II. Irudika Gasteizen egingo da urriaren 18tik 20ra

Bizkaie! 2018-10-15 13:29   Kulturea

Euskal Irudigileak, Euskadiko Ilustratzaileen Alkarte Profesionalak antolatzen ditu jardunaldiak.

2017ko erantzun handiko edizinoaren ondoren, euskal lurretan egindako Irudika, Ilustrazinoaren Nazinoarteko Topaketa Profesionalak ezagutzera emon ditu bigarren edizinoko kartela eta gonbidatuak. Euskal Irudigileak, Euskadiko Ilustratzaileen Alkarte Profesionalak antolatzen ditu jardunaldiak Euskadiko ilustrazino sektorearen eta industriaren erakusleiho izateko nazinoartean.

Gaur goizean Gasteizeko Artium Museoan egindako aurkezpen ekitaldian izan dira Joxean Muñoz, Eusko Jaurlaritzako Kutura sailburuordea, Igone Martínez de Luna, Euskera, Kultura eta Kirol saileko Foru Diputadua, Nerea Melgosa, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzia; eta Elisabeth Pérez, Irudikaren zuzendaria eta Euskal Irudigileak Alkartearen presidentea.

Bigarren urte honetako barritasun garrantzitsuena da mahai-inguruetako moderatzaileak munduko Liburu Azoka ezagunenak antolatzen dituen hiru herrialdeetatikk ekarriko dituela; esangura horretan, Irudika jaialdian parte hartuko dabe Guadalajarako Liburu Azoka (Mexiko), Frankfurt Buchmesse (Alemania) eta Bologna Children’s Book Fair (Italia) azoketako hiru agentek. Aukera parebakoa izango da euren lana aurkezteko, eta aldi berean Euskadiko zein Estaduko ilustrazino arteagaz bat egiteko, networking gune bat egongo baita hitzorduak finkatzeko eta azoketara hizlari, tailer-emoile eta jarduera-antolatzaile legez eroan nahi dituen talentuak aukeratzeko.

Topaketan aurreko edizinoko lau ekintza arloak errespetauko dira, baina aurten jardunaldi bat gehiago izango da Ilustrazinoaren Sektore Paraleloak lantzeko:

Sektore Paraleloak:

2018. urte honetan Irudikak jardunaldi bat eskainiko deutse ilustrazinoaz elikatzen diran sektore paraleloei; zinemea, animazino, musika, diseinu grafiko eta bideojokoen sektoreetako profesionalek euren proiektuetan nahastautako ilustratzaileakaz batera, berbaldiak eskaintzeko. Jardunaldi horretarako sarrerea aparte salduko da, askoz publiko zabalagoari zuzenduta dagoalako. Horregaitik jardunaldia ez da egingo Artiumeko auditorioan, 400 lagunentzako lekua dauen Ekialde Goikoa Aretoan baino. Berbaldiak agertoki bitan emongo dira, agertoki bat erabilten dagozan bitartean bestea atontzen ibiliko baitira. Beraz, lau gairi buruzko eta hainbat sektoretako hitzaldiak entzun ahal izango dira arratsaldeko 16:00etatik gaueko 22:00etara.


Eztabaidak eta mahai-inguruak:

Hiruna hizlariko hiru txanda egingo dira, alkarregaz editautako lan baten inguruan; holan, denpora guztian egongo dira Euskadiko profesional bat, editore bat eta ilustratzaile bat. Hirurek egingo dabe berba alkar batzen dituen proiektu bati buruz, eta nor bere lanbidearen ikuspegitik lan editorialaren esperientzia azalduko dabe 360 graduko ikuspegiagaz.

 
Hitzorduak eta alkarrizketa profesionalak (networking):

Ilustratzaileek hitzorduak zehaztu leikiez editorial eta profesionalakaz, euren portfolioa hobetzeko zein lan-akordioak zarratzeko. Networking gune bat atonduko da ilustrazinoaz elikatzen diran sektoreetako profesionalentzat: publizidadea eta agentziak, animazinozko produkzino-etxeak, aldizkariak eta prentsa, editorialak eta diseinu grafikoko estudioak edo arte grafikoakaz lan egiten daben enpresak.


Tailerrak:

Irudika jaialdian 5 tailer sekretu egingo dira. Aprobetxauko da geure artean izango dirala nazinoarteko hainbat hizlari euren denporea eskaintzeko prest, praktikea baita esperientziak trukatzeko modurik onena, ikaskuntza teoriko, hitzaldi eta eztabaidez gan.


Lehiaketak eta egoitza artistikoa:

Sorkuntzeari laguntzeko asmoz, eta etorkizunera begira, ilustrazino eta animazino lehiaketa bi antolatuko dira Irudika jaialdiaren barruan, eta sarituek Gasteiz, Bilbaoarte eta La Maison des Auteurs d’Angoulême artean egingo dan egoitza artistiko bana irabaziko dabe.


Mahai-inguruak holan osotuko dira:

- ALEMANIA: Frankfurt Buchmesse - MARIFE BOIX: Presidenteordea. Katrin Stangl / Monika Bilnstein (Peter Hammer Verlag editoriala) / Pello Elzaburu (Pamiela editoriala).

- MEXIKO: FIL Guadalajara - RUBÉN PADILLA: Profesionalen koordinatzailea. Leire Urbeltz / Gabriel Pacheco / Peggy Espinosa (Petra Ediciones).

- ITALIA: Bologna Children’s Bookfair: ELENA PASOLI - Exhibition manager. Iban Barrenetxea / Arianna Squilloni (A Buen Paso) / Anna Castagnoli

Euskal Irudigileak-Euskadiko Ilustratzaileen Alkarte Profesionalak antolatzen dau Irudika jaialdia eta Eusko Jaurlaritzea, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala eta Artium Museoa ditu babesle.


Kontuak kontu, izena emotea eta prezioak: Eskuragarri irudika.eus eta entradium.com web orrietan.

Sektore Paraleloak (urriak 18): 20€
Irudika (urriak 19-20): 70€ Euskal Irudigileak Alkarteko bazkideentzat / 80€ bazkide ez diranentzat.

Irudika + Sektore Paraleloak: 85€ Euskal Irudigileak Alkarteko bazkideentzat / 95€ bazkide ez diranentzat.

Azken buruan, Sektore Paraleloen jardunaldirako sarrereagaz posible izango da hitzordu profesionalak adostea zinema/animazino/musika/antzerki/bideojoko sektoreetako gonbidatuakaz. Hitzordu horreek urriaren 18ko jardunaldiaren biharamun goizean egingo dira, hau da, urriaren 19an. Sarrera horregaz posible izango da asteburu osoan eskainiko diran berbaldiak streaming bidez ikustea museoan bertan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu