XVIII. Zientzia Astean izena emon leikie ikastetxeek

Bizkaie! 2018-10-16 10:23   Kulturea

Bisitaldietan, esperimentuetan eta erakustaldietan hartu ahal izango dabe parte gazteek.

Asteon zabaldu dabe 2018ko Zientzia Astean izena emoteko epea, DBH eta Batxilergoko ikastetxeentzat. Webgunearen bidez egin leitekez erreserbak, baina, edozein kasutan, gehienez 15 ikasleko taldeak onartuko ditue eskabide bakotxean. Lekua egon ezkero, izena emotean izandako hurrenkerea errespetauko dabe antolatzaileek, lehentasuna zein talderi emon jakiteko.

Zientzia Astean txokoak egongo dira eta ikastetxeetarako ibilbide pedagogikoak antolatuko dira guztietan. Ibilbideotan, txokoetako adituek gidatutako esperimentuak, jolasak, erakustaldiak eta abar egingo ditue gazteek, euskeraz eta gaztelaniaz. Jarduera erraz, entretenigarri eta ulergarriak izango dira, ikasleak zientziaren eta teknologiaren mundura erakarteko asmoz.

DBH eta Batxilergoko ikasleentzako bisitak zemendiaren 7, 8 eta 9an egin ahal izango dira Bilbon, Barakaldon eta Eibarren, eta hil horren 8an eta 9an Donostian eta Gasteizen. Ordutegia honakoa izango da: goizez 9:30etik 14:00etara, eta arratsaldez 15:30etik 17:00etara.

Zientzia Astea ekitaldi ludiko eta pedagogikoa da, eta ekimen horren bidez, EHUk gizarteari zientzia hurreratu nahi deutso, ume, gazte zein helduen jakinmina biztuta. Zemendiaren 7tik 11ra bitartean Bilbon, Eibarren eta Barakaldon egingo da XVIII. Zientzia Astea, zemendiaren 8tik 10era Donostian, eta zemendiaren 8tik 11ra Gasteizen. Bilbon, Bizkaia Aretoan izango da; Barakaldon, Clara Campoamor Zentro Zibikoan; Donostian, Tabakaleran; Eibarren, Portalea Kultura Etxean, eta, Gasteizen, Bibat Museoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu