Euskal editoreek 300 titulu eroan ditue Frankfurteko Nazinoarteko Liburu Azokara

Bizkaie! 2018-10-15 11:10   Kulturea

Mundu osoko argitaletxeen presentzian nazinoarteko liburu-azokarik garrantzitsuena da Frankfurt-ekoa.

Euskal argitaletxeak oso presente egon dira Frankfurteko Nazinoarteko Liburu Azokearen 70. edizinoan, Eusko Jaurlaritzearen lankidetzeari esker. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesagaz, Euskadiko Editoreen Alkarteak, Euskal Editoreen Alkarteak eta Euskal Irudigileak Alkarteak stand bi izan ditue nazinoarteko azokan, eta euskerazko eta gaztelaniazko 300 titulu baino gehiago eroan ditue bertara. Euskadiko Editoreen Alkarteak eta Euskal Editoreen Alkarteak erakusmahai bat konpartidu dabe eta 280 titulu eroan ditue azokara, euskeraz zein gaztelaniaz. Euskal Irudigileak taldeak beste gunebat izan dau, eta 75 sortzaileren autoedizinoak izan ditue han. Frankfurteko liburu-azokea da eskubide-salerosketan eta mundu osoko argitaletxeen presentzian nazinoarteko liburu-azokarik garrantzitsuena.

Izen handiko azoka honek pasa dan eguenean edegi zituan ateak eta atzora arte zabalik egon zan; Georgia izan da aurtengo herrialde gonbidatua. Euskal editoreen standean 14 argitaletxe batu dira, eta guztira 280 titulu izan dira ikusgai. Kontuak kontu, stand hori Euskadiko liburuaren sektorearen informazino-puntu bihurtu da, eta euskal edizinoaren sustapenerako erreferentzia, beste hizkuntza batzuetara itzul daiten. Era berean, euskal editoreek egiten dituen bileretarako topalekua izan da.

Bestalde, Euskal Irudigileak Alkarteak stand bereizi bat izan dau Frankfurten eta 75 sortzaileren autoedizinoak zein 10 bat argitaletxe alternatibo izan dira han, fanzineak, album ilustratuak eta bestelako argitalpenak aurkeztuz.

Frankfurteko azokeak mundu osoko argitaletxeak ezagutzeko aukerea eskaintzen dau, baita edizinoaren arloko azken jokerak ezagutzeko aukerea bere, eta hori oinarrizkoa da euskal argitaletxeek barrikuntzak eta negozio-aukera barriak ezagutzeko. Etxepare Institutuak presentzia adierazgarria izan dau standean, euskerearen esparruaz kanpoko itzulpenetarako Institutuak eskainitako laguntzen barri emoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu