, Ola Maciejewska eta Nazario Díaz artisten eskutik.

Hitzorduak urriaren 17an eta zemendiaren 8 eta 29an izango dira. Sarrerak Azkuna Zentroko webgunean dagoz eskuragai, saio bakotxeko prezioa 8 eurokoa da (6 euro Az txartelagaz).

- Aimar Pérez Galí: A Post-Believe Manifesto: Delta & Accumulating, urriaren 17an, 20:00retan.

A Post-Believe Manifesto New Yorkeko Judson Dance Theatre kolektiboko koreografo postmodernoen konposizino-metodologiak barrikusten dituan programa bikotxa da, eta beste diziplina batzuekaz buztartzen ditu, besteak beste, musikeagaz eta arte bisualakaz.

Delta
, barriz, 70eko hamarkadako Lucinda Childs, Sol LeWitt eta antzeko sortzaile minimalisten arloari jarraitzen deutson partitura koreografikoa da.


- Ola Maciejewska: Loie Fuller: Research, zemendiaren 8an, 20:00retan.

Loie Fuller: Research lanean, Ola Maciejewska koreografoak modu kritikoan bereganatu dau Loie Fuller-ek (Illinois, 1862-Paris, 1928) asmautako soineko jantzaria; jantzako artisten artean modernismoko barritzaileenetako eta ezagunenetako bat izan zan.

Loie Fuller: Research olgetan dabil etenbarik eraldatzen diran formak eta egoerak antolatzen. Ikusleen aurrean zabaltzen dan ariketa-segida bat da, eskultorikoa (soinekoa) eta ha zizelkatzen dauen personak harremanetan jartzen dituena. Ez dau gauzakazko harreman fisikoa indartu nahi; harreman hori ikusgarri bihurtzen daben formak bideratu nahi ditu. Formea jasoten dauen materiaren mobimentua estimuletako gorputz-praktika bat da, giza gorputzaren eta objektuaren arteko harremanaren emoitza legez azaleratzen dan mobimentua.


- Nazario Díaz: Háblame, cuerpo, zemendiaren 29an, 20:00retan.

Háblame, cuerpo Nazario Diazek 2016an hasitako Looking for Pepe azterlanaren zati bat da. Looking for Pepe Pepe Espaliú (1955-1993) Kordobako artistearen figuratik abiatzen da, eta gorputza, hizkuntzea eta lurraldearen inguruko ikerketa-sorta bat zabaltzen dau. Háblame, cuerpo proiektuaren fase bat da, gorputzak oraindino topau bako egoera bat eragiten dauena. 1994an, Sevillako Mudéjar Pabilioian Espaliúren omenez egindako erakusketarako, HIESaren birusaren eraginez ha hil eta urtebete geroago, Juan Vicente Aliagak idatzitako testutik hartua dau izenburua.

Háblame, cuerpo interesa daben ikusleen aurrean iraupen jakin bateko ekintza legez aurkezten da, baina azterlan moduan irauten dau, presentziak aterpetu dituen presentzien lekutzat, etenbarik aldatzen dagoan topagune bat, gorputzari berba eginarazo nahi deutsona, nahiz eta hori ez izan berba egiten dauen gorputza, haren erresonantzia-lekua baino.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu